Urteko 31. Igandea B 2018-11-04
HOMILIA
Anai-arrebok!
Joan den igandean, Jerikon Bartimeo itsua sendatu izana gogoratu genuen. Markos ebanjelariak, pasadizo haren segidan, Jerusalemen aurkeztu digu Jesus: lur honetan bizi izan duen azken astea izango da: Mesias bezala sartu da Jerusalemen, Tenplua profanatu izana leporatzen die bertako apaizburuei, apaizburuek eta lege-maisuek kontuak eskatu dizkiote: «Zein aginpidez jokatzen duzu horrela?» galdetu diote, betiko bizian sinesten ez duten saduzearrek galdera egin diote azpikeriaz etab.
Horiek guztiak ez bezala, asmo honez, Jesusen iritzia jakin nahiz, lege-maisu bat etorri zaio galdezka: «Zein da agindu guztietan nagusiena?» (Mk 12,28). Eta Jesusek, judu jainkozaleek egunero egiten duten otoitz bat gogorazi dio; honela hasten da otoitz hori: «Entzun, Israel! Jauna da gure Jainkoa…» (Dt 6,4). Eta, segidan, otoitz horretan datorren agindua gogorazi dio Jesusek: «Maitatu Jauna zeure Jainkoa», eta berehala Bibliako beste liburu batean, Lebitarrena liburuan, datorrena gehitu du Jesusek: «Maitu lagun hurkoa zeure burua bezala» (Lb 19,18).
Honetan datza Jesusen erantzunaren berritasuna: agindu nagusia zein den galdetu diola, eta agindu nagusiarekin batean bigarrena azaldu diola. Jainkoa ezin maitatu da, lagun hurkoa maitatu gabe.
Eskuarki, lege-maisuak Jesusen arerio ageri dira ebanjelioan. Kasu honetan, aldiz, lege-maisu hau bat dator Jesusekin. Eta, gainera, xehetasun interesgarri bat gehitu du: Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzeak opari eta sakrifizio guztiek baino gehiago balio du.
Eta Jesusek esan dio: Ez zaude Jainkoaren erreinutik urrun. Alegia, ez zaude urrun, Jainkoak munduaz duen nahitik, Jainkoak munduaz duen asmotik, Jainkoak munduaz duen egitasmotik; pentsatzen duzuna betetzea falta zaizu.
Izan ere, maitasuna da fedearen neurria. Esadazu zer fede duzun, eta esango dizut zer maitasun duzun. Eta, alderantziz, esadazu zer maitasun duzun, eta esango dizut zer fede duzun. Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzeak adierazten du Jainkoagan benetan sinesten dugun
Bestetik, oso garrantzizkoa da kontuan hartzea, Jainkoak eskatzen digun maitasuna ¬Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzea¬ ez dela agindu bat, baizik eta dohain bat dela. Jainkoak maitatu gaitu lehenik, eta maitasun horrek eragiten digu, bai maitatzera, bai nola maitatu ere. «Maita ezazue elkar nik maite zaituztedan bezala». «Maita ezazu Jauna… bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz» esan dio Jesusek lege-maisuari, eta esan nahi digu gaur guri. Eta lagun hurkoa badakigu zein den: Jainkoaren seme-alaba diren guztiak; modu berezian pobreenak.
Lagun hurkoa nola maitatu adierazteko, San Paulok maitasunaren nolakotasun hauek eman dizkigu: «Maitasuna eraman onekoa eta bihozbera da; ez du bekaizkeriarik, ez handiusterik, ez harropuzkeriarik. 5 Ez da lotsagabea, ez berekoia, ez haserrekorra; kaltea ez du gogoan hartzen.
6 Ez da bidegabekeriaz pozten, baizik eta egian pozten da. 7 Maitasunak dena barkatzen du, dena sinesten, dena itxaroten, dena ongi eramaten (1 Ko 13,4-7)
Senideok, horixe da bizirako bidea. Guztiok opa dugun bizirako bidea. Izan ditzagula lagun joan den ostegunean ospatu ditugun Santu Guztiak. Jakin dezagula bihotz barnean hitz egiten digun Jesusen Espirituari ENTZUTEN. Gaur ere, israeldarrei bezala erregutzen digu Jainkoak: «ENTZUN, ISRAEL». ENTZUN, KRISTAUOK. ENTZUN, ELIZA. ENTZUN ETA ENTZUN.
Dionisio Amundarain