URTEKO 31. IGANDEA B (2021-10-31)
SARRERA
Senideok, urteko 31garren igandea ospatzen dugu gaur. Gaurkotik hasita, hiru igandeetan Jesus Jerusalemen ikusiko dug, lurreko bere azken astean.
Gaurko ebanjelioan lege-maisu batekin ari da hizketan Jesus. Lehen eta oinarrizko agindutzat biok aurkeztu dizkio Jesusek lege-maisuari, eta gaur guri: Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzea. Behingoz, lege-maisu hori ere bat dator Jesusekin.
Lehen irakurgaia, Deuteronomio liburukoa, ere Jainkoa maitatzeaz ari da. Jainko bakartzat aitortuz.
Bigarren irakurgaiak, berriz, Jesus apaiz nagusi dela agertzen digu. Itun Zaharreko apaizak ez bezala, Jesus da egiazko apaiza eta betikoa. Eta gaur egun ere Jainkoaren eta gizartearen bitarteko izaten jarraitzen du Jesusek. Kristo, apaiz denez, bitartekoa dugu zeruan, eta gure alde erregutzaile.
Senideok, irakurgai hauek Jaunaren hitza entzuteko adi egitera gonbidatzen gaituzte. Juduek egunean bi aldiz esaten zuten otoitzaren hasiera aipatu dio Jesusek lege-maisuari, eta gaur guri: «Entzun, Israel»,
LEHEN IRAKURGAIA Deuteronomio liburutik (6,2-6)
Moisesen bigarren hitzaldiko zatia da gaurko pasarte hau (Dt 4,44─28,68). Lehen aginduaz ari da: Jainkoa maitatzeaz. Baina izan dezagun kontuan. Entzuteari garrantzia emateko esanez hasten da otoitz hori; bi hitz hauekin: «Entzun, Israel». Entzutera gonbidatzen gaitu, beraz, gu ere. Lehenik eta behin, entzuten ikasi behar dugu; bihotzean mintzo zaigun Jainkoari entzuten.
Juduek egunean bi aldiz esaten zuten otoitzaren hasiera da. Otoitz horixe entzungo dugu guk orain. Eragingo ahal digu guri ere konbertsiora.
Hain zuzen, entzuteak, Bibliaren zentzuan, Jainkoaren erregu nagusiari pozik atxikitzea esan nahi du: Jainkoari sinestea eta bera maitatzea «bihotz osoaz, arima osoaz eta indar guztiez».
BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkitik (7,23-28)
Hebrearrei idazkiak, lehenik eta behin, Jesu Kristo apaiz nagusia dela esango digu. Ondoren, Kristoren apaizgoaren berritasunaz hitz egiten digu.
Gaurko irakurgaiak bi zati ditu. Eta Itun Zaharreko apaizen eta Jesusen apaizgoaren arteko bi antitesi agertzen dizkigu: Itun Zaharreko apaizak hil eta ezkutatu ziren; Jesus, berriz, apaiz da betiko. Itun Zaharreko apaizek opari asko eskaini behar izaten zuten; Jesusek opari bakarra eskaini du, bere burua, eta betiko.
Senideok, Jainkoaren eta gure arteko bitartekoa da Jesus. Gure esperantza da. Jo dezagun harengana konfiantza osoaz.
EBANJELIOA Markosen liburutik (12,28-34)
Lege-maisu bat galdera egitera datorkio Jesusi: zein da lehenengo agindua? Galdera horrek bazuen, eta badu, bere zentzua. Izan ere, juduek, urteak joan urteak etorri, 613 agindu edo arauen bilduma osatu zuten. Lege-maisu honek, horietan lehena zein den galdetu dio Jesusi.
Honek, erantzunez, judu guztiek egunero bi aldiz egiten duten otoitza gogorarazi dio. Baina zerbait gehiago gehituz: Jainkoa maitatzea eta lagun hurkoa maitatzea, biak elkarrekin doaz.
Bestetik, galdera horrek zentzu osoa du alderdi honetatik ere. Gizaki guztiek nahi dute jakin zein den bizitzan hondo-hondoko ernamuina. Zein den bizitzaren oinarria. Zein den bizitza eraikitzeko zimentarria. Jesusentzat, esan bezala, Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzea da zimentarria. Agindu guztiek agindu bikoitz hori dute sostengu.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Munduko eliza guztien alde: Jainkoaren hitzari obeditzen lehenak izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gobernari, politiko eta gizarte-gidarien alde: berek ere uler dezaten, beren egitasmoak Jainkoaren Hitzean oinarritu behar dituztela. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gure artean kristau-talde txikiak eratzen joan gaitezen, Jesusen jarraitzaile guztientzat eredu izango direnak. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gutako bakoitzarentzat: geure eguneroko bizitzan, gai izan gaitezen, Jainkoaren Hitza entzuteko jarrera indartzeko. Eska diezaiogun Jaunari.