EZ AHAZTU FUNTSEZKOA Mateo 22,34-40

Urteko 30. igandea A 2020-10-25

Ez zuten izan batere erraza Jesusen garaikideek beren erlijioaren muinaz ikuspegi argi bat lortzea. Jende xumea erdi galdurik sentitu ohi zen. Lege-maisuak legeko seiehun eta hamahiru aginduz mintzo ohi ziren. Nola norabidetu halako agindu eta debeku-sare korapilatu batean? Halako batean, Jesusengana iritsi zen arazoa: zer da garrantzizkoena eta erabakitzaileena? Zein da agindurik nagusiena, gainerakoei zentzurik ematen ahal diena?

Jesusek ez zuen izan burua nekatu beharrik, judu-gizonezkoek egunaren hasieran eta bukaeran egunero errepikatzen zituzten otoitzeko hitzak gogora erakarririk erantzun zien: «Entzun, Israel, Jauna zeure Jainkoa da Jaun bakarra. Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo-gogoz, zeure izate guztiaz». Berak ere jaulkiak zituen hitz haiek goiz hartan. Jainkoa muintzat harturik bizitzen lagundu ohi zioten berari. Hori zuen bere lehen egitekoa.

Berehala, ordea, inork galdetu ez ziona gehitu zuen: «Hau da bigarren agindua: maita ezazu lagun hurkoa zeure burua bezala». Ezer ez bi agindu hauek baino garrantzizkoagorik. Bereizezin dira Jesusentzat. Ezin bateratuak dira Jainkoa maitatzea eta hurkoa axolagabe uztea.

Geuri ere galdera asko datorkigu burura. Zer da Jainkoa maitatzea? Nolatan maita daiteke bat, ikusi ere ikusi ezin den bat? Jainkoa maitatzeaz hitz egitean, hebrearrek ez zieten erreparatzen bihotzean sortzen ahal zaizkigun sentimenduei. Jainkoaganako fedea ez datza «aldarte-egoera» batean. Jainkoa maitatzea, soil-soilik, bizitzaren erdigune edo muintzat bera hartzean da, den-dena beraren nahiaren arabera bizitzeko.

Horregatik gehitu du Jesusek bigarren agindua. Ezinezkoak dira Jainkoa maitatzea eta sufritzen ari den jendeaz, Jainkoak hainbeste maite duen hartaz, ahazturik bizitzea. Ez da «eremu sagaraturik», hartan Jainkoarekin bakarka «konpondu» ahal izateko, gainerakoei bizkar emanez. Jainkoaganako maitasuna, beraren seme-alabak ahazten dituena, gezur hutsa.

Kristau-erlijioa korapilatsua eta ulergaitza iruditzen zaio gaur egun jende ez gutxiri. Segur aski, biltze-prozesu baten beharra dugu Elizan, funtsezkoenari eutsi, bigarren mailako gehikuntzak alde batera utzi eta garrantzikoenarekin gelditzeko: Jainkoa neure indar guztiez maitatu eta gainerakoak maitatu neure burua bezala.

Jose Antonio Pagola