Erantzukizuna aintzat hartu (Mateo 25,14-30)
Urteko 33. igandea ─A 2020-11-15
Talentuen parabola hau kontaera irekia da, irakurketa desberdinei bide ematen die. Izatez, iruzkingileek eta predikariek sarritan hartu izan dute zentzu alegorikoan, norantz desberdinekoan. Garrantzizkoa da erreparatzea bereziki hirugarren zerbitzariaren jarduerari; berari eskainiak dira parabolan arretarik eta tarterik handienak.
Bitxia da zerbitzari horren jokabidea. Beste zerbitzariak beren nagusiak gomendatu dizkien ondasunei kutsua eta irabazia ateratzen saiatu dira; hirugarren honi, berriz, ez zaio burutik pasatu talentua lurpean gordetzea baizik, seguru zaintzeko. Nagusiak, iritsi denean, «zerbitzari ezaxola eta alpertzat» eman du: ez du ezer ulertu nagusiak egindako gomendioaz. Nola argitzen ahal da hirugarren honen portaera?
Ez du bat egin bere nagusiarekin, ez beronen interesekin. Ez da jardun inoiz ere maitasunez. Ez du maite bere nagusia, beldurra dio. Hain justu, beldur horrek eragin dio bere segurtasun propioaren bila. Berak argitu du guztia: «Beldur izan nintzen eta neure talentua lurpean gordetzera joan nintzen».
Zerbitzari honek ez du ulertzen zertan datzan bere erantzukizuna. Uste du, talentua seguru gordez, nahiz ez fruiturik emateko moduan, bere nagusiaren igurikimen edo itxaropenei erantzuten ari dela. Ez daki zer den leialtasun eraginkor eta sortzailea. Ez da inplikatu nagusiaren egitasmoan. Iritsi denean, halaxe esan dio nagusiari: «Hor duzu zeurea».
Gure garai hauetan, ematen duenez, jende ez gutxiren kristautasuna honetara iritsi da: gauza nagusitzat «gordetzea» dela uste izatera eta ez beste hau: bide berrien bila adorez jotzea, Jainkoaren erreinuaren egitasmoa onartu, bizi eta iragartzeko. Horrenbestez, arretatsu aditu beharra dugu Jesusen parabola hau. Gaur guri ari zaigu hizketan.
Ez badugu sentitu sekula Kristoren eskakizunei jarraitzeko deia, beti irakatsi eta agindu digutena baino harago joateko; ez badugu ezer arriskatzen Eliza Jesusi leialago egiten saiatzeko; bizitza konplika diezagukeen edozein konbertsiotik urrun iraun badugu; erreinuaren erantzukizuna, Jesusek egin zuen bezala, geure egin ez badugu, «ardo berria zahagi berrietan» bilatuz: seinalea, parabolak adierazi digun leialtasun eraginkor, sortzaile eta arriskatu baten bila saiatu beharra dugula.
Jose Antonio Pagola