URTEKO 33. IGANDEA B (2015-11-16)
SARRERA
Senideok, urteko 33garren igandea ospatzen dugu gaur. Datorren igandean Kristo Errege Eguna ospatuko dugu; gaur hamabost, berriz, Abendualdia hasiko dugu.
Gaurko irakurgaiak harrigarri samar gertatuko zaizkigu, segur aski. Interpretazio sakona eskatzen digute. Honelako irakurgaiei hitzez hitz jarraituz, historia luzean interpretazioak ez ezik, egintzak ere burutu izan dira munduaren azkena hurbil dela pentsatuz: interpretazio okerrak eta egintza okerragoak askotan. Zenbat aldiz ez dute esan jakintsu usteko batzuek munduaren azkena halako egun batean gertatuko dela? Baina egun hori etorri da, eta munduak bizirik jarraitzen du. Behin eta berriz gauza bera.
Kontuan izan dezagun, ebanjelariak ez direla mintzo, behin ere, «munduaren azkenaz», zentzu hertsian; interpretazio okerrak egin izan dira ebanjelioek esaten dutenaren inguruan; ez fedearentzat, ez lagun hurkoarentzat eta ez mundu osoarentzat ere konpromiso seriorik sortu izan ez duten interpretazioak.
Jesusek ez du azaldu munduaren azkena noiz izango den; ez zaio axola. Munduaren astinaldiaz agertu ohi diren irudiak, hala nola izarrak erortzea, eguzkia eta ilargia itzaltzea eta horrelakoak Itun Zaharreko formak dira, gehienbat. Antzinakoentzat, eguzkia eta ilargia jainko paganoen irudikapen ziren; jende hark «zeruko indar» deitzen zituenek beren burua jainkotzat ematen zituzten buruzagiak irudikatzen zituzten; jainkoen izenean herriak zanpatzen zituzten buruzagiak ziren, berak ere jainkotiar izaki zirela pentsatzen zutelarik.
Irudikapen horiek bai, horiek eroriz joango dira: eguzkia eta ilargia jainkotzat hartzea, munduko boteretsuak izaki jainkotiar direla pentsatzea: hori guztia galduko da; horretan saiatu beharko genuke. Zapaltzaile horiek eror daitezen saiatzea da kontua, mundu osoa gero eta gehiago, egiazko Jainkoaren gogoaren araberakoago izan dadin.
Jesusek behin eta berriz eta, zehazki, gaurko ebanjelioan erne bizitzeko eskatu digu. Erne eta adi.
LEHEN IRAKAKURGAIA Danielen liburutik (12,1-3)
Danielek era eskatologikoan idatzi du liburua: azken aldiaz ari da. Oso berezia da idazkera-mota hau, eta ondo interpretatu beharra du. Jakina, munduaren azken aldiko gauzak ezin dira deskribatu; inork ez ditu ikusi. Horregatik, horietaz idazten dena ikuskarietako gauzak dira.
Idazki horien eduki konkretua ez dagokio gertaera konkretu bati. Sinesten duenak irudiak edo imajinak sortzen ditu, bere fedeak geroaz esaten diona adierazteko. Beti imajinak edo irudiak. Beti interpretatu beharra. Daniel, neurri batean, «katastrofista» da, nahiz esperantza ere erein nahi duen.
Borroka batez mintzo da Daniel. Borroka horretan ere, beren ondoan dute Jainkoa gizakiek. Gaurko pasartearen aurreko kapitulua, 11garrena, hain juxtu, errege pertsegitzailearen zitalkeriez mintzatu da. Danielen denboran, pertsekuzio latza jasan zuten israeldarrek. Halere, Danielek, errege pertsegitzaile horren heriotza kontatuz bukatu du11garren kapitulu hori. Bai. Danielek idazkera apokaliptikoa darabil. Horren arabera, mundua borroka batean bizi da: Gaizkia Ongiaren aurka. Une batzuetan, badirudi, Gaizkia dela garaile. Baina Danielek dio azkenean Ongia aterako dela nagusi. Beraz, esperantza.
Baina bada Danielengan ñabardura bat interesgarria. Garaile aterako direnak jakintsuak izango dira, Jainkoaren araberako jakintsuak. Modu ezkutuan, Danielek esaten du, gaizkia ez dela armen bidez garaituko, baizik jakinduriaz, Jainkoaren araberako jakinduriaz. Armetan jaiki ziren Makabearrean kontra ageri da Daniel.
Beraz, batetik, esperantza dakarkigu Danielek; bestetik, nola jokatu mundu honetako gaitza gainditzeko: jakinduriaz.
BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkitik (10,11-14.18)
Gaur bukatuko dugu azken igandeetan irakurgai izan dugun Hebrearrei Idazkia. Gaurko pasarte honen aurretik bi titulu hauek ageri dira:
─Itun Zaharreko legea ez da eginkorra;
─ Itun Zaharreko opariak ez-eginkorrak zirelako, bere burua eskaini du Kristok.
Kristok geure bekatuak barkatu dizkigu. Itun Zaharreko opariak ez ziren gai horretarako. Baina Kristoren egintza, oparia edo sakrifizioa baino gehiago, eskaintza bat izan da, bere burua Aitari eta munduari eskaintzea. Jainkoak ez du nahi oparirik. Baina Kristori gogo bat, nahimen bat eman dio. Horrela, gogo eta nahimen horri dagokion obedientziagatik salbatu gaitu: Jainko Aitari esaneko izan zaiolako.
Horrela sartu gara gu salbazio horretan, obedientzia horretan. Salbazioa honetan datza: Jesusen nahimen eta gogo horrek gure nahimena garbitu eta gai egin duela gu geu ere Jainkoaren esaneko izateko.
Senideok, zaindu dezagun geure nahimena, geure gogoa. Izan gaitezen Jainkoaren esaneko.
EBANJELIOA San Markosen liburutik (13,24-32)
Gaurko ebanjelioaren lehen zatia, Danielena bezala, eskatologikoa da; grekozko esjaton hitzetik dator eskatologia, eta azken aldiari egiten dio erreferentzia: munduaren azkenean gertatuko denaz hitz egiten du eskatologiak. Eta, jakina, ebanjelio hau ere irudiz, imajinaz, sinboloz baliatzen da azken hori adierazteko.
Bere helburua kristau-elkartea lasaitzea du, larriturik baitzegoen 70garren urte inguruko gertaerengatik (Erromatarren zanpaketa, tenplua suntsitu izana, kristauek pertsegituak izatea).
Bigarren zatian, Jesusen bigarren etorreraz mintzo da. Orduan aintzaz beterik agertuko da, lehenengo etorreran apal, pobre, ahul agertu zen hura. Alde batetik, ematen du, Kristoren etorrera berehalaxe izango dela; eta hala uste izan zuten lehen kristauetako askok; San Paulok berak ere bai hasiera batean. Baina argi dio Jesusek. Azken eguna noiz izango den inork ez daki.
Inporta zaiguna Jesusen erregu hau da: bizi zaitezte erne eta adi, ez dakizue-eta noiz etorriko den Gizonaren Semea. Baina ez dira beldurra emateko hitzak. Espero duguna ez da gertaera bat; espero duguna NORBAIT da, gugatik gurutzean hil eta piztu dena. Jesusen piztuera da gure esperantzaren oinarria. Piztu delako etorriko da. Piztu delako espero dugu konfiantza osoaz etorriko dela berriro gure bila.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Mundu osoko kristauen alde: Kristoren bigarren etorreran dugun esperantza, munduan zuzentasuna ezartzeko konpromisoaz agertu eta gauzatu dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gure elizetan arduradun eta gidari direnentzat: esperantzaz beterik direlarik, gainerakoen artean ongizatea sustatzen saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Beren herria eta etxea utzi, eta norabait abiatu direnen alde: guztiek kalitatezko biziera lortzeko zoria izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Eliza osoarentzat: Kristoren eta haren Ebanjelioaren araberako elkartea egiten eta munduaren aurrean hala agertzen saiatu dadin. Eska diezaiogun Jaunari.