URTEKO HOGEITA HAMABIGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Piztearen esperantzan hiltzen dira zazpi anaia )

Makabetarren bigarren liburutik 7, 1-2 . 9-14

1 Zazpi anaia preso hartu zituzten beren amarekin.
Antioko erregeak, idi-zainez egin azote ukaldika,
Legeak debekatzen zuen xerrikia jatera bortxatu nahi zituen .
2 Heietarik bat denen izenean mintzatu zen:
“ Zer jakin nahi duzu guganik?
Prest gaude hiltzeko, gure arbasoen legeak hautsi baino lehen.”
9 Bigarren anaiak, azken hatsa emaitean, erran zion:
“ Zuk, gaixtagin tzarrak, oraiko bizia kentzen daukuzu:
bainan munduaren Erregeak betiko bizirako piztuko gaitu
haren legeengatik hiltzen girenak.”
10 Gero, hirugarrena torturatzen hasi ziren.
Galdatu ziotenean, berehala mihia atera zuen,
eta eskuak ere luzatu beldurrik gabe, nobleki erranez:
11 “ Zerutik dauzkat menbro hauek,
bainan haren Legearengatik gutiesten ditut,
eta badut esperantza harenganik hartuko ditudala berriz.”
12 Harriturik gelditu ziren erregea eta harekin zirenak
gaztearen kuraiaz, huskeriatzat baitzauzkan oinaze-minak.
13 Hura hil zenean, oinaze beraz torturatu zuten laugarrena.
14 Hil zorian zagola, erran zuen:
“ Hobe da giza eskuz hiltzea,
Jainkoak hitzeman piztearen beha gaudenean;
zuk, ordea, ez duzu betiko bizirako berpizterik izanen.”

Idatzi hunek finkatzen du azkarki juduen fedea. Lehen aldia da hemen aipatzen eta onartzen
dela hilen piztea. 165 J.K. aitzin, pertsekuzione izigarri bat izan zen, Antiochus Epiphane
erregearen menpean. Bortxatu zituen juduak Moisen legearen arnegatzera, hala nola, Jainko
faltsueri oparien egitera.
Egun irakurtzen dugu zazpi Makabetarren ixtorioa, nola izan ziren torturatuak Antiochus
Epiphanen manuz : eta orduan sortu zen hilak piztuko direlako sinestea : « Munduaren erregeak
betiko bizirako piztuko gaitu, haren legeengatik hiltzen girenak.. » Hilen pizteari buruzko lehen
aitorpen garbia da. Makabetar batek erraiten du : « Zerutik dauzkat menbro hauek bainan haren
Legeengatik gutiesten ditut eta badut esperantza harenganik hartuko ditudala berriz. »
Testamendu Zaharrean ez zen biziki aipu heriotzearen ondotikako bizia. Aipu zen bereziki
Jainkoarekilako Elkargoa. Beraz, heriotzearen ondotik gorputza ezarria zen hil- harrietan.
Pentsatzen zuten itzal bat zela lurpeko « shéol » deitu tokin, ixiltasun toki ilunean.
Gero, emeki emeki, Jainkoa biziaren Jainkoa zela oharturik, populua esperantzan sartu zen,
mundua askatua izanen zela heriotzetik. Izaik errana zuen Jainkoak suntsituko duela heriotzea behin
betikotz eta xukatuko nigarrak aurpegi guzietan. » Bainan ainitz mendez, gorputz baten hiletarik
piztea, ezin sinetsizkoa zen. Babiloneko hirian, populua desherritua izan zelarik, Ezekiel profetak
errana zuen populua berriz biziko zela, berriz ukanen zuela indarra, eta xutituko zela. Atrebitu zen
ele horien erraitera bazuelakotz fede handia. Oihu egin zuen populuari, irudi batzuekin eman zituen
xehetasunak, hala nola : alor bat hil-hezurrez betea, nehork ez du sinesten piztuko direla, bainan
nik, Ezekielek, erraiten dauziet, Jainkoa Jainko den bezain segur, hil horiek piztuko direla.
Makabetiarren textoan, martir horien ixtorioan, Izraelen fedea zabalduz joan zen hilen piztea
izaiten ahal zela, Jainkoari leial egonen zirenentzat. Haste hartan Izraeldarren sinestea zen Jainkoari
leial egon zirenak bakarrik zirela piztuko. Mendeak eta mendeak iraganen dira finkatzeko,
denendako izanen dela hilen piztea, berexgorik gabe. Orai girixtinoak erraiten du : « Igurikatzen
dut hilen piztea eta datorren munduko bizia. »

Salmoa 16

Leloa : Zu agertzean, zer asea, Jauna, zeruan zuri beha.

Entzun gaur, Jauna, zuzen dena, Onar nik egin dei auhena.
Nere bihotza iker, zila : Gezurrik gabe dut ezpaina.
Hurbildanik naiz josten zuri: Ez naiz baztertu, ez erori.
Deika nagozu, entzun, Jauna, Beharrirat har nik errana.
Zain nezazula, zaint bakean, Zure hegalpen itzalean
Nik hil ondoan zer bakea : Begitartean zuri beha.

Salmo hunek erraiten dauku, norbait hobendun zaukatela eta hortakotz, harek xekatzen duela
Tenploan aterbea, hel egiten diola Jainkoaren juztiziari : « Entzun gaur, Jauna, zuzen dena » eta
gero : « nik hil ondoan zer bakea. »
Jainkoaren eskutan jartzera bortxatua balin bada norbait, horrek erran nahi du justizia ez dela
justua. Ez zitaken bakarra denbora hetan, zeren Amos profetak hitz gogorrak baititu orduko
justiziaz. Jujetaz huna zer erraiten duen : « Dretxua pozoin bilakatzen dute eta lurrean herrestatzen
justizia. » Eta Izaik : « Zorigaitz ! erraiten baitute gaizkia ongi dela eta ongia gaizki. Iluna deitzen
dute argi, eta argia ilun, karatsa dena ezti eta ezti dena karats ». ( Is 5,20)
Hobengabea akusatua zelarik zuzen kontra, ez zuen bertzerik egiten ahal, gorde-lekua zen
Tenplorat joaitea baizik, zeren han nehor ez baitzen sartzen ahal. Han Jainkoaren jujamendua nola
egiten zen, ez dakigu deus segurrik. Otoitz hau egiten zuen akusatuak : « Ene gainean denak
badazkitzu, gauaz bisitatzen nauzu, ez duzu nitan deus gaizkirik atxemaiten. » Salmo huntan mintzo
dena, bere hobengabeaz segurtamena badu, zeren ez baita beldur Jainkoaren jujamenduaz:
«Gezurrik gabe dut ezpaina, ez naiz baztertu ez erori, hil ondoan zer bakea. » Hain da segur bere
hobengabeaz, nun goizaren beha baitago goxoan : « Nik hil ondoan zer bakea, begitartean zuri
beha. » Jobek bezala egiten du, menturatu zelarik aitortzera : « Badakit arras ongi ene libratzailea
bizi dela, azken hitza ukanen duela lurraren gainean; oraiko ene larrua suntsitu eta ene
gorputzarekin Jainkoari begira egonen naizela. » (Job 19,25-26)

Bigarren irakurgaia

( Sendo irauterako deia )

Jondoni Paulok Tezalonikarreri 2,16 – 3, 5

Haurrideak,
16 Jesu Kristo gure Jaunak berak eta Jainko gure Aitak,
maite izan gaituenak, eta graziaz betiereko kontsolamendua
eta esperantza zoriontsua eman dauzkigunak,
17 bete zaitzatela kuraiez eta indarrez
on den guzia egitez eta hitzez obratzeko.
3,1 Bestalde, haurrideak, egizue otoitz gure alde,
Jainkoaren hitza zabal dadin,
eta orotan ohora dezaten zuen artean bezala.
2 Egin otoitz ere onik atera gaitezen jende makur eta gaixtoenganik,
ez baitute denek fedea.
3 Jauna, ordea, leiala da: azkartuko zaituzte, eta gaitzetik zainduko.
4 Eta, Jauna baitan, zueri osoki fida gira:
guk manatua egiten duzue eta eginen ere.
5 Jaunak gida ditzala zuen bihotzak Jainkoaren maitatzera,
eta Kristoren esperantzan irautera.

Fededunen otoitza ez baitakigu nola egin, zenbait aldiz, huna hemen ikasbide bat. Hemen,
denak aipatzen dira otoitzean : otoitz egin behar dela batzu bertzendako, Tezalonikarrek
Paulorendako eta Paulok Tezalonikarrendako : « Jainkoaren hitza zabal dadin ».
Ikusten dugu Pauloren zein den suharra erresuma guzietan berri onaren hedatzeko.Jondoni
Paulok erraiten du: « Otoitz egizue Jainkoaren hitza zabal dadin eta orotan ohora dezaten zuen
artean bezala. » Paulok, Jainkoaren hitzaren ohoratzea xekatzen du, ez bere buruarena. Egia da,
Tezalonikarrek errezebitu dutela Jainkoaren hitza ohorezki. Alta, Paulo, hiru aste baizik ez da egon
Tezalonika hirian eta jadanik heieri erraiten diote : « Konfiantza handia badugu zuen baitan… »
Paulok erran zion Timoteri, lehenbiziko gutuna igorri ziolarik, xoratua zagola kristok holako
konfiantza egin ziolakotz. Jondoni Paulok Timoteori jakinarazten dio harek ere konfiantza egiten
duela berriki bataiatuak diren Tezalonikarreri. Paulok badaki Jainkoaren baitan kondatzen ahal
duela, ” Leialtasuna” Jainkoaren izena baita : « Jainko amultsua eta leiala ».

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Jesu Kristo, hiletarik lehen sortua,
Zuri ospe eta nausigoa mendez mende.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Luken liburutik 20, 27-38

27 Jesusi hurbildu zitzaizkion zaduzear batzu,
– hauek ez dela hilen pizterik diote – eta galdegin zioten:
28 “ Irakasle jauna, Moisek lege hau eman zaukun:
Norbaiti anaia ezkondua haurrik gabe hiltzen bazaio,
ezkon bedi alarguntsarekin, anaiari ondokoen emaiteko.
29 Baziren, bada, zazpi anaia:
lehena ezkondu eta haurrik gabe hil zen.
30-31 Bigarrena eta hirugarrena emazte harekin ezkondu ziren,
eta zazpiak berdin: haurrik utzi gabe hil ziren.
32 Azkenean emaztea ere hil zen.
33 Hilen piztean, zeinen emaztea izanen da,
zazpiek izan baitzuten emazte? ”
34 Jesusek ihardetsi zioten:
“ Mundu huntako gizon-eta emazteak ezkontzen dira.
35 Bainan datorren munduan eta hilen piztean parte hartzeko
gai aurkituak izan direnak ez dira ezkontzen;
36 alabainan, ez daitezke berriz hil,
aingeruen iduriko baitira, eta Jainkoaren seme,
piztean parte dutenaz geroz.
37 Gainera, hilak pizten direla Moisek berak adiarazi zuen,
sutan zagon sasiaren pasartean, Jauna deitzen duenean:
‘Abrahamen Jainko, Izaaken Jainko eta Jakoben Jainko’.
38 Ez da hilen Jainkoa, bainan biziena:
denak harentzat bizi baitira.

Zaduzearrek, iduriz, Jesus zepoan harrapatu nahi dute. Bainan, menturaz, finean ari dira.
Orduko teologoek azkenik gabeko eztabadak bazituzten balio handirik ez zuten gai batzutan. Nahizeta
hilen piztea ez den gai horietarik. Ordu hetan judu fededun zintzoa izan zitaiken hilen piztean
sinetsi gabe. Farisauek sineste hori beretua zuten tinko. Bainan Zaduzearrek ez zuten onartzen.
Hortik gaurko Ebanjelioak aipu duen eztabada.
Jesusen errepostua hau da : zuen fedea arrazoinamenduan bakarrik finkatzen duzue. Bainan,
Izai profetak dion bezala : ”Jainkoaren pentsamenduak ez dira gure pentsamenduak, haren bideak
ez dira gureak” (Is 55,8). Jesusek bere fedea Idatzi Sainduetan bermatzen du. Galdera bat egiten
zaion guziz, errepostua Idatzi Sainduetarik emaiten du. Basamortuan tentatua izan zelarik,
tentatzaileari ihardetsi zion : « Gizona ez da bakarrik ogiz bizi, bainan Jainkoaren hitzaz. » Hemen,
Zaduzearreri ihardesten diote : Ez zazuela zuen fedea haz arrazoinamenduz eta eztabadaz, bainan
Jainkoaren hitzaz. Zaduzearrek ere Moisen legea zuten berme : « Moisek hau izkiriatu zaukun »
erranez hasten dira eztabadan Jesusekin. Bainan Jainkoaren hitza ez dute Jesusek bezala erabiltzen.
Beren ideien frogatzeko baliatzen dute. Hartaz « baliatzen » dira, haren entzuten egoiteko partez.
Jesus, aldiz, adi-adi dago Jainkoak zer erranen dion, Jainkoaren hitza entzun eta gero hari
menperatzeko.
Huna Jesusek nola ikusten duen hilen piztea. Mundu huntan jendea ezkontzen da hilkorra
delakotz. Beraz ondokoak behar ditu, haurrak egin behar ditu, gizadia ez desageatzekotan. Bainan
etortzekoa den munduan ez da heriotzerik izanen, betikotz biziko gira. Ez da beraz haur egite
beharrik izanen.
Eta nola izanen gira piztu ondoan ? « Aingeruak iduri. » Erran nahi baita oraiko gorputz hau
ezeztatuko dela. Gorputz piztuak arras bestelakoak dira. « Jainkoaren seme, piztearen seme
baitira. » Hori finkaturik, Jesusek aitortzen du piztean duen sinestea. Moisen Legea ezartzen du
oinarri : « Hilak pizten direla, Moisek berak adiarazten dauku. » Jainkoak bere herriarekin dituen
lokarriak betirakoak dira, heriotzeak ezin dezazke hauts, Jainkoa Jainko baita, hitzekoa, leiala.
Basamortuan, garretan zen sasitik Jainkoak Moisi erran zion : « Abrahamen Jainkoa, Izaaken
Jainkoa eta Jacoben Jainkoa naiz. » (Jal 3,6) Jainkoak nola erran dezake holakorik arbaso horiek ez
badira bizirik ? Hilen piztean sinesten du Jesusek, Jainkoaren hitza lekuko : Jainko bizia ez da hilen
Jainkoa, bainan biziena.