URTEKO 34. IGANDEA C
KRISTO ERREGE EGUNA (2016-11-20)
SARRERA
Senideok, igandez igande, Nazareteko Jesus izan da gure ospakizunetan erdigune. Jesus izan da burua, bihotza, ahoa, eskuak..
Gaurko jai honetan, Jesus ez da soilik Nazareten jaio eta han bizi izan zen judu hura; ez da soilik Galilean, Samarian eta Judean hitz egiten, jendea sendatzen, jendeari ogia ematen ibili zen judu hura.
Gaurko jai honetan, Jesus Munduko Erregea dela adierazten dugu. Baina haren erregetza ez da mundu honetan ezagutzen ditugun erregeen erregetza bezalakoa. «Nire erregetza ez da mundu honetakoa», esan dio Jesusek Pilatori.
Ez da bere burua salbatzeko boterea erabiltzen duen erregea, baizik gizadia osoa salbatzeko da erregea, zu eta ni barne salbatzeko. Errege honen aurrean, apal eta itxuraz garaitua izan den honen aurrean, Joan hogeita hirugarrena dohatsuak, bere Arima baten Egunerokoa liburuan, hau idatzi zuen artean oso gaztea zela:
«Gora, o Kristo Erregea! Guduan borroka egitera gonbidatzen nauzu, eta ez dut galdu nahi minutu bat ere. Neure hogei urte hauek ematen didaten adoreaz, eta zure graziari esker, gogotik eman nahi dut izena zureen zerrendan. Zure zerbitzura sagaratu nahi dut neure burua, bizitzarako eta heriotzarako. Zeure gurutzea eskaini didazu ikur bezala eta gerlarako arma bezala. Garaitezina den arma honetan neure eskuina ezarririk, hitz ematen dizut eta zin egiten, gaztetako neure maitasun oldartsu guztiarekin, guztiz leial izango naizela hil arte. Horrela, Zuk zerbitzari ninduzun honek zure ikurra hartzen du, zure ezpata jartzen gerrian, harro hartzen du Kristoren Zaldun izena. Emadazu soldadu baten bihotza, zaldun baten adorea, o Jesus!, eta zeurekin izango nauzu bizitzako une latzetan, sakrifizioetan, probaldietan, borrokan; zeurekin izango nauzu garaipenean».
Lagundu gaitzala bide berean Joan aita santu doahtsuak. Lagundu gaitzala bere erregetza gurutzean aldarrikatu duen Jesusek.
LEHENENGO IRAKURGAIA Samuelen bigarren liburutik (5,1-3)
Maila politikoan harturik, 2 Samuel liburu honek David erregearen defentsa itsua egin nahi du. Saulen kontra gerra egin du Davidek eta, Saulen gainetik herriak ontzat hartuko bazuen, manifestu baten beharra zuen Davidek.
Gerora, ordea, Daviden erregetzaren alderdi erlijiosoa azpimarratu zuten liburu sakratuek, esaera hau gogoratuz: «Jaunak hitzeman dizu: “Zu izango zara nire herriaren artzaina”».
Guretzat, Kristo Erregearen aitzindari da David. Hobeto esan, Jesu Kristoren sinbolo da. Jesu Kristo gertatu da herriaren egiazko artzain.
Senideok, esku on-onetan gaude. Artzain ona da Jesu Kristo. Ez du behartzen inor norberaren gogoz kontra. Baina ez du inor bazter uzten, nahiz norbaitek bera bazter utzi.
BIGARREN IRAKURGAIA Kolosarrei egindako gutunetik (1,12-20)
Entzungo dugun irakurgai hau gorazarre bat da. Jesu Kristori edo Jainkoari egindako gorazarre honetan, Jainkoak gugatik egin dituen gauza bikainak goratzen eta eskertzen ditugu.
Gaurko honetan Jesu Kristo goratzen eta eskertzen dugu. Lehenengo zatian, gure kreatzailea delako. Bigarren zatian, gu eta izadi guztia Jainkoarekin adiskidetu gaituelako.
Kreatzailea da Jesu Kristo. Nahiz gizon egin den, ez da beste gizon-emakumeen pare-parekoa. Lehen sortua da Jesus. Esan nahi da, duintasun berezia duela.
Bestetik, birradiskide egin gaitu Jainkoarekin. Jainkoaren eta gizakiaren arteko egoera berri hori, batez ere, Jesusengan beragan gertatu da: seme maitea eta kutuna da Jesus.
Baina, Jesusen arrimoan, gizon-emakume guztiok lortu dugu adiskidetasun-egoera berri hori. Lehen ilunpean bizi ginenok, Jesusek ekarri digun argira igaro gara. Zorionekoak gu, argi horrek pozten bagaitu.
EBANJELIOA San Lukasen liburutik (23,35-43)
Lukasek askotan hitz egiten digu bi alde kontrajarri agertuz. Adibidez, Marta eta Maria, aita on-ona eta bi semeak, Epulon aberatsa eta Lazaro pobrea. Gaurkoan, gurutzean josi dituzten Jesus eta bi lapurrak agertzen dizkigu; gurutzean Jesus iraindu duen gaizkilea eta Jesusengan sinetsi duena.
Batak, Jesusi eskatu dio gogora dadila beraz paradisuan. Bestea kontra ari zaio Jesusi. Bata alde, bestea kontra.
Bi jarrera horiek gurutzearen inguruan den jendearen erreakzioa adierazten dute. Gehienak Jesusen kontra ari dira, modu batean edo bestean. Gutxi batzuk negarrez ari dira Jesus gurutzean ikustean.
Honetan datza paradisua: Jesusekin bat egitean, hemen eta gaur; beste munduaren zain egon gabe. Lukasek «gaur» hitza azpimarratu du: «Gaur nirekin paradisuan izango zara». Guretzat ere hori bera: «gaur nirekin paradisuan». Ez dugu zertan egon geroko baten zain.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Gure herriko agintarien alde: beren arteko aldeak eta diferentziak alde batera utzirik, herriaren onaren bila saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristau guztien alde: batek eta bestek egindako eskaintzei antzematen jakin dezagun; ona eta txarra bereizten jakin dezagun; ilunetik argira benetan igaro gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Munduan diren gerlak behingoz buka daitezen, bakearen erregetza sortzera etorri den Jesusen pentsaerari jarraituz. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduko gizon-emakume guztien alde: Jesusen erregetzaren ezaugarriak ezagutu eta haien arabera bizitzen saia gaitezen: egia, bizia, zuzentasuna, maitasuna eta bakea. Eska diezaiogun Jaunari.