KONTRASTEA
Urteko 32. igandea B (2015-11-08)
Erabatekoa da pasadizo bien arteko kontrastea. Tenpluko lege-maisuei buruz buru, kontuz ibiltzeko esan dio Jesusek jendeari. Sasikoa da horien erlijioa: beren osperako baliatzen dute eta jenderik ahulena ustiatzeko. Ez dira horiek miretsi beharrekoak, ez zaio jarraitu behar horien ikasbideari. Bigarren pasadizoan, berriz, emakume alargun pobrearen keinuari begira dago Jesus eta ikasleei dei egin die. Emakume honengandik ikas dezakete, bai, lege-maisuek sekula irakatsiko ez dieten zerbait: Jainkoarekiko guztizko fedea eta mugarik gabeko eskuzabaltasuna.
Zorrotza da lege-maisuen kontrako Jesusen kritika. Herria Jainkoagana bideratu ordez, beren ospearen bila dabiltza, jendearen atentzioa deitu nahi dute beren izen handiaren bila. Gustukoa dute «harro jantzirik ibiltzea», jendearen agurraren eta begirunearen bila. Sinagogako liturgian eta jai-otorduetan «ohorezko jarlekua» eta «lehen eserlekua» nahi izaten dute.
Bada, ordea, Jesusi min handiagoa ematen diona: aintzat eta begirunez hartuak nahi izateak eta agurtuak izateko ume-jarrera zoro horrek baino min handiagoa, alegia. Jainkozaletasun sakonaren itxurak egiten dituzte jendaurreko «otoitzaldi luzeez», baina beren izen erlijioso horretaz baliatzen dira emakume alargunen eta, Bibliaren arabera, izaki ahulenak eta babesgabeenak direnen bizkar bizitzeko.
Hain juxtu, emakume alargun horietako batek jarriko du agerian gidari erlijioso horien erlijio ustela. Alargun honen keinua oharkabea izan da guztientzat, baina ez Jesusentzat. Emakume gajoak bi txanpon bakarrik bota ditu eskaintzen dirutegira. Baina Jesusek berehala dei egin die ikasleei, zeren nekez ikusiko baitute tenpluko ingurumenean behartsuekiko bihotz erlijiosoagorik eta solidarioagorik.
Alargun hau ez dabil ohore eta izen handi bila; ezkutuan eta apal dihardu. Ez dabil inor nola ustiatuko; aitzitik, duen guztia eman du, beste batzuek behar izango dutelako. Jesusen hitzetan, beste inork baino gehiago eman du, zeren ez baitu eman sobera duenetik, baizik «bizitzeko duen guztia eman du».
Ez gaitezen oker ibili. Jende xume den baina bihotz handi eta eskuzabaleko hau, baldintzarik gabe maitatzen dakien hau, da Elizan dugun altxorrik hoberena. Jende hau da mundua gizatarrago egiten ari dena, Jainkoagan benetan sinesten duena, Jesusen Espiritua bizirik mantentzen duena, beste jarrera erlijioso sasiko eta interesatu batzuen aurrean. Jende honengandik ikasi behar dugu Jesusi nola jarraitu. Jende hau da Jesusen antzekoena.
Jose Antonio Pagola