PARTAIDE ELIZAREN KONBERTSIO-LANEAN (Mateo 23,1-12

Ez dira gutxi fedetik urrundu direnak, Elizaren jardueraz eskandalizaturik edo desengainaturik, beraien ustez, ez delako leial ebanjelioarekin, ezta koherente ere bere jardueran predikatzen duenarekin. Jesusek ere zorrotz kritikatu zituen buruzagi erlijiosoak: «Ez dute egiten esaten dutena». Baina, kontuz, Jesus ez zen geratu horretan. Guztien bila ja-rraitu zuen eta guztiei dei eginez Jainkoaren aurrean duinagoa eta erantzuleagoa den biziera batera.

Urtetan barna, neuk ere ezagutu ahal izan dut Elizan, hurbiletik ere, ebanjelioarekin oso koherente ez zen jarduerarik. Batzuetan eskandalizatu ere, es-kandalizatu izan naute, besteetan kalte ere egin didate, kasik beti penaz bete naute. Gaur egun, halaz guztiz, inoiz baino hobeto ulertzen dut Eliza erdipurdi ari dela ikusteak ez duela zuritzen inor fedean erdipurdi ibiltzea.

Elizak asko aldatu beharko du, baina garrantzizkoa nork bere fedea birbizitzea da, beste era batean sinesten ikastea, Jainkoari iskin egitera ez jotzea, nork bere kontzientziaren deiei bihotz garbiz jarraitzea, bizitza ikusteko modua aldatzea, eban-jelioaren muina bilatzen ibiltzea eta ebanjelio hori gogotik bizitzea.

Elizak gainditu egin beharko ditu moteltasuna eta beldurra, ebanjelioa gaurko gizartean txertatzeko, baina norberak aurkitu beharko luke gaur egun Kristori inoiz bai egiatiago jarraitzen ahal diola, inolako sasi-sostengu sozialik eta ohikeria erliji-osorik gabe. Norberak ikasi beharko luke era ebanje-likoagoan bizitzen, bai lana eta jaia, bai jarduera eta isiltasuna, gizarteak oratu eta modelatu gaitzan utzi gabe, eta geure kristau-nortasuna galdu gabe arinkeria eta azalkeria modernoetan.

Elizak sakon berrikusi beharko du Kristori dion leialtasuna, baina norberak egiaztatu beharko luke Kristorekiko bere atxikimenduaren nolakotasuna. Norberak zaindu beharko luke Jesusengan agertutako Jainkoarengan duen fedea. Eliz erakundearen beka-tuak eta miseriak ez naute libratzen, ez erantzule egiten ezertaz. Jainkoari irekitzea edo uko egitea nire arazoa da, nirea bakarrik.

Elizak iratzarri beharko du berarekiko konfiantza, eta bota beharko ditu bere gainetik koldarkeria eta errezeloak, gaurko munduari esperantza kutsatzea eragozten diotenak, baina norbera da bere barne-pozaren erantzule. Norberak elikatu behar du bere esperantza egiazko iturrira joanez.

Jose Antonio Pagola