MAITASUNA IKASI EGITEN DA Markos 12,28-34
Urteko 31. Igandea B 2021-10-31
Kasik inork ez du uste, maitasuna pixkana ikasiz joan beharreko zerbait dela, bizitza osoan barna ikasi ere. Jenderik gehienak jakindakotzat ematen du gizakiak berez dakiela maitatzen. Horregatik hauteman daiteke hainbeste errore eta hainbat anbiguotasun maitasunaren mundu misteriotsu eta erakargarri horretan.
Bada uste izaten duenik, maitasuna funtsean maitatua izatean datzala eta ez maitatzean. Horregatik ematen dute beren bizitza egin ahalak egiten, norbaitek maita ditzan nola lortuko. Jende honentzat, gauzarik garrantzizkoena erakargarri izatea da, atsegin izatea, elkarrizketa interesgarri bat egitea, maitagarri bihur-tzea. Eskuarki, aski zoritxarrekoa izaten dute azkena.
Beste batzuek uste izaten dute, maitatzea gauza aski sinplea dela; gauza zaila pertsona atseginak aurkitzea dela, maitagarri direnak. Jende hau begiko zaionari bakarrik hurbiltzen zaio. Konturatu orduko delako pertsona hori ez dela uste eta nahi izandakoa bezalakoa, lausotu egiten zaio bere «maitasuna».
Bada maitasuna eta desioa nahasten dituenik ere. Bere lagunarte, afektu edo plazer-nahia aseko duen norbait aurkitzera mugatzen du guztia. «Maite zaitut» esaten duenean, «desiratzen zaitut», «gustuko zaitut» esaten ari da egiaz
Jesusek beste gauza bat du buruan, bizitzako gauzarik inportanteena eta erabakitzaileena Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzea dela esaten ari denean. Jesusentzat, bizitza mugiarazten eta hazarazten duen indarra da maitasuna; izan ere, bakardadetik eta bereiz bizitzetik liberatzen gaitu, Jainkoaren eta gainerakoen elkartasunean sarrarazten gaituelarik.
Baina, zehazki, «lagun hurkoa nork bere burua bezala maitatzeak» egiazko ikasketa bat eskatzen du, beti eskura den ikasketa, Maisutzat Jesus duenarentzat.
● Lehen egitekoa, besteari entzuten ikastea da. Bizi duena ulertzen saiatzea. Bizi dituen sufrimendu, premia eta asmo horiek entzun gabe, ezinezkoa da egiazko maitasuna.
● Bigarrena, ematen ikastea da. Ez dago maitasunik buru-eskaintza eskuzabalik gabe, doako ematerik gabe, erregalurik gabe. Metatzearen, besteaz jabetzearen, besteaz baliatzearen, bestea norberaren probetxura erabiltzearen guztiz kontrakoa da maitasuna,
● Azkenik, barkatzen ikastea eskatzen du maitasunak. Bestea den bezala onartzea: ahuldade, eskastasun eta guzti. Ez baztertzea lasterregi adiskidetasuna edo maitasuna. Eskaintzea batak besteari behin eta berriz berriro topo egiteko aukera.
Jose Antonio Pagola