Urteko 30. igandea B (2015-10-25)

HOMILIA

Anai-arrebok!

Erroman bukatu dute familiaren arazoez aritu den Gotzainen Sinodoa. Alde batetik eta bestetik, etxetik eta herritik ihesi jarraitzen du milaka eta milaka pertsonak munduan. Milaka haur hiltzen da goseak egunero munduan. Munduko alde askotan gerrak bizirik jarraitzen du. Gure gizartean lan-arazoek zutik jarraitzen dute. Ospitalera joaten bagara, denek beterik jarraitzen dute. Joan den aste honetan, jende askok eta askok galdu du pertsona maite bat.

Panorama horren aurrean zein da nire eta gure jarrera? Etsipena? «Zer eginik ez dago» esatea? Axolarik eza? «Hor konpon» esatea?

Gaurko mezako lehen irakurgaian Jeremias profetak israeldarrei esana, gaur egun guri esana da. «Oihu egin pozik… Jaunak salbatu du bere herria… Aita izango nau Israel herriak».

Bai. Jaunak gure artean jarraitzen du. Gure poza biziz. Gure atsekabea biziz. Gure arazoak nola konponduko. Alabaina, ez joan den ostiraleko (2015-10-23) HITZAn, «Jainkoa eta bere inperfekzioak» izeneko titulupean Jauna pintatzen edo deskribatzen duten moduan: Jainkoak ez du guk bezalako besorik, ez hankarik, ez behatzik. Jainkoa beste norbait da. Gizadia eta mundua kreatu dituen Jainkoa da. Kreatu esan dut; ez dut esan egin. Kreazioa beste maila batekoa da. Aita eta ama semearen edo alabaren egile dira; Jainkoa ez da seme edo alaba horren egile; Jainkoa seme edo alaba horren kreatzailea da. Gizadiaz maitemindurik dagoen Jainkoa da. Bere maitasuna modu berezian Jesu Kristogan agertu digun Jainkoa da.

«Aita izango nau Israel herriak» esan du Jeremias profetaren bidez. «Aita nau Lazkao herriak, Aita nau Euskal Herriak, Aita nau mundu osoak» esaten digu gaur, munduan on egiten ari diren pertsona guztien bidez: pertsona hauen besoez, hankez.. baliatzen da Jainkoa munduan on egiteko.

Alabaina, aita batek, ama batek ezin konpondu izaten ditu seme-alaben arazoak, berauek nahi ez badute. Halatsu Jainkoaren kasuan ere: Jainkoak ezin konpondu ditu bere seme-alaben arazoak, berauek nahi ez badute. Baina Jainkoari ez zaio borondaterik falta gure arazoak konpontzeko.

Gaurko ebanjelioan argi ageri da hori. Bartimeo itsua bide-bazterrean dago. Entzun du Jesus hor doala Jerikotik Jerusalemera. Eta hoska hasi zaio Bartimeo itsua: «Erruki zaitez nitaz». Eta Jesus errukitu zaio. Jesusek ez du sendatu itsua. Jesusek bihotzean argi-printza bat isuri dio Bartimeori. Lehendik ere bazuen Bartimeok argi-pixkaren bat. Entzuna zuen Jesusez hitz egiten; horregatik hasi zaio hoska. Eta Jesusek indartu eta bizitu egin dio bihotzeko argia. Bartimeok sinetsi du Jesusengan. Sinetsi du, baduela Jesusek izaera berezi bat. Horregatik utzi du berekin zuen guztia. Soingainekoa bota eta salto batean Jesusen ondora joan da. Fedez. Sinesmenez. Esperantzaz. Eta Jesusek: «Zeure fedeak sendatu zaitu» esan dio. Fedeak mirariak egiten ditu. Bartimeok ez du berreskuratu ikusmena bakarrik. Gero, Jesusen ondoren joan da Jerusalemera. Markos ebanjelariak aipatu du bere ebanjelioan beste itsu baten sendatzea ere; hark ez zion Jesusi jarraitu; hura, sinesmena lortu orduko, bere etxera joan zen. Bartimeok, berriz, Jerusalemera jarraitu dio.

Itsu askok berreskuratu du geroztik ikusmena munduan. Guk geuk ere bai. Zer egin dugu ikusmena izan ondoren? Joan den igandean, Domund igandean, aipatzen genuen, guztiok garela misiolari. Izan beharko genukeela. Nola gara misiolari? Zertaraino sinesten dugu Jesusengan?

Lerrokada honen hasieran aipatu ditugun arazoen aurrean, zein da gure jarrera? Zein da gure erantzuna? Zein da gure erreakzioa?

Jesusengan sinesteak mirariak egiten ditu munduan. Hor dugu hainbat eta hainbat jende bere buruaz eskaintza osoa eginik, jendearen onerako lanean. Beren bizia arriskuan ipintzeraino. Jesusen Espirituak erein dezala gure bihotzean fede bizia, esperantza eragilea, maitasun sutsua.

DIONINISIO AMUNDARAIN