Emakume alargun onak eta teologo gaiztoak (Markos 12,38-44)
Urteko 32. igandea B 2018-11-11
Fede handiko emakume alargun bat (1. Irakurgaia: 1 Erregeak 17,10-16)
Kontaera guztiz soila da, Asisko San Frantziskoren «Loretxoak» dakarzkigu gogora. Garrantzizkoa ez da beraren balio historikoa, baizik mezua. Xehetasun batzuk nabarmenduko ditut.
1.-Protagonisten pobretasuna. Antzinako munduan, egitura patriarkala bizi zuen hartan, jenderik zokoratuena emakume alargunak eta umezurtzak ziren; senarra edo aita hiltzeak, kasurik gehienetan, miserian gelditzea esan ohi zuen. Gure kontaera honetan, egoera hau gaiztotu egin du lehorteak; emakumea segur dago ezin biziraungo duela, ez berak, ez semeak.
2.-Emakumearen fedea eta obedientzia. Askotan, testu hau komentatzean, emakume honen eskuzabaltasuna aipatu ohi da, prest agertu baita duen apurtxoa profetari emateko. Alabaina, kontaeraren autoreak azpimarratzen dituenak, batetik, beraren fedea da Jaunak esan duenaz irinari eta olioari dagokienez, eta, bestetik, beraren obedientzia Eliasek agindutakoaz.
3.-Eliasen maila berezia, zeini bere Hitza agertu baitio Jainkoak eta zeinen bidez burutu baitu mirari handi bat.
Teologo hantusteak eta emakume alargun eskuzabal bat (ebanjelioa)
Kontaerak bi zati ditu: lehenak lege-maisuak salatzen ditu, bigarrenak emakume alarguna goresten. Hain kontrakoak diren protagonisten jarrerek erlazionatzen dituzte: lege-maisuek «alargunen ondasunak irensten dituzte», alargunak «bizitzeko zuen guztia» bota du diru-kutxara.
Kontu lege-maisuekin!
Lege-maisuak jende aditua ziren arazo erlijiosoetan, Torah ikasteari emanak txikitatik. Aginpide handia zuten eta itzal handia zieten juduek. Jesusek, ordea, ez dio erreparatu beraien jakituriari, baizik eta beraien ageriko itxurari eta hantusteari. Beraiez eskaini digun deskripzioa ezin ironikoagoa da, are krudela. Janzkera (jantzi zabalak), uste harroxkoa (kalean begirunea ager diezaieten nahi izaten dute) eta harrokeria (lehen postuak nahi izaten dituzte sinagogan eta otorduetan), diru-gosea (alargunen ondasunak irensten dituzte), faltsukeria (luze otoitz egitearen itxurak eginez). Hau guztia Jesusen bizieraren eta ikasleengan ikusi nahi duenaren guztiz kontrakoa da. Horregatik ohartarazten die zorrotz: «Kontu lege-maisuekin!
Esan beharrik ez, ikasleek jaramon gutxi egin ziotela Jesusi eta lege-maisuek bezala janztera iritsi zirela, begirunea eta eraztunari musu ematea eskatzera joz, lehen postuen bila ibiltzera eta emakume eta gizon alargunen eta ezkonduen ondasunak irenstera joz. Tamalez, ebanjelio honetaz ezin esan da: «Gaur egungo errealitatearekiko edozein antzekotasun kointzidentzia hutsa da», nahiz eta esan behar den, egoera asko aldatu dela.
Emakume alarguna goretsi
Lehen irakurgaian eta ebanjelioaren lehen zatian antzeko pertsonaiak ageri dira: emakume alargun bat eta profeta (Elias – Jesus). Baina beraien arteko erlazioa oso desberdina da. Aski da erreparatzea segidako xehetasun hauei:
Zertaz mintzo dira alarguna eta profeta? Eliasek eta alargunak solasaldi bat izan dute; Jesusek, berriz, ez dio esan alargunari hitz bat ere. Zer egin duen ikustean, ez dio dei egin solaserako, baizik eta ikasleei dei egin die irakaspen bat emateko.
Zer egin du alargunak profetarentzat? Eskura duen guztia eman dio Eliasi eta lan egin du harentzat; ebanjelioko alargunak ez du egin ezer ere Jesusentzat.
Zer egin du profetak alargunarentzat? Mirari bat egin du Eliasek alargunaren arazo ekonomikoa konpontzeko; Jesusek ez dio eman sos bat ere.
Alargunaren isileko irakaspena
Markosen honen aurreko kontaerek (igandeko mezetan ez dira irakurri) pertsona eta talde-sail bat agertu dute, Jesusekin hainbat arazoz eztabaida egitera aurkeztu dira: Jesusen aginpideaz, Zesarri zerga ordaintzeaz, hildakoen piztueraz, manamendu nagusiaz etab. Azkenik, alargun hau agertu da, ez da arduratzen arazo teorikoez, ezta teologikoez ere, Jesusi berari ere ez dio arretarik eskaini; soilik hau du bere kezka: badela jende pobre bat, zeini berak laguntzen ahal dion duentxoaz.
Alargun hau gaur egungo hainbat jenderen sinboloa da: Jesusekin harremanik ez dute, baina jende pobreaz arduratzen dira eta laguntzen saiatzen, kristau-izenaz arduratu gabe eta izan gabe. Eta alargunaren kezka ez da mihi-puntakoa, duen guztia eman du.
Jesusek ez dio dei egin hitz egitera eta bere ikasleen taldeko izatera; Jesus hori eredu izan dezakegu aipatu dugun jende honekiko zein jarrera izan ikasteko. Ez dugu zertan jardun jende hori konbertitzeko eginahalak egiten.
Bizi dugun kinkan, hainbat jendek halako premia bizi duen honetan, igande honetako ebanjelioak zer pentsatu handia demaigu.
José Luis Sicre