URTEKO 33. IGANDEA C 2016-11-13
SARRERA
Anai-arrebok, joan den igandean esan bezala, gaurkoan ere gure historiaren azkenari begira jartzen gaituzte irakurgaiek. Alabaina, munduaren azkena, bakoitzarentzat, zeruko Aitaren altzora joatean gertatuko da.
Historiaren azken hori, garai hartan erabili ohi zuten hizkuntzaz agertu digute gaurko irakurgaiek. Hizkuntza apokaliptikoa esaten zaio hizketa-modu horri: irudi, imajina eta sinbolo asko erabiltzen dute. Beraz, gaur egun ez dago zertan hartu hori guztia hitzez hitz. Askoz gutxiago ere.
Gainera, bi gertakizun desberdin nahasian aipatzen ditu gaurko ebanjelioak: batetik, Jerusalem hiria hondatzea −Kristo ondoko hirurogeita hamargarren urtean gertatua− eta, bestetik, munduaren azkena.
Horiek horrela, hitz batean esateko, hau da irakurgai horien mezua: bizitzan zailtasunak eta nekeak, pertsekuzioak eta borrokak izango dira; zori horretan, kristauak prest egon behar du Jainkoaren hitzari eusteko. Pazientzia bizitzeko. Iraupena da aldarrikatzen zaiguna.
Jesus gure artera bidali eta, hil ondoren, hura zeruratu duenean, geure oraina, geure mundu hau zaintzea proposatuko digu zeruko Aitak: gizadiaren geroa izango denaren hasikin-edo da oraingoa, gerokoaren hasiera. Halere, gogoan izan joan den igandean esana: geroko bizia ez da izango oraingo bizitzaren kopia; beste era batekoa izango da; Jainkoak bizi duen biziaren erakoa. Bestetik, pentsatu behar dugu, GURE orainaz, GURE geroaz ari dela zeruko Aita, eta ez NIRE orainaz, ez NIRE geroaz. GURE orain hau da GURE geroaren hasikin. Elkarte bat da oraina; elkarte bat izango da geroa, nahiz beste era bateko elkartea izan.
Senideok, horretan guztian bidelagun ona izango dugu Jesus, gurekin biziko da Jesu Kristo, bizitzaldi hau pazientziaz, eroapen handiz, iraupen biziz bizi ahal izateko.
LEHENENGO IRAKURGAIA Malakias profetaren liburutik (3,19-20a)
Ez dakigu juxtu zein den Malakias profeta, entzutera goazen pasarte honen autorea. Dena den, Kristo aurreko bosgarren mendeko liburuaren egilea da.Israeldarrak Babiloniako erbestetik itzuliak ziren. Baina ez zuten konfiantzarik Jainkoagan, ez apaizek, ez gainerako herriak. Konfiantza falta hori salatu du idazle honek.
Konfiantza falta horren kontra, profetak Jainkoaren hitzak dakartza; honelatsu agertu digu profetak Jainkoa hizketan: «nirea da prestatzen ari naizen Egun Handia, errukituko naiz gizakiez, aita bat seme-alabez bezala. Nire izena aintzat hartuko dutenak zuzentasun-eguzkiak argituko ditu».
Horra guretzat mezua: konfiantza izan dezagula Jesus gizon egina bidali digun Jainkoagan; konfiantza izan dezagula ebanjelioan agertu zaigun Jesusengan; konfiantza izan dezagula Jesusek agindu digun eta bihotzean argi egiten digun Espirituagan. Jesus dugu gaurko gizon-emakumeek Malakiasek aipatzen duen zuzentasunaren eguzkia.
BIGARREN IRAKURGAIA Paulok Tesalonikarrei egindako bigarren gutunetik (3,7-12)
Tesalonikako jende askok lan egiteari utzi zion. Pentsatzen zuten munduaren azkena berehala etorriko zela; beraz, ez zuela merezi lan egitea.
Paulok lan egin beharraz hitz egin die. Baina gaur, beste bi irakurgaiak kontuan harturik, hau da azpimarratzekoa pasarte honetan: Munduaren azkena ez da bihar goizeko gauza. Inork ez daki noiz izango den. Beraz, saiatu jendearen onerako eta mesederako lan egiten.
EBANJELIOA San Lukasen liburutik (21-5-19)
Batzuk harriturik ari ziren tenpluaren edertasunaz hitz egiten.
Jesusek esan zien, edertasun hori guztia hankaz gora botako zutela. Eta galdera egin zioten: noiz izango zen hondamen hura?
Hortik abiatuz hitz egin die Jesusek. Ez die zuzenean erantzungo. Bere mezua adierazi nahi die, sakonagoa den zerbait eman nahi die.
Hona. Kontua ez da harrizko eliza bikain bat izatea. Kontua ez da egintza miresgarri bat mirestea. Giza eskuz egindako gauza guztiek iraungipen-epe bat izaten dute, galkorrak dira. Beste hau da arazoa: Jainkoak munduan jarri dituen eta egunero jartzen dituen seinaleak irakurri, interpretatu eta kontuan hartzeko gai izatea. Kontuan hartzea, alegia, gauza horiek guztiak guri bizia emateko gertatzen direla. Esaten digu: ez zaitzatela inork engaina. Nork bere barrura begiratzeko eskatzen du: zer esaten dizu Espirituak, zer esaten dizu zeure bihotzak, zeure kontzientziak? Gauza kuriosoa da ikustea, eguneroko zenbat gauza txiki edo handiago aipatzen dituen Jesusek. San Mateoren ebanjelioan, adibidez, aipatzen diren eguneroko gauza txikiak kontatzeari ekin dio azterlari batek; ehun eta hogeita hemeretzi desberdin zenbatu ditu.
Senideok, gidaritzak Jesus hartzea da kontua. Eguneroko zein gauza aipatzen ditu Jesusek ebanjelioan? Batez ere, nola interpretatzen ditu? Gizakien begiez ala Jainkoaren ikusmoldeaz?
ELIZAREN ESKARIAK
1.-Elizako arduradun guztien alde: hitzez eta egitez, fede- eta esperantza-eragile izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Donostiako geure elizbarrutiaren alde: arazoak arazo eta zailtasunak zailtasun, guztiek Kristo begi-bistan izanik joka dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Munduko bazterretan gertatzen diren hondamendiek eraman gaitzatela, ez munduaren azkenaren seinale bezala ikustera, baizik hondamendi horietan ageri den miseria ikustera, kausa nahiz ondorio bezala. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Pobre, goseak eta gaixo bizi diren guztien alde: gogo oneko jendearen laguntza ikus dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.