GARRASI GOGAIKARRI BAT Marcos 10,46-52
Urteko 30. Igandea B 2021-10-24

Jesus Jerikotik irten da Jerusalemerako bideari ekiteko. Bidelagun ditu ikasleak, baita jende gehiago ere. Bat-batean oihuak entzun dituzte. Eskeko itsu bat da, bide-ertzetik Jesusi deika: «Daviden Seme, erruki zaitez nitaz!”

Itsutasunak ez dio uzten gainerakoek bezala bizitzaz gozatzen. Ezin joango da inoiz ere Jerusalemera erromes. Gainera, itxi egingo lizkiokete tenpluko ateak: itsuak ezin sartu ziren eraikin sakratuan. Bizitzatik bazterturik, jendeak marjinaturik, Jainko-aren ordezkariek ahazturik, Jesusi errukia eskatzea gelditzen zaio soilik.

Ikasleak eta jarraitzaileak haserretu dira. Oihu haiek eten egin diete Jerusalemerantz lasai bide egitea. Ezin entzun diote soseguz Jesusi hitz egiten. Gogai-karri dute behartsu hura. Isilarazi egin behar dute. Horregatik, «askok egin zion errieta isil zedin».

Oso bestelakoa da Jesusen erreakzioa. Ezin jarraitu dio bere bideari gizon haren sufrimenduari ez entzunarena eginez. «Gelditu da», geldiarazi du talde osoa eta itsuari dei egiteko esan die. Bere jarraitzaileek ezin jarraitu dute beraren ondoren sufritzen ari direnen deia entzun gabe.

Sinplea da arrazoia. Mila eratan azaldu du Jesusek, paraboletan, erreguetan eta esaera bakanetan: sufritzen dutenak dira Jainkoaren begiratuaren eta bihotzaren erdigune. Horregatik eskaintzen die berak bere harrera, horregatik die kasu egiten lehentasuna eskainiz. Bere bizitza, beste ezer baino lehen, bizitzak gaizki tratatu dituenentzat du edota zuzengabeki tratatuak direnentzat, esperantzarik gabe bizitzera utziak direnentzat.

Gogaikarri gertatzen zaizkigu gaizki bizi direnen oihuak. Sumindu gaitzake ebanjelioaren orrietan etengabe halakoekin topo egiteak. Baina ez dugu zilegi ebanjelioaren mezua «urardotzea». Ez da Jesusen Elizarik sufritzen ari direnei entzun gabe.

Geure bidean ditugu. Edozein unetan aurkitzen ahal ditugu. Geugandik oso hurbil edo urrunago. Lagun-tza eskatzen digute eta errukia. Kristau-jarrera bakarra Jesusek itsuarekin izan duena da: «Zer nahi duzu nik zuri egitea?» Honek izan beharko luke Elizaren jarrera sufritzen ari direnen munduan: zer nahi duzu nik zuri egitea?

Jose Antonio Pagola