Urteko 30. Igandea B 2018-10-28

HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko bi irakurgaiek, lehenak eta ebanjelioak, arazo edo gai zein baino zein aberatsago eta gaurkoagok dakarzkigute.

Lehenengo irakurgaian, Jeremias profeta (31,7-9) mintzo zaigu. Jainkoaren ahoan hitz hauek jarri ditu: «8 Begira! Iparraldetik ekarriko ditut, lurreko azken mugetatik bilduko. Jendetza izugarria itzuliko da: itsuak eta herrenak ere bai, emakume haurdun eta emakume haur izan berriekin batera. 9 Negar eta damu-otoitz artean ekarriko ditut».

Zer gogoratzen digu horrek? Jeremiasek esan digu, erbestean direnak aberrira ekarriko dituela Jainkoak. Gaur, alderantzizko fenomenoa agertzen digu Jainkoak: aberria utzirik aberri berri baten bila jarri du, munduan, milaka eta milaka pertsona. Orain berean, eta beste mila kasuren artean, batez ere Hondurasko 5.000 lagunek karabana bat eratu dute Estatu Batuetara bidean, Mexikotik igaroz. Mexikoko gotzain batek bere elizbarrutiko eliza guztiak irekitzeko eskatu die arduradunei migratzaile hauei aterpea eskaintzeko.

Atzo berean, afrikar baten bideoa ikus-entzun genuen. Argiro esaten du zergatik irten nahi duten beren lurraldetik: herrialde aberatsetako boteretsuak herrialde pobreetako baliabideez baliatzen direlako, bertan miseria eraginez.

Jainkoa gutaz baliatzen da Jeremiasen bidez esan diguna gauzatzeko: kontsolamendu artean gidatuko ditut, ur ugariko lekura eramango ditut; Israelentzat aita izango naiz.

Erronka handia dugu begi aurrean. Ez du balio esateak geure artean badugula aski jende pobre. Badakigu. Geure artean jende pobre asko dugu. Baina pobreak eta pobreak daude munduan. Hobeto esan, pobreak eta miserian bizi direnak. Eta miseria, aterperik ez izatea da. Miseria, sukalde bat ez izatea da. Miseria, familia sakabanatu behar izatea da. Miseria, umeek eta gaztetxoek gurasoengandik aparte joan behar izatea da. Miseria, senar-emazteek eta izatezko bikoteek aparte bizi behar izatea da.

Aita Santua, aspaldi honetan, printzipio edo burubide handi bat gizarteratzen ari da. Bereizmena. Orain berean, Erroman gauzatu duten gazteen inguruko Sinodoan, asko eta askotan aipatu dute bereizmen hori: gazteak eta gazteak daude, diote. Ezin sartu dira gazte guztiak zaku berean. Gauza bera izan beharko genuke pobreen arazoan: pobreak eta pobreak daude. Beharrik handiena zeinek duten hartu beharko genuke kontuan Jainkoaren lankide izan nahi badugu.

Bestetik, gaurko ebanjelioak eman digu irakaspena, zein izan daitekeen bidea mundu honetako premien aurrean nola jokatu jakiteko. Itsu bat dago Jerikotik Jerusalemerako bide-ertzean. Bidean Jesus doala entzun duenean, oihuka hasi zaio Jesusi: erruki dadila eskatuz. Eta Jesusek: «zer nahi duzu nik zuri egitea». Eta itsuak: «ikus dezadala». Jesusek esan dio: «Hara, zeure fedeak sendatu zaitu». Eta itsua, sendaturik, Jesusen bidelagun joan da Jerusalemera bidean gora.

Markosen ebanjelioan beste itsu bat ere sendatu zuen Jesusek. Itsu sendatu hura bere etxera joan zen. Oraingo hau Jesusekin joan da.

Guretzat sinbolo eta eredu bihurtu da Bartimeo itsu izandako hau. Gu ere itsu bizi gara: munduan den miseriak, munduan diren gerrek, munduan den zuzengabekeriak, munduan den gaitzak… itsu bihurtu gaitu. Ez gaitu sendatuko kontsumoak eta egoismoak. Fedeak sendatu du Bartimeo itsua. Fedeak, konfiantzak sendatuko gaitu geu ere. Fedeaz nabarituko dugu munduko historian Jainkoa gidari dugula. Ekin diezaiogun Jesusen bideari Jesusen beraren bidelagun garela.

Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak sumatzen eta ikusten Jesus doala gu geu bizi gabiltzan bidean. Bai ederra orduan gure topaketa: Jainkoa mundua nola sendatuko bila eta gu sendatuak izateko antsiaz.

Dionisio Amundarain