URTEKO 30. IGANDEA C 2016-10-23 (DOMUND)

SARRERA

Senideok, DOMUND eguna, misioen eguna, ospatzen dugu gaur. Aukera ona geure kristau izateaz hausnarketa egiteko. Kristau izateak garrantzizkoa eta funtsezkoa du, besteak beste, Jesusen ebanjelioaren berri ematea, Jesusek ekarri digun Berri Ona zabaltzea.
Azken batean, Berri Ona zabaltze horrek hau esan nahi du: zer sinesten dugun, zer espero dugun, zer maite dugun jakitera ematea. Beste hitz batzuekin esanda, geure fedearen berri ematea da kontua. Bizi dugun fedea geuretzat benetan gauza ona bada, ezin izango dugu gorde geure kolkorako. Besteei haren berri eman beharra izango dugu.
Jainkoaren Hitza entzunez eta Eukaristian Kristoren maitasunaren sakramentua biziz, gero eta gaiago bihurtuko gara benetako misiolari: geure fede horri indar handiagoa emanez eta besteei sutsukiago agertuz.
Bat egin dezagun, gaur modu berezian, munduan diren misiolari guztiekin. Ez dezagun ahaztu, horrela jokatuz, Jesusen Espirituak ematen digun graziari erantzun besterik ez diogula egiten. Gogoan izan dezagun gaurko ebanjelioko zerga-biltzaile apalaren jarrera.

LEHENENGO IRAKURGAIA Ben Sirak izeneko liburutik (35,15b-17.20-22a)

Ben Sirak-en liburua, bere hirugarren sailean, Jainkoari eskainitako egiazko kultuaz ari da; eta Jainkoak kultu-egileari nola erantzuten dion agertzen du.
Hau da irakaspen nagusia: Jainko zuzena da Jauna; ezin izan da alderdikoia; ezin izan da alderdikoi pobrearen kontra; esan nahi du, Jainkoa alderdikoi dela pobrearen alde; entzun egiten du zapaldua denaren erregua.
Horregatik, pasarte hau ohar inportantea da, Jainkoari beren gustuko kultua eskaintzen diotenentzat. Jainkoaren aurrean ez du balio kultuak, modu harroan eta handikeria agertuz eskaintzen bada. Pobrea du, batez ere, Jainkoak gogoko.

BIGARREN IRAKURGAIA Timoteori egindako bigarren gutunetik (4,6-8.16-18)

Paulo, zaharturik, kartzelan dago, hiltzeko kondenaren zain. Eta bizi izan duen bizitzaz gogoeta egiten du eta konklusio honetara iritsi da.
Kristoren alde egin dudan bizitzan, gizon-emakumeen aldetik porrota izan da nagusi. Inork ez nau ulertu. Auzi-mahaian inor ez da atera nire alde. Eta, badirudi, Jainkoa bera ere isilik gelditu dela.
Paulok, horrela, Jaunaren aurrean pobre agertzen denaren biziera bizi du. Esana zion Jaunak Ananiasi, Paulo Damaskon konbertitu zenean: «neuk erakutsiko diot nire izenagatik sufritu beharko duen guztia» (Eg 9,16).
Paulok gogoeta horretatik ondorio hau atera du: ziurtasun osoa dut Jainkoak sarituko nauela; baina ez ni bakarrik, baita Jainkoaren izenean beren burua eskaintzen duten guztiak ere. Hala izan dadila.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (18,9-14)

Gaurko Ebanjelio hau zuzen ulertzeko, gutxienez, bi gauza hauek kontuan izan behar ditugu:
Bat. Fariseuak garai hartako jenderik otoizlariena ziren; beste inork ez bezala egiten zuten otoitz. Gainera, Moisesen legea zorrotz betetzen zuten.
Bi. Zerga-biltzaileek, berriz, bi akats zituzten jendearen begi aurrean: batetik, judu-herria mendean zuten erromatarren kolaboratzaile ziren; bestetik, gehiegikeria nabarmenak egiten zituzten zergak kobratzeko orduan.
Bi gauza horiek kontuan harturik, Jesusek egin zuena eskandalu huts gertatu zen. Izan ere, fariseuaren otoitza baliogabetzat eman zuen; zerga-biltzailearena, berriz, baliokotzat. Zergatik bata eta bestea?
Hau izan zen fariseuaren jarrera otoitz egitean: bere burua ontzat agertu, gainerako jendea mespretxatu, Jainkoari faktura eskatu, hau da, Jainkoari hau esan zion, beste hitz batzuekin bazen ere: «nik hau egin dut, zuk hori zor didazu».
Zerga-biltzailearen jarrera, berriz, beste hau izan zen: bekatari dela aitortu, barkazioa eskatu, Jainko errukitsuaren beharra duela konturatu, Jainko horrengan konfiantza jarri.
Senideok, jar dezagun geure konfiantza eta geure uste guztia Jainkoagan.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Eliza osoaren alde: gorputzean eta bihotzean sufritzen ari diren guztiei laguntzen saia dadin. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Munduko agintari guztien alde: ardurarik handiena pobreen aldekoa izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Beren familia eta herria utzirik, lurralde pobreetara joan eta joaten diren guztien alde: beren asmoa eta eginahal guztia pobreei argia eta laguntza ematea izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Hemen bildu garenon alde: geure bizitzan, Paulok bezala, Kristoren berri emateagatik, pobre bizitzea onartu ahal dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.