Urteko 30. Igandea B 2021-10-24
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko bi irakurgaiek, lehenak eta ebanjelioak, arazo edo gai zein baino zein aberatsago eta gaurkoagok dakarzkigute.

Lehenengo irakurgaian, Jeremias profeta (31,7-9) mintzo zaigu. Jainkoaren ahoan hitz hauek jarri ditu: «Begira! Iparraldetik ekarriko ditut, lurreko azken mugetatik bilduko. Jendetza izugarria itzuliko da: itsuak eta herrenak ere bai, emakume haurdun eta emakume haur izan berriekin batera. Negar eta damu-otoitz artean ekarriko ditut».

Zer gogoratzen digu horrek? Jeremiasek esan digu, erbestean direnak aberrira ekarriko dituela Jainkoak. Gaur, alderantzizko fenomenoa agertzen digu Jainkoak: aberria utzirik aberri berri baten bila jarri du, munduan, milaka eta milaka pertsona.

Noiznahi entzuten dugu migratzaile-talde bat sartu dela Europako halako edo bestelako herrian edo uhartean Argiro esaten dute zergatik irten nahi duten beren lurraldetik: herrialde aberatsetako boteretsuak herrialde pobreetako baliabideez baliatzen direlako, bertan miseria eraginez.

Jainkoa gutaz baliatzen da Jeremiasen bidez esan diguna gauzatzeko: kontsolamendu artean gidatuko ditut, ur ugariko lekura eramango ditut; Israelentzat aita izango naiz.

Erronka handia dugu begi aurrean. Ez du balio esateak geure artean badugula aski jende pobre. Badakigu. Geure artean jende pobre asko dugu. Baina pobreak eta pobreak daude munduan. Hobeto esan, pobreak eta miserian bizi direnak. Eta miseria, aterperik ez izatea da. Miseria, sukalde bat ez izatea da. Miseria, familia sakabanatu behar izatea da. Miseria, umeek eta gaztetxoek gurasoengandik aparte joan behar izatea da. Miseria, senar-emazteek eta izatezko bikoteek aparte bizi behar izatea da.

Aita Santua, aspaldi honetan, printzipio edo burubide handi bat gizarteratzen ari da. Bereizmena. Orain berean, Joan astean berean esan du hiru burubide behar ditugula: topo egin, entzun, bereizi. Topo egin: ez itxi begiak inoren aurrean; entzun: zer esaten diguten entzun; bereizmena: aztertu zer esaten diguten eta zer egiten dugun, zer esaten diguten eta zer beharko genukeen.

Bestetik, gaurko ebanjelioak eman digu irakaspena, zein izan daitekeen bidea mundu honetako premien aurrean nola jokatu jakiteko. Itsu bat dago Jerikotik Jerusalemerako bide-ertzean. Bidean Jesus doala entzun duenean, oihuka hasi zaio Jesusi: erruki dadila eskatuz. Eta Jesusek: «zer nahi duzu nik zuri egitea». Eta itsuak: «ikus dezadala». Jesusek esan dio: «Hara, zeure fedeak sendatu zaitu». Eta itsua, sendaturik, Jesusen bidelagun joan da Jerusalemera bidean gora.

Markosen ebanjelioan beste itsu bat ere sendatu zuen Jesusek. Itsu sendatu hura bere etxera joan zen. Oraingo hau Jesusekin joan da.

Guretzat sinbolo eta eredu bihurtu da Bartimeo itsu izandako hau. Bartimeo bezalako itsu asko dago munduan. Guri dagokigu bidea egitea, itsu horiek guztiak sinets dezaten. Bartimeo ez du sendatu Jesusek; baizik eta fedeak sendatu du. Gure esku dago jende askori federako bidea erakustea.

Domund egunak horretarako deia egiten digu: ALDARRIKATU IKUSI ETA ENTZUN DUZUNA. Entzun duzun Jesusen Berri Ona ez da ezkutuan gordetzekoa. Ikusi duzun Jesusen errukia ez ezkutuan gordetzekoa. «Piztu da. Ez dago hemen»; aldarrikatu beharrekoa egia dugu.

Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak sumatzen eta ikusten Jesus doala gu geu bizi eta gabiltzan bidean. Bai ederra orduan gure topaketa: Jainkoa mundua nola sendatuko bila eta gu Jainkoaren lankide nola izango bila.

Dionisio Amundarain