Urtearen azkena eta munduaren azkena
Urteko 33. igandea C (2016-11-13)
Elizarentzat, urte liturgikoa ez da bukatzen abenduaren 31n, baizik azaroaren azken aldera. Horrela, lau igande har ditzake, abenduaren 25aren aurretik, abendualdia ospatzeko; aldi hau beste urte baten hasiera izango da. Urteko azken igandean, hiru urteetan (A, B, C), Kristo Erregearen Jaia ospatzen da. Eta urteko azken aurreko igandean munduaren eta historiaren azkena gogoratu ohi dugu. Gure burubide eta kulturarentzat aski lekuz kanpoko gauza dela irudi lezake horrek, baina lehen kristauentzat funtsezko gauza izan zen, eta geuri ere gogoetarako gai interesgarria eskaintzen digu.
Gogo-berotasun xalotik esperantza apokaliptikora
K.a. VI. mendean egunduko tragedia jasan zuen judu-herriak: populazioaren multzo handi bat Babiloniara deportatu zuten; Jerusalem eta tenplua hondakin gelditu ziren; herriak bere independentzia galdu zuen. Horrek guztiak, ordea, urteren buruan, profezien loratzea eragin zuen: erbesteratuen itzulera iragartzen zuten, Jerusalemen oparotasuna eta edertasuna, Jainkoaren herriaren etorkizuneko aintza. Profetak elkarren artean lehiatzen ziren zeinek etorkizun hobea iragarriko. Eta jendeak mendetan arnastu zituen esperantza horiek. Harik eta errealitatea nagusitu zen arte, etsipen handi bati bide emanez: ez independentziarik, ez aberastasunik, ez edertasunik. Etsipena hain handia izan zen, non talde batzuek oraingo mundua, errotik gaiztoa, desagertzean ikusi baitzuten aterabidea, eta etorkizunean mundu miresgarri bat agertzean, zeinetan israeldar onak bakarrik izango baitziren partaide. Gaurko lehen irakurgaiak, Malakias 3,19-20ak, argiro baieztatzen du hori.
Pasarte labur honetan, iruzkin bat merezi duena azken metafora da. Guk, «zuzentasun-eguzkia» (jatorrizkoa hitzez hitz harturik) esatean, eguzki izugarri bat ulertuko genuke, zeinetatik babesa bilatuko baikenuke edozein itzalpe batean. Dena den, kasu honetan ez du hori esan nahi, guztiz alderantzizkoa baizik: «eguzki salbatzaile bat, bere errainuez salbatzen gaituena». Nondik nora datorke, ordea, metafora bitxi hau? Segur aski Egiptotik, eguzki hegadunaren irudian inspiratuz, zeinek eguzki horren egintza ongarria ordezkatzen baitu mundu osoarentzat.
Azken unearen kalkulua eta seinaleak
Burubide apokaliptikoak, munduaren azkena berehalakotzat ematen duelako, une zehatza kalkulatu nahi izaten du: noiz gertatuko den eta bera iragarriko duten seinaleak zein diren. Gaurko ebanjelioan ikasleek Jesusi egiten dizkioten bi galderek oso ondo jaso dituzte bi alderdi horiek: Noiz izango da hori? Eta zein izango da hori guztia gertatuko den seinalea? Jehovaren Testiguak dira gaur egun era horretan pentsatzen dutenen adierazlerik argienak: joan den mendearen erdi aldera munduaren azkena 1984an (1914ko Mundu Gerratearen hasierak markatutako gerla-girotik 70 urtera) izango zela adierazi zuten. Burubide apokaliptikoarentzat, edozein gertaera tragikok, batez ere neurri handikoa bazen, iragartzen zuen munduaren azkena. Horregatik, igande honetako ebanjelioan, ikasleek, Jerusalem suntsituko dutela entzutean, munduaren azkena ekarri dute gogora berehala.
Burubide honen arriskua antzua izatean datza. Dena kalkulu eta seinale huts gelditzen da, errealitatearen gainean zuzeneko konpromisorik gabeko. Horixe da ebanjelio sinoptikoek saihestu nahi dutena, Jesusen ahoan diskurtso apokaliptiko luze bat jarri dutenean; zoritxarrez, liturgiak kimatu egin du diskurtso hori (gure kasuan, Lukasen 21,8-36ko 29 txataletatik lehen hamabiak bakarrik gorde dira: erdia baino gutxiago).
Jesusen erantzuna
Jesusen hitzek apokaliptikan ohikoak diren seinaletako multzo handia jaso dute: 1) giza mailan: gerla zibilak, nazioarteko iraultzak eta gerlak; 2) lurraren mailan: epidemiak eta gosetea; 3) zeru-mailan: seinale izugarriak.
Baina hitz horietako ezerk ere ez du iragartzen munduaren azkena. Lehen, eta honetan datza diskurtso honen berritasuna, maila pertsonalean eta komunitarioan seinaleak gertatuko dira: pertsekuzio erlijiosoa eta politikoa, kartzela, auzia auzitegi zibilen aurrean; gurasoen eta anai-arreben saldukeria ere bai, heriotza eta guztien gorrotoa Jesusengatik. Zati honek albora utzi du hondamendi apokaliptikoen zenbaketa, lehen kristau-elkarteen errealitate gogorra deskribatzeko. Horietan guztietan izango zen jende zuzengabeki juzkaturik eta kondenaturik, beren pertsona maiteenek ere saldurik. Bi esaldik bakarrik arintzen dute hain tragikoa den paragrafo hau.
Lehena kasik ironikoa irudi daiteke, baina ez da: Horrela, testigantza eskaintzeko aukera izango duzue. Pertsekuzioa, kartzela eta auzi zuzengabeak ez dira hartu behar ezkor huts izango bailiran, Jesusen testigantza egiteko aukera ematen dute; horrela interpretatu izan dituzte, bai lehen mendeetako martiri ugarik, bai aldi guztietako martiriek.
Bigarrenak konfiantza eta esperantza ematen du: ez da galduko zuen buruko ile bakar bat ere; zeuen iraupenaz salbatu duzue zeuen arima. Egokiago izango litzateke esatea, zuen buruko ile guztiak galduko dira, baina salbatuko duzue zeuen arima; hori da garrantzizkoa.
Diskurtsoa irakurtzen jarraitzen badugu, guztiaren gailur Jesus agertzea iragarriko digu: «Gizonaren Semea, hodei batean etorriko dena ahalez eta aintza handiz». Malakiasek aipatu zuen eguzkia da, beragan sinesten duten guztiak argitzen eta salbatzen dituena.
Ikusminaren aurrez aurre, testigantza
Igande honetako irakurgaiek arrisku hau dute gure Lehen Mundu honetan: lehen kristauen artean gertatu zenaren oroitzapen huts bezala interpretatzekoa. Oso bestelakoa izango da Afrikako eta Asiako eliza askoren interpretazioa; beren burua oso ondo islaturik eta kontsolaturik ikusiko dute Jesusen hitz hauetan. Guk ere oso gogoan izan beharko genuke, pertsekuziorik eta kartzelarik gabe, ondo aprobetxatzen jakin beharko genukeela geure bizitzako gorabehera guztiak Jesusen testigantza eskaintzeko.
José Luis Sicre