Urteko 33. igandea A 2020-11-15
HOMILIA
Anai-arrebok!
Liturgi urtearen azken hiru igande hauetan, Mateoren ebanjelioko 25. kapitulua ari gara entzuten: joan den igandean hamar neskatilen parabola, gaur talentuen parabola, datorren igandean Jesus aintzatsuaren etorrera.
Hamar neskatilenak, adi eta azti bizitzeko eskatu zigun; talentuenak, hartu ditugun dohain, abildade eta gaitasunak kementsu erabiltzeko eskatzen digu; Jesus aintzatsu etortzeak, gure bizitza azti eta adi bizitzeak eta gure gaitasunak kementsu erabiltzeak zer ondorio izango duten adieraziko digu; alegia, Jesus berpiztuarekin, Jesus aintzatsuarekin bat egingo dugula.
Baina bitartean geure talentuei kutsua ateratzen saiatu behar.
Gaurko ebanjelioan aipatzen diren talentuek ez dute zerikusirik giza adimenarekin: zilarrezko puska batzuk ziren. Grezian 26 kiloko zilar-puska zen talentua, Egipton 27 kilokoa,, Erroman 32koa, Israelen 59koa. Edozein kasutan bakoitzak dirutza handia adierazten zuen.
Gaurko parabolak hiru lagun irudikatzen edo imajinatzen dizkigu: batek 5 talentu hartu ditu negoziatzeko; bigarrenak bi; hirugarrenak bat.
Lehen biek bikoiztu egin dute hartutakoa. Hirugarrenak zulo bat egin eta gorde egin du hartutakoa; ez dio kutsurik atera. Zergatik? Nagusiari beldurra diolako, alferkeriaz.
Jakina, nagusiak gaitzetsi egin du hirugarren hau. Zerbitzari alferra izan da. Bost axola izan zaio nagusia eta honen onura. Eta kartzelan sar dezaten agindu du nagusiak. Sicre biblialariak komentario hau dagi: gure sindikatuek manifestazioak etab. egingo lituzkete jaun horren erabakiaren aurka. Baina parabolako jauna sindikatuen jokabidetik aparte dago; eskubide osoa du, gutako bakoitzari hartu dugun altxorraren kontuak eskatzeko.
Senideok, ebanjelio honek aukera bikaina eskatzen digu hartu dugunarekin zer egin dugun aztertzeko. Zer hartu dut Jainkoagandik: maila familiar, maila pertsonal, maila eliztar, maila herritar etab.? Onuragarri izan al naiz besteentzat? Neure bizitzan argi izan al naiz, guztiek Jainkoa goratu dezaten?
Ebanjelioko jaun edo nagusi hori Jesus berpiztua da. Bera zerura joan denean, altxor handi bat utzi dit: bizia, familia bat, herri bat, adimena, gogamena, bihotza, fedea, esperantza, barkazioa, zuzentasuna. Zer egin dut nik horien inguruan.
Baina, beti bezala, izan dezagun gogoan: gauza bat da letra, gauza bat da itxura, gauza bat da materialki egiten dudana; beste bat da jarrera, beste bat da muina, mamia. Bizia ez digu eman, trikua bezala geure baitan ixteko. Baizik eta besteei bizia emateko.
Jarrera hori indartzeko, izan ditzagun gogoan hiru gauza hauek: 1) Jesus piztu da, Aitarekin dago eta gurekin dago; 2) Kristogan eta Kristorekin, espero dugu geroko mundua hasia da dagoeneko: zuzenaren mundua, errespetuaren mundua, maitasunaren mundua…; 3) Espero dugun epailea, Jesus da; guztiok salbatzera etorri dena, eta guztiok Aitagana eramatera etorriko dena.
Bukatzeko, har dezagun etsenplu eta eredutzat, gaurko lehen irakurgaiko emakumea: bizi eta kementsu ari den emakumea da; enpresari bikaina den emakumea da; eskuzabala premian direnekin; arduratsua bere senarrarekin eta seme-alabekin; estimu handia die bere herrikideei; eguzkitik eguzkira ari da buru-belarri. Ondo jakin du inbertitzen Jainkoagandik hartua duen kapitala.
Bestetik, gaur, “Pobreen IV. Mundu Eguna” ospatzen dugu. Ikurra edo lema: LUZATU ESKUA BEHARTSUEI. Bizitzari zentzua nola eman dago jokoan: zer edo nor naiz, Jainkoa ala Sorkari bat? Zein da nire helburua: dirua, elkartasuna, solidaritatea? “Luzatu eskua behartsuari” ikurrak erantzukizunera dei egiten digu.
Jesus Jauna, uste dugu, zu aintza betean etorri zain bizi behar dugula. Eskerrak eman nahi dizkizugu zain egote horretarako eman eta gomendatu dizkiguzun dohainak, abildadeak, fedea, esperantza. Emaguzu, zeure onginahi mugagabe horrekin, geure bizitza hau pozik, arduratsu, kezkati eta erantzukizunez bizi ahal izateko grazia.
Dionisio Amundarain