Bartimeo itsua eta gure itsutasuna
Urteko 30. igandea B (2015-10-25)
Igande honetako ebanjelioak (Bartimeo itsua sendatzeak), lehen begiratuan, ulertzeko oso erraza dela ematen du: Jesusen mirarietako bat gehiago, beraren bizitzan. Alabaina, badira arreta ematen duten xehetasun batzuk, ohikoak ez direlako.
Kontakizuneko xehetasun kurios batzuk
1.- «Daviden seme» deitzen dio Bartimeok Jesusi. Markosen ebanjelioan, Jesusi izen hori ematen dion pertsona bakarra da. Bi zentzu izan ditzake: a) Jesus, «Daviden seme» den aldetik, espero duten Mesias da, Israelgo erregea; pasarte honen aurre-aurrean bere heriotzaz, zerbitzari etorri dela eta ez zerbitzatua izatera esanez, mintzatu den arren, Jesusen duintasunaz eta bera sendatzeko duen ahalmenaz hitz egin du itsuak; b) Jesus, «Daviden seme» den aldetik, Salomonen pareko da, zeini ondorengo legendek sendatzeko ahalmena leporatu baitzioten. Azken zentzu honetan erabiltzen da sarritan Mateoren ebanjelioan.
2.- Itsuaren jarrera; gero eta ozenkiago egiten du oihu, jendeak isiltzeko agintzen dion arren. Markosek adierazten du, ironia apur batekin, isiltzeko agindu dion jendeak berak animatuko duela gero jaiki eta Jesusengana joatera. Alabaina, behin eta berriz errepikatu duen eskaria da garrantzizkoena: «erruki nitaz»; ondoren, ikusi ahal izate bilakatuko den eskaria.
3.- Gauza kuriosa da, Jesusengana hurbildu aurretik «soingainekoa bota zuela» kontatzea. Ematen du beharrezkoa ez den detaile bat dela. Baina, ebanjelioaren hasieran lehen ikasleez esan dena dakarkigu burura: «sareak utzirik jarraitu zioten» (Mk 1,18).
4.- Bartimeok uste duen arren Jesusek senda dezakeela, Jesusek diotso: «zeure fedeak sendatu zaitu», fedearen garrantzia nabarmenduz.
5.- Kasu bakarra da hau ebanjelio guztian, pertsona bat, sendatua izan ondoren, Jesusen bidelagun bihurtzen dena. Testuak esaten ez duen arren, Jerusalemerantz jarraitu dio, heriotzarantz eta piztuerarantz.
Kontakizuna ebanjelio osoan harturik
Markosen ebanjelio osoa harturik kontakizun hau irakurtzen dugunean, jabetzen gara egundoko garrantzia duela.
1.- Pasadizo hau ebanjelioaren sail luze baten bukaera da, zeinetan gai desberdinez bere ikasleak formatzen joan baita Jesus: bizi izan dituzten arriskuak (handinahia, eskandalua, jende txikiaz ez arduratzea), dituzten betebeharrak (elkar zentzatzea, barkatzea) eta jasan duten nahasmendua ezkontzaz, haurrez eta aberastasunez Jesusek agertu dizkien ideien inguruan. Irakaspen hauen guztien ondoren, ikasleak itsu dela senti lezake, Jesusek bezala ikusi eta sentitzeko ezgai dela.
2.- Testuinguru honetan, Bartimeoren jarrera, errukia eskatuz behin eta berriz oihu egiten diola, gure jarreraren sinboloa da: Jesusen irakatsia ulertzen ez dugunean edota betetzeko ezgai garenean izan beharko genukeen jarreraren sinboloa. Eska diezaiogun, gai izan gaitezela ikusteko eta berari jarraitzeko unerik zailenetan.
Lehen irakurgaia
Jeremiasen testuak Israel herria kontsolatu nahi du, lehenik asiriarrek eta gero babiloniarrek erbestera eramana; agintzen dio, itzuliko dela iparraldetik eta lurraren muturretik. Ibiltzeko gai ez den jendea bera (itsu, herren, haurdun, haur-izan berri) ere itzuliko da aberrira. Aspaldiko atsekabea kontsolamendu handi bihurtuko da.
Lehen irakurgai honek ebanjelioarekin zerikusi osoa txikia du. Agian, honengatik aukeratu dute testu hau: Jerusalemera itzuliko diren itsuez mintzo delako, Jesusi Jerusalemera jarraitzen dion Bartimeo bezala.
José Luis Sicre