URTEKO 34. IGANDEA A (KRISTO ERREGEA) 2017-11-26
SARRERA
Senideok, urte liturgikoan, azken igandera iritsi gara. Kristo Errege eguna ospatzen dugu gaur. Datorren igandean Abendualdia hasiko dugu; Mariagandik jaio den Jesusen etorrerako prestaketa.
Gaur liturgiaren lerro-buruak dio: «Jesu Kristo, Unibertsoaren Erregea»; alabaina, lehenengo irakurgaia artzain onaz mintzo da; ebanjelioa, berriz, mundu honetan behartsu direnei laguntzera eragiten digun Jainkoaz. Esan nahi da, Kristoren Erregetza ez dela mundu honetako erregeena bezalakoa. Zorionez!
Horrenbestez, Kristori errege izena ematea, bai berez, bai egungo gizarte-giroan, gauza aski bitxia eta arrotza gertatuko da. Alde batetik, jai hau 1925ean sortu zuen Pio XI.a aita santuak. Kristori errege izena ezartzean, beste ideia bat zuen azpian. Eliz hierarkiak galdua zuen aspaldidanik, Erdi Aroaz geroztik edo, bizi izan zuen boterea munduan. Eta, jai hau aldarrikatzean, horixe zuen buruan: Elizari botere hura aitortua izatea gaur oraino, eliz hierarkia izan zedila mundu osoan gobernu guztien erreferentzia nagusia. Jakina, Vatikano II.a kontzilioaz gero, teoriaz bederen, asko leundu da botere-nahi hori; ez Kristori, ez eliz hierarkiari dagokio horrelako botererik.. Bestetik, egokiagoa izango genuke beste izen bat erabiltzea: dela Jainkoak duen asmo salbatzailea, dela Jainkoaren utopia. Halere, nekez aldatu ahal izango dugu hain sustraitua dagoen «erreinu» termino hori; baina geure barnean ahalegin handia egin beharko dugu, hitz horrekin zer esan nahi dugu pentsatzeko; gaurko Mezako prefazioak argibide handia emango digu alde horretatik (prefazioak «erreinua» esaten duen puntuan «egitasmoa» ipini dut segidako honetan): Jainko Jauna «zuri emateko mugarik ez duen betiko egitasmoa, egiaren eta biziaren egitasmoa, santutasunaren eta graziaren egitasmoa, zuzentasunaren, maitasunaren eta bakearen egitasmoa: egitasmo betea»..
Horrenbestez, lehenengo irakurgaian Jainkoak ageri duen asmoa bete dela aitortzen dugu: Jainkoa bera izango dela gizon-emakume guztien artzain ona
Ebanjelioan Jesusek goratzen duen laguntza, gaixo, kartzelan, egarri, pobre direnen zori gaiztoa aldatzeko laguntza, bete dela aitortzen dugu.
LEHENENGO IRAKURGAIA Ezekiel profetaren liburutik (34,11-12.15-17)
Ezekiel profetak aldi latzak bizi izan zituen. Erbestean egin behar izan zuen bizitzaldi luzea. Halere, bere bizitzako bigarren zatian, erbestean, esperantzaren profeta bihurtu zen.
Gaurko pasarte honen aurreko zatian, sasi-artzainen jokabidea salatu beharrean gertatu da. Esaten du: «zori txarrekoak beren burua bazkatzen duten Israelgo artzainak!» (34,2); «ardikiz elikatzen zarete, artilez janzten eta arkume ederrenak hiltzen dituzue, baina ez duzue artaldea zaintzen» (34,3).
Horregatik, aurrerantzean Jainkoa bera izango da artzaina. Lurreko artzainak ez bezala, bere herriaz modu finean arduratuko da Jainkoa: ardien bila ibiliko da, ardi galduen arrastoari jarraituko dio, zainduko ditu, larrera emango, loaraziko, bilduko, zauriak sendatuko, gordeko.
Hor aurki genezake giltza gaurko ebanjelioa zuzen ulertzeko: Jainkoa bera, Jesus bera izango da gure artzaina. Eta Jesus bera izango dugu epailea, eta ez beste inor. Epaile izango denean ere artzain on izango da.
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik (15,20-26.28)
Paulok korintoarren galdera bati erantzun nahi dio; kezkaturik dabiltza haiek hildakoen zoriaz. Erantzuna argia eta soila da: Kristo piztu da; beraz, gu ere piztuko gara. Kristo izan da lehen piztua; ez bakarrik aldiari dagokionez; horrez gain, berpiztu den Jesus hori gure piztueraren kausa eta eragilea da. Hasikina da Kristo. Harengan gaude gu guztiok, arbola baten hazian geroko arbola osoa dagoen bezala.
Kristo da lehena esatean, ez gagozkio denborazko lehentasunari, baizik izaerazkoari: harengan dago, hazi batean bezala, gure bizia, gure salbazioa, gure piztuera. Zehazkiago esanda, harengan daude gure handitasuna eta ahuldadea, harengan gure pentsaera funtsezkoa, gure desira funtsezkoa, gure gogo funtsezkoa, gure maitasuna, gure esperantza. Gogoan izan dezagun Urteko VII. Prefazioan aitortzen dugun hau: «zeure Semeagan maite zenuena gugan ere maitatzeko, Jesusek, zure antzeko izanik, eskuratu dizkigu berriro, guk, zure esaneko ez izateagatik, galduak genituen ondasunak».
EBANJELIOA San Mateoren liburutik (25,31-46)
Juduek uste zuten Jainkoren gustuko zirela berak, baina ez paganoak. Mateo ebanjelariak beste ikuspegi bat eta beste irizpide bat aitortzen dizkio Jainkoari, judu haienak ez bezalakoak, oso bestelakoak: gizarteko jende ahulaz arduratzen diren haiek dira Jainkoaren gustuko.
Esan liteke, gaurko parabola honek ez lukeela azalpen handiren beharrik. Halere, kontuan hartu behar da hizkuntza eskatologikoa darabilela, eta ezin dela hitzez hitz hartu. Jainkoaren egitasmoaren barneko kide izateko zer behar den agertzen digu: Jainkoaren zerbitzari izan behar da, baina beharrean den jendearen zerbitzari izanez.
Azken batean, azken egun hartan, epailearen irizpidea eta neurgailua, maitasuna izango da. Eta ez mundu honetako erreinuko edo errepublikako edo beste edozein erregimenetako irizpidea. Agertu eta bizi izan duzun maitasunaren arabera hartuko zaitu Jesus onak
Eta honetan datza benetako maitasuna: «Nire senide apal hauetakoren bati egin zeniotena, neuri egin zenidaten». Arratsean, maitasuna bizi izan duzun ala ez aztertuko zaituzte, dio Gurutzeko Joan Santuak. Eta Agustin handiak: Maitatu, eta egizu nahi duzuna.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau guztien alde: geure ahoan eta egintzetan, beti, esperantza agertu eta erein dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Modu berezian gaixoei, presoei, etorkinei eta langabetuei laguntzen ari direnen alde: Jainkoak maite-maite dituela agertuz bizi daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Munduan boterea, dirua eta agintea dutenen alde: jabetu daitezen, Jainkoak maite dituela berak ere, eta maitasun horri erantzutean datzala gizakiaren duintasuna, handitasuna eta zoramena. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Garai batean katolizismoak bezalatsu, gaur egun estatu konfesionalak, gurutzada santuak, errepublika erlijiosoak sustatu eta eraiki nahian dabiltzan erlijioentzat; uler dezatela Jainkoa, edozein izen ematen zaiola ere, maitasunaren Jainkoa dela. Eska diezaiogun Jaunari.