Urteko 32.igandea B 2015-11-08
HOMILIA
Anai-arrebok!
Aste honetan, azaroaren 4an, Karlos Borromeoren (1538-1584) jaia ospatu dugu. Milango gotzaina izan zen. Egun horretako liturgian irakurri genituen Borromeoren hitz batzuk gogoratu nahi nituzke, asteko: Apaiz batek hau eta bestea nahi izango luke, baina ez du jartzen hartarako behar den baliabiderik. Beste batek dio salmoak errezatzean edo meza ematean burura mila gauza etortzen zaizkiola; horrelako horri galdetuko nioke: meza aurretik, «zer egin duzun sakristian?, nola prestatu zara?, zer baliabide hartu dituzu arretari eusteko?»
Guri dagokigula, nola prestatzen gara meza egoki ospatzeko? Azken orduan, presaka eta korrika etorri? Batez ere, mezakoan zer entzungo, zer ospatuko bihotza irekirik etortzen al gara? Ala auskalo zein errezelo dugula? Aspaldiko oharpena dugu. Karlos Borromeok 16. mendean egina. Eukaristia behar bezala ospatzeko, eguneroko prestaketaz aparte, unean uneko prestaketa eskatzen du.
Horiek horrela, gaur, alde batetik, ebanjelioaren mezua komentatu nahi nuke, labur-labur. Segidan, Erroman bukatu beharria duten Sinodoaren 7 konklusioren berri eman nahi nizueke.
Lehenik, ebanjelioa. Kontuz ibili lege-maisuekin esaten die Jesusek ikasleei. Beren burua bilatzen dute horiek. Eta ez jendearen ona. Pobreak pobreago egin nahi dituzte. Okerrena, hori guztia erlijioaren izenean egiten dutela. Bigarren, emakume alargun behartsu bat ikusi du Jesusek tenplu aurreko diru-kutxan bost koarto botatzen. Ezer ez. Diru horrekin ez du konponduko inoren beharrik. Baina Jesusek beste alde batetik hartu du emakume horren jokabidea. Jainkoagan jarri duen konfiantza. Eskura duen guztia eman du. Inoren beharrik ez du konponduko. Baina bere burua konpondu du: Jainkoagan jarri bere uste osoa.
Senideok, kontua ez da gauza handiak ala txikiak egitea. Zergatik eta nola egin da kontua. Ez da garrantzizkoa azaleko eta ageriko portaera. Bihotz-jarrera da inporta duena Jesusentzat.
Eta orain azken sinodoaren zazpi konklusio.
Familiaz egin duten Sinodoan, 94 puntu izan dituzte aztergai, eta erabakitzeko. Zazpi konklusio nagusi aipatuko ditut.
1.- Familia beste era batean hartu edo ikusi
Familiaz ulermen-jarrera eta esperantza-jarrera izateko eskatu dute gotzainek, gauza mingarriak agertzen direnean: bakartasuna dela edo bikotearen porrota dela
Horrelakoei laguntzea ez da dena ondo dagoela esatea. Oinazean bat egitea da; harrera ona egitea samurtasunez.
2.- Ezkontzarako prestaketa
Behin eta berriz errepikatzen da dokumentuan ezkontzarako prestatu beharra. Ez da aski lau edo bost ikastordu ematea. Honetan parte handiagoa hartu behar dute adin handiagoko familiek, zuhur eta maitasunez jardunez. Laguntza handia eman dezakete. Ez egoera berezietan bakarrik. Baita seme-alaben zaintzan, heziketan, gaixoen arduran.
3.- Biziari irekirik eta sexu-heziketa
Gurasoek ardura handia agertu behar dute seme-alaben sexu-heziketan. Funtsezkoa da heziketa hau: afektibitate egonkorra giltzarria da zoriona lortzeko eta bihar eguneko ezkontza-bizitzaren iraupenerako.
4.- Elkarrekin bizi diren bikoteak
Ezkondu gabe, elkarrekin bizi diren bikoteez ere hitz egin du Sinodoak.
Dio, haietako asko leial bizi direla eta bizitzari irekirik, biak ere ezkontzaren ezaugarriak. Horregatik, halakoei arreta berezia eskaintzeko eskatzen du, ezkontzera bideratu daitezen. Horrela ikasiko dute, ezkontza-sakramentuak nola laguntzen ahal dien bizitzako zailtasunei aurre egiteko.
5.- Kontzientzia eratu edo formatu
Hona zer dioen aita santuak Sinodoa bukatzeko hitzaldian: «Elizaren lehen egitekoa ez da gaitzespena edo anatemak aireratzea, baizik Jainkoaren errukia aldarrikatzea, konbertsiora dei egitea eta gizon-emakume guztiak Jaunaren salbaziora bideratzea».
Berriro ezkondu direnei dagokienez, kontzientzia formatzen lagun behar die apaizak, eta Jainkoaren aurrean zein egoeratan dauden aurkitzen. Kontua, nork bere buruaz kontzientzia argi bat lortzea da. Esaterako, Joan Paulo II.ak esan zuena: ez dira gauza bera zuzenaren kontra zapuztua izan den bikotekidearen kasua eta ezkontza suntsitu duenaren kasua.
6.- Pertsona homosexualak
Sinodoak dio, Kristok «pertsona guztiak maite zituela eta bakoitzarengatik hil zela, salbuespenik gabe». Ondorioz, «pertsona bakoitza, duena duela bere sexu-joera, errespetatu behar dela bere duintasunean, eta onartua izan behar dela, “edozein zuzengabeko bereizketa” saihestuz».
Esaten du ere, «ezin dela ezarri analogiarik pertsona homosexualen elkartearen eta ezkontza eta familiaz Jainkoak duen egitasmoaren artean».
7.- Emigranteen familiak
Sinodoak ezin egin dio ezikusiarena, gerlari edo pobretasunari ihes eginez, beren lurraldea utzi eta bizitza berri bat hasi beharrean gertatu direnen dramari. Elizbarrutiei eta parrokiei pertsonaren duintasuna errespetarazten saiatzeko eskatzen die. Eta laguntzekoan, bakoitzaren kultura, sineskizunak eta tradizioak kontuan hartzeko eskatzen die.
Hitz batean, 94 puntuek proposamen baikorrak dakartzate. Besteak beste, eskatzen du, emakumeak aintzak hartzeko Elizan erabakiak hartzeko ibiltzeko ibilbidean; gurasoek ez diezaiotela uko egin familia babesteari; orain baino gehiago hartzeko kontuak aitona-amonak; elkarteak ardura daitezela oreka ezartzen, lanari eskainitako denboraren eta familiari eskainitakoaren artean.
Senideok!
Ebanjelioko alargunak, Jainkoagan duen konfiantza agertuz, eskura duena eman duen bezala.
Jesusen, mundu guztia salbatzeko, bere eman duen bezala.
Saia gaitezen geure geuretik ematen, beharrean dagoen jendea zoriontsuago egiteko.
Dionisio Amundarain