Urteko 30. igandea A 2020-10-25
SARRERA
Anai-arrebok, urteko hogeita hamargarren igandea ospatzen dugu gaur. Nola lehenengo irakurgaia, hala ebanjelioa, maitasunaz mintzo dira biak. Lehenengoa, lagun hurkoa maitatzeaz; eta ebanjelioa, Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzeaz. Baina ez hori bakarrik: baita nork bere burua maitatzeaz ere.
Mateok eta Markosek Jesusek lurrean bizi izan duen azken astean kokatzen dute gaurko pasadizo hau. Israelgo botere guztiekin Jesusek izan duen polemika handiaren testuinguruan. Jesusek airoso ihes egin izan die fariseuek ezarri dizkioten tranpa guztiei: behin batean, Zesarri zergarik ordaindu ala ez galdetu zioten, joan den igandean entzun genuenez; beste batean, garbi utzi zuen Jesusek, saduzearren aurrean, badela betiko bizia, badela hildakoen piztuera; haiek ez zuten sinesten piztueran (gogoan izan dezagun apaizik gehienak, batez ere apaiz nagusiak, saduzear zirela eta ez zutela sinesten betiko bizian eta piztueran); gaurkoan fariseu bati erantzun behar izan dio Jesusek. «Zein da agindurik nagusiena?», galdetu dio. Jesusek agindu guztiak bakar batean bildu ditu: «maitasuna», erantzun dio.
LEHENENGO IRAKURGAIA Irteera liburutik (22,21-27)
Lehengo irakurgaiko testu honek agindu etiko-sozialak biltzen ditu. Pertsona ahulenez ari dira agindu horiek: etorkinak, umezurtzak, emakume alargunak, pobreak. Ez zaie aitortzen hiritar baten eskubiderik. Pertsona horietako inork ez du, esateko, defendatzailerik, Itun Zaharraren denboran. Baina, Jainkoak horiek ere bere babespean hartu ditu; horretarako, Yahve Jauntzat hartzen duen elkarteaz baliatuko da. Bera aitortzen duten gizon-emakumeen bidez askatzen ditu Jainkoak pobreak.
Zein garrantzizkoa den, salbamen-historia ezagutu, hausnartu eta bizitzea! Historia horretan, Jainkoa maitasun agertu zaigu.
BIGARREN IRAKURGAIA Tesalonikarrei egindako lehen gutunetik (1,5c-10)
Paulok gaur egungo Grezian bizi ziren Tesalonikarrei idatzitako gutunekoa da entzungo dugun pasarte hau. Joan den igandean hasi ginen irakurtzen gutun hori. Paulo santuak uste du, Tesalonikako kristau-elkarte hori eredu dela beste kristau-elkarte batzuentzat: fedean eredu edo fede-eredu; neurri batean, apostolu eta predikari izan dira berak ere; idoloen jarraitzaile izan ondoren, Jainko bakarragana itzuli dira. Baina oraino aurrera egiteko eskatzen die, Jesus eta Paulo bera eredutzat hartuz.
EBANJELIOA Mateoren liburutik (22,34-40)
Gaurko ebanjelio honen aurreko zatietan, Jesusek erantzun beharra izan du hainbat aldiz egin izan dizkioten galderei. Lehenik, fariseuei eta Herodesen aldekoei: zilegi al da Zesarri zergak ordaintzea?; joan den igandean entzun genuen erantzuna. Ondoren, Jesus barregarri utzi nahi zuten saduzearrak isilarazi ditu; haien iritziaren kontra, garbi utzi du Jesusek, badela betiko bizia, badela hildakoen piztuera; pasadizo hau ez dugu entzungo liturgian. Saduzearren argudioak hautsi eta haiek isilarazi dituela jakinik, fariseuek zoratu egin nahi dute Jesus beste galdera batekin: Zein da lehenengo agindua? Pasadizo hau entzungo dugu gaur.
Galdera hori ez zen berriketakoa. Izan ere, bazituzten juduek seiehun eta hamahiru agindu inguru. Haietan guztietan, zein zen inportanteago?
Agindu guztiak batean bilduz erantzun die Jesusek: Jainkoa eta lagun hurkoa maitatu. Baina beste guztia baino inportanteagoa da maitatzeko eman duen arrazoia. Esan die: maitatu Jainkoa bihotz osoz, arima osoz, indar guztiez, zaren guztiaz…, zeren Jainkoak hala maite baitzaitu zu zeu, zeure amak baino gehiago.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Eliza osoaren alde: munduaren aurrean, bere testigantza osoa gizon-emakume guztiak maitasun askatzailez maitatzean jar dezan. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Beren bizitza egoismorik gabe bizi nahi dutenen alde: Izan ditzatela argia eta adorea, jende egoistak sortzen dizkien oztopoak gainditzeko. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gure gizarteko pobre, gaixo eta presoen alde: beren estutasunean arnasa pixka bat, bederen, aurkitu dezaten ingurukoen maitasunean. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduan koronabirusak jota edota haren beldurrez bizi diren guztien alde. Beldur sanoa utzi gabe, arazo hau zentzuz bizitzen saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.