Urteko 34. ig. B KRISTO ERREGEA 2015-11-22
HOMILIA
Anai-arrebok!
Poz handiaz ospatzen dugu gaur Kristo Erregearen eguna. Nor ez da alaitzen maite duen pertsona bat aintzaz betea ikustean? Baina ez da hori bakarrik: Kristo aintzatsu sentitzeak, geure aintza sentiarazten digu.
Senideok, poztu gaitezen benetan. Kristo berpiztua munduan Errege izateak eta sentitzeak, geure zoriona eta aintza sentiarazten dizkigu.
Baina zer errege mota da Kristo? Zer-nolako erregetza ospatzen dugu gaur? Elizaren historian ez da beti ikusi oso garbi Kristoren erregetza.
Kristo Erregearen jai hau ez da oso aspaldikoa. Halere, aspaldidanik ohoratu izan da Kristo errege. Esaterako, hor ditugu, Jainkoa ez ezik, Kristo ere Pantokrator bezala azaltzen dituzten irudi ederrak, ekialdeko Elizakoak. Bidenabar esan dezagun, aro modernoagoko Kristoren estanpa itsusiak baino egiazkoagoak direla, eta, jakina, ederragoak. Aipatu Pantokrator irudi horiek Jesus Jaun bezala adierazten dute, eta ez jauntxo bezala. Benetan den bezala agertzen dute. Goratasun apalez agertzen dute.
Baina, hona. Munduko lehen gerrateak milioika hildako utzi zituen ondaretzat. Gerratea bukatu eta laster, Europak egoera kezkagarria bizi zuen: Errusian erregimen komunista ezarri zuten, 1917an; Italian Mussolini faxista jaiki zen, 1922an; Alemanian Hitler, 1923an; Europa osoan langabezia eta gatazka soziala oso gogor agertu ziren.
Panorama horren aurrean, arazo guztien panazea bezala Kristo Erregearen Jaia eratu zuen Pio XI.ak 1925ean. Panazea bezala esatean, hau esan nahi da: eliz erakundeari berraitortu nahi izan zitzaion mundu guztiaren gaineko boterea; galdua zuen botere politikoa berreskuratu nahia. Jakina, beste garai batzuk ziren.
Vatikano II.a kontzilioa etorri zenerako, beste ikuspegi bat bizi zen Elizan; teologian bederen, bai Kristoren Erregetzaz, bai Elizaz. Elizaren egitekoa ez zen eta ez da politika zehatz batean jardutea. Kristoren Erregetzaz beste ikuspegi bat agertu zen Ebanjelioa sakonago eta bizikiago aztertzean eta bizitzean.
Ebanjelioaren arabera, Jesus ez zen agertu Erromako Enperadorearen alternatiba bezala. Jesus ez zen agertu Israel herria erromatarren mendetik aterako zuen Mesias bezala. «Nire erregetza ez da mundu honetakoa», esan zion Jesusek Pilatori. Beste behin, ogien ugalketa egin zuen batean, antzemanik jendeak errege deklaratu nahi zuela, Jesusek mendira alde egin zuen.
Hala, Vatikano II.a kontzilioak, goitik behera aldatu zuen Kristo Erregearen jai honen esanahia. 1925ean jaia eratzean, Pio XI.ak urrian jarri zuen ospatzeko eguna. Vatikano II.aren ondoren, 1970ean, aldatu egin zuten egunaz. Hain zuzen ere, urte liturgikoaren azken igandera pasatu zuten. Hauxe adierazi nahi zen: Abendualdian espero izandako Mesias hura, Andre Mariagandik jaiotako Jesus hura, Jainkoaren Erreinua hots egiten ibili zen Jesus hura, gurutzean josi eta hil zuten baina zeruko Aitak berpiztu zuen Jesus hura aintzatsu dagoela Aitaren eskuinaldean, eta halere gizon-emakumeoz arduratzen jarraitzen duela; ez fisikoki, baina bai fisiko berak bidali duen Espirituaren eraginez Jainkoaren Erreinua hots egiten jarraitzen duten borondate oneko gizon-emakumeen bidez. Horrelakoa da Jesus Pantokratorra. Horrelako da Kristo Erregea. Ez da bere mendean soldadu-pila bat duen jenerala, baizik gizon-emakumeen zerbitzaria. Gurutzean hil aurretik, bera fisikoki bizi eta agertu zen zerbitzari; berpiztu ondoren, berak arnasten dituen borondate oneko gizon-emakumeen bidez ageri da zerbitzari.
Senideok, Jesus bere mundualdian on eginez eta zerbitzari bizi izan zen bezala, saia gaitezen geure mundualdia on eginez eta zerbitzari bizitzen. Jakinik, Jesusen erregetzan eta aintzan partaide zoriontsu izango garela egun batean. Lagundu gaitzala Kristo Erregearen Espirituak.
Dionisio Amundarain