URTEKO HOGEITA HAMARGARREN IGANDEA B
Lehen irakurgaia
( Izrael bozkariotan itzultzen desterrutik )
Jeremi profetaren liburutik 31, 7-9
7 Hunela mintzo da Jauna:
“ Egin oihu pozaren pozez Jakoben herriagatik,
egin irrintzin herrien buru denagatik!
Egin oihu, gorets Jauna, erranez:
“ Salbatu du Jaunak bere herria, Izraelen hondarra!”
8 Beha: iparraldetik erakarriko ditut,
eta lurraren azken mugetarik bilduko.
Heien artean itsua eta maingua, haurduna eta haurra izan berria:
jendetza handia itzuliko da.
9 Nigarretan joanak ziren, kontsolaturik ekarriko ditut;
ur bizietarat eremanen ditut, behaztopatuko ez diren bidetik.
Aita bainaiz Izraelentzat, Efraim baitut premu.
Jaunak errana! ”
Profetaren solasak ez dira berak, herria bakean eta zorionean delarik edo malurrak jorik eta
esperantza guziak galduak dagolarik. Jeremi mehatxuka ari da bere herritarreri bakean eta aiserian
bizi direlarik. Bihotz berritzerat deitzen ditu Jainkoaren zigor bortitzak ez ditzan jo. Aldiz aferak
gaizki doatzilarik profeta esperantza emaile nahi da agertu: Jainkoak ez du sekulan bere herria bere
ber utziko hunen hutsak biziki handiak izanik ere.
Hemen kondatua zaukuna egoera etsigarri batean idatzia ditaike. Etsipenaren leize zolan
delakotz Jeremi ausartzen da aldarrikatzerat : “Egin oihu pozaren pozez Jakoben herriagatik.“
Egoera hortan,profeta da lehenik ikusten duena gaua finitzerat doala eta egunsentia hurbil dela. Ez
baita errex izanen sinestea profetak dioena, hunek bere solasak Jainkoarenak direla badio ere eta ez
bereak : “ Hunela mintzo da Jauna…Jaunak errana!“
Zein zorigaitzen denboretan ote gira hemen ? Dudarik gabe Babiloniako erbesteratzearen
urteetan. Hau iragan zen bi alditan, lehena 597an, bigarrena kristo aitzineko 587an. Jeremi ez zen
erbesteratua izan, Jerusalemen gelditu zen.
Hemen dugun idatzia Jeremik Jerusalemen idatzi zuen bere herritarreri esperantza emaiteko
xedearekin.“ Beha: iparraldetik erakarriko ditut eta lurraren azken mugetarik bilduko…Nigarretan
joanak ziren, kontsolaturik ekarriko ditut…“
Azken ohar bat. Jainkoa aita dela errana da. „Aita bainaiz Izraelentzat, Efrain baitut
premu.“ Jainkoa aita bat bezala ikustea, memento haietan, aski gauza berria zen.Ozek du lehen
aldikotz, Kristo aitzineko 8.mendean, Jainkoa « aita » bat bezala erakutsi : « Izrael haurra zelarik
maitatu dut eta Egiptotik ateratzeko dei egin diot nere semeari…Haurtxoa musuraino altxatzen
duenaren idurikoa nintzen heientzat…» (Os 11,1-4) Izraelen fedeak, memento kezkagarri batean
jauzi handi bat eginen du, Jainkoa aita bezala ikusiz.
Salmoa 125
Leloa: Handizki gaitu Jaunak lagundu:
Hara non garen bozkariatzen.
Preso zirenak baititu Jaunak erakarri,
Gu ginen kasik ametsetan.
Ahoa zabal ginauden oro dena irri,
Kantu soinuak ezpainetan.
Bertze jendeek egiten zuten so elgarri:
“ Ari da Jauna heien baitan.”
Handizki dauku Jaunak eskua eman guri:
Hara non garen lorietan.
Eman zuk, Jauna, gure jendean indar berri:
Urek bezala mortuetan.
Nigar-hipetan joaten direnak ereilari,
Uzta bilari lorietan.
Haratekoan harat doatzi pleinuz ari,
Hazi-bihiak eskuetan.
Hunatekoan hunat datortzi kantuz ari,
Espal ederrak eskuetan.
« Preso zirenak baititu Jaunak erakarri… » Salmo hau idaztean erbesteratuak beren herrirat
itzuliak dira beraz. Babilonia, bere aldian, erori da Kristo aitzineko 538an. Cyrus, nagusi berriak,
beren etxerat igorri ditu arrotz guziak, Izraeldarrak bertzeak bezala.
„Gu ginen kasik amentsetan“ Ezin sinetsia zen berriz itzultze hori, egiazko berpizte bat.
Alabainan Babilonian egonez beti, beren ohidurak eta beren sinesteak galduko zituzten, paganotuko
ziren eta beren izaitea galduko. Berpizte horren azaltzeko, konprendiarazteko salmistak bi irudi
aipatzen ditu: urarena eta uztarena.
Urarena. “Eman zuk, jauna, gure jendean indar berri: urek bezala mortuetan.“
Jerusalemeren hego aldean den Negev deitu lurra desertu bat da, bainan primaderako euri uharren
ondotik mendiak lorez estaltzen dira.
Bigarren irudia: uztarena. Bihia lurpean usteltzen balin bada, gero uzta heldu da.
“ Haratekoan harat doazi pleinuz ari, hazi-bihiak eskuetan. Hunatekoan hunat datorzi kantuz ari,
espal ederrak eskuetan.“
Bada hor esperantzazko mezu eder bat. Kristoren sortzeak gauzatuko duena.
Bigarren irakurgaia
( Jesus apez nagusi Melkizedeken araberan )
Hebrearreri epixtolatik 5, 1-6
1 Apez nagusia gizonen artetik hartua,
gizakien alde ezarria da Jainkoari dagozkionetan,
bekatuengatik emaitzak eta opariak eskaintzeko.
2 Ezjakinean eta bide makurretik dabiltzanak urrikari izan ditzazke,
bera ere ahuleziaz inguratua baita;
3 eta, ahulezia horrengatik,
bere bekatuengatik ere opariak eskaini behar ditu,
herriaren bekatuengatik bezala.
4 Nehork ez dezake apez nagusigoaren ohorea beretzat har,
Jainkoak deitua ez bada, Aaron bezala.
5 Horrela, Kristok ere ez dio berak eman bere buruari
apez nagusigoaren ospea,
Jainkoak baizik , hunela hitz egin baitzion:
“ Nere Seme zira zu, nik zaitut gaur sortu.”
6 Beste salmo batean ere hau erraiten dio:
“ Apez zira zu betiko, Melkizedeken iduriko.”
Paulok Testamendu Zaharreko apez nagusiak eta Testamendu Berriko Kristo konparatzen
ditu. Apez nagusiaren ohorea eta Kristoren ospea, biak Jainkoak emanak dira.
Kristo baitan denak berriak dira eta bizkitartean bi testamenduak, ari berekoak dira. Berria
Zaharraren ume da.“ Ez uste ukan Moisen legearen edo profeten erranen ezeztatzera etorria
naizela; ez naiz ezeztatzera etorria heien beterat eremaitera bai“ (Mt.5, 17) T.Z.eko apez nagusia
bertze gizonen idurikoa da. Jainkoa eta gizonen artean zubi da eta Jainkoak hautatua da.
Apez Nagusia gizon kontsekratua da, erran nahi baita gizon “berex“ ezarria. Izraelgo hamabi
leinuetarik bat berex ezarria zen. Hura zen Levi-ren leinua. Ondokoak lebitak deitzen ziren. Hauk
beren denbora osoa tenploaren zerbitzuko emaiten zuten : ez zuten lurrik. Tenploko eskaintzetarik
ziren bizi. Apez guziek ez zuten grado bera. Hauien egitekoetan barne zen kabalen sakrifikatzea, bai
eta ere beilen antolatzea, kantu lanak segurtatzea eta abar…
Mois eta bere anaia Aaron Levitarretarik ziren eta Aaronen ondokoek zuten bakarrik
apeznagusi izaiteko ahala. Bainan Jesus ez zen levitarretarik. .Bere aitaren bidez Daviden ondokoa
zen.
Bainan Jainkoak nahi duena deitzen ahal du apeznagusi izaitera.Eta bere Seme Kristo
mundurat igorri du bere eta gizonen artean zubi izan zadien.”Apez zira zu betiko, Melkizedeken
iduriko.”
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Goretsia izan bedi Jauna gure Jainkoa:
Ilunbetan daudenak goratik argitu ditu.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 10, 46-52
46 Jesus bere dizipuluekin eta jendalde handiarekin
Jerikotik ateratzean,
Timeren semea, Bartime eskale itsua bide bazterrean jarririk zagon.
47 Nazareteko Jesus zela jakitean, oihuka hasi zen:
“ Jesus, Dabiden Semea, urrikal zakizkit! ”
48 Ainitzek larderiatzen zuten ixilarazteko,
bainan harek are gehiago oihu egiten zuen:
“ Dabiden Semea, urrikal zakizkit! ”
49 Gelditu eta Jesusek erran zuen : “ Dei egiozue.”
Itsuari dei egin eta erran zioten:
“ Gora bihotza! Jeiki, deitzen zaitu.”
50 Bere soingainekoa aurtikiz, jauzian xutitu
eta Jesusenganat joan zen.
51 Jesusek erran zion:
“ Zer nahi duzu egin diezadazun ?”
Itsuak ihardetsi:
“ Rabbuni, ikus dezadan.”
52 Eta Jesusek erran zion:
“ Zoazi, zure fedeak salbatu zaitu.”
Ordu berean ikusten hasi zen,
eta Jesusi jarraikitzen zitzaion bidean.
Berak eta bere dizipuluek Jeriko uzten dute Jerusalemeri buruz lotzeko. Eta horra nun
Bartime eskalea bide bazterretik oihuka hasten zaioten : “Jesus, Dabiden Semea, urrikal zakizkit!“
Eta nehork ez du ixilaraziko. Jesusek orduan : „ Dei egiozue!…zer nahi duzu ?“ itsuak berriz : “
Rabbuni, ikus dezadan.“ Eta Jesusek :“ Zoazi, zure fedeak salbatu zaitu“
„Zure fedeak salbatu zaitu…“ Epileptikoaren sendatzea ekarria den kapituluan ere irakur
ditaike Jesusen erran hau : “ Dena ahal du sinesten duenak.“ (Mk 9, 23) Eta bertze pasaia batean
Jesusek dio fedea duenak mendiak berak higiaraz dezazkeela. Bainan fedea nork emaiten du ?
Jainkoak : “ Nehor ez da nere ganat heldu, nere Aitak ez badu erakartzen .“ Eginbide dugu beraz
otoitz egitea Jainkaori fedea galdatuz.
Mirakulu horren ondotik laster Jesus Jerusalemen sartzen da ospe handitan. Jendeak
kantatzen duela : „ Ongi etorri Jaunaren izenean heldu denari…“ Mesias bezala ikusia da hor Jesus.
Bartimek ere „Dabiden seme“ deitzen duelarik Mesias dela aitortzen dio.
Jesusek ez dio sendatu duenari galdatzen, bertze kasu batzuetan egin duen bezala, bere
sendatze hori ez dezan konda, beretzat atxik dezan. Orai Jesusek onartzen du jendeak Mesias bezala
ikus dezan. Orai bere lurreko bizia laster bururatuko zaio eta, ez da irriskurik, jendeak Mesias
ospetsu bat bezala har dezan.
Mirakulu horrekin Jesusek erakusten du bera dela Profetek iragarri Mesias: „ Orduan itsuek
berriz ikusiko dute eta elkorrek entzunen…“ ( Is 35, 5)