Azken azterketa prestatzen (Mateo 25,1-13)
Urteko 32. igandea A (2020-11-08
Hurbil da ikasturte bukaera
Urte liturgikoaren bukaerara hurbiltzen ari gara; azaroaren 22an amaituko da. Ikasturtearen bukaera balitz bezala da, azterketa bat egitera gonbidatuko bagintu bezala; sakon eta garaiz presta gaitezen nahi du Elizak. Horretarako, azken hiru igande hauetan (32., 33. eta 34. igandeetan), hiru parabola entzungo ditugu, bata bestearen osagarri: hamar neskatxak, talentuak, Azken Auzia. Parabola hauek Mateok bakarrik dakartza, eta helburu jakin batekin gehitu ditu. Markosen ebanjelioa munduaren azkenari dagokion Jesusen irakaspenarekin bukatu da; bukaera kontsolatzailea, Jaunaren itzulera eta gure garaipena promesten ditu. Mateok hiru parabola hauek gehitu ditu; bizitza benetan aintzat hartzera gonbidatu nahi gaitu.
Lurrikara bat, ustekabekoa?
Urriaren 30ean lurrikara bat izan da Egeo itsasoan, Turkiari eta zenbait uharte greziarri erasan diena. Idazten ari naizen une arte aipatu dituzten hemeretzi hildakoek, bizitzara itzultzerik izango balute, guztiz bat etorriko lirateke ebanjelioko hitz hauekin: «Bizi erne, ez baituzue ezagutzen, ez eguna, ez ordua».
Erne bizitzea ez datza antsiaturik bizitzean
San Luis Gonzaga jolasean ari zen behin batean pilotalekuan, eta galdegin zion lagun batek: «Anaia Luis, gutxi barru hilko zarela jakingo bazenu, zer egingo zenuke?» Eta Luisek: «Jolasean jarraitu». Nola uztartu daitezke adi bizitzea eta jolasean jarraitzea? Gaurko parabolak lagundu diezaguke ulertzen.
Hamar neskatxak
Jesusen garaian, ezteiak ospatzen zirenean, neskatxa-talde bat izaten zuen lagun senargaiak andregaiaren bila joateko, zeremonia ospatzera. Gertaera hain arrunt honetatik abiatuz osatu du Jesusek gaurko parabola. Bosnako bi taldetan banatuak diren hamar neskatxa ditugu aurrean: bosteko batekoak zentzugabeak dira, kriseilurako ordezko olioa hartzeaz ahaztu dira; beste bostekoak zentzudunak dira, ordezko olioa ere hartua dute. Orain arteko guztia da posible. Baina bat-batean itxuragabeko tankera hartu du parabolak; izan ere, huts egiten duena ez da andregaia, baizik eta senargaia: gauerdiraino atzeratu da.
Bitarte horretan, lo gelditu dira hamarrak. Eta kriseiluek olioa erretzen jarraitu dute. Senargaia iritsi denean, batzuek eskura dute ordezko olioa; besteen kriseiluak azkenetan daude. Zentzudunek ez diete oliorik eman nahi izan, eta senargaiak ez ditu onartu ateak itxirik direla iritsi direnei.
Parabolaren ondorioa nahasgarria da: «Beraz, bizi hadi, ez baituzue ezagutzen, ez eguna, ez ordua». Nahasgarria da, hamarretatik inor ez baita adi egon, guztiek eman diote lo egiteari. Horrenbestez, adi bizitzea, kasu honetan, ordezko olioa hartzean agertu duten zentzuzkotasunean datza. Zer esan nahi du honek praktikan?
Bi interpretazio posible
Parabola bi ildo nagusitan interpretatu izan da.
Batak garrantzi berezia eman dio olioari: fedearen, suhartasunaren, egintza honen iruditzat hartu izan da. Senarra, Kristo, iristean izan behar dugun hornigaia izango litzateke.
Beste ildoak ez dio eskaini aparteko garrantzirik olioaren sinbolismoari. Inporta duena jadanik prest egotea da; gerorako ez uztea, beranduegi izan baitaiteke. Bigarren ildo honek ematen du zehatzena, hizkuntza modernoetan eman izan dioten itzulpenak adierazten duenez. Hamar unibertsitario ikasturte-bukaerara iritsi dira. Bost ikasturte-hasieratik ari izan dira ikasten, urte guztian, jardueratan parte hartu dute, oharrak hartu dituzte; beste bostak mugidatik mugidara ibili dira. Azterketa-orduan, beren erantzunak eskatu dizkiete lehen taldekoei. Hauek ezetz, logikoa denez. Azterketa denboraren denboraz prestatzen da, ez da inprobisatzen, ez da kopiatzen.
Nolanahi den, bi interpretazioek batak bestea osatzen dute. Esaten badugu: «Inporta duena prest egotea da», zertan datza prestaera hori, prest egote hori? «Ordezko olioa hartzean». Eta, zer da olioa? Mateok argi utziko digu bi igande barru, azken auziaren parabolan: eskura izan behar dugun olioa egintza onak dira: goseak denari jaten ematea, egarri denari edaten ematea, biluzik dena janztea, etab.
Lehen irakurgaiaren giltza (Jakinduria 6,12-16)
Lehen irakurgaiak, Jakinduria liburutik hartuak, ikuspegi guztiz interesgarria aurkezten digu. Pasarte hau aukeratu bada, bost neskatxa zentzudunekin egoki datorrelako da. Irakurgai honetan, jakinduria ez da gauza intelektual bat, ez da ezagutza-multzo bat, baizik eta pertsona bat da, maite duzun bat, bila ibili eta aurkitu duzun bat, edota geure atarian gure zain eserita dagoen bat. Jakinduriaren irudi pertsonalizatu hau Jesusi egotzi zioten lehen kristauek: Jainkoaren Jakinduria da bera.
Honela, parabolak beste zentzu bat hartzen du. Nola bizi gintezke prest? Zertan datza adi bizitzea? Jesusekin harreman hori izatean, geure buruan hura izatean, harekin hitz egitean, berak aurki gaitzan uztean. Senargaiak bost neskatxa zentzugabeei esana gerta ez dakigun: «Ez zaituztet ezagutzen». Jesusekiko adiskidetasuna, harekin elkarrizketa egiteko gaitasuna, ez dira inprobisatzen. Egunero landu behar dira, ondoren ezteietako mahaiaz gozatu ahal izateko. Ahaztu gabe, bigarren agindua lehenengoaren parekoa dela: lagun hurkoarekiko maitasuna eta ardura ere ez dira inprobisatzen azken orduan.
José Luis Sicre