Ikasi nola salba zaitezkeen hogeita hamar segundoan (Mt 22.34-40)
Urteko 30. igandea A urtea (2017-10-29)
Zein da agindu nagusia? Katoliko askok erantzungo luke: «Igandean meza entzutea». Uste hori dutenak, igande honetan ez dira joango segur aski mezara. Beste uste bat izan eta igande honetan mezara joango direnek gustukoa izango dute Jesusek uste zuena gogoratzea.
Jesusen garaikideen problema
Gaurkoaren aurreko igandetan, talde erlijioso desberdinak jarri zaizkio Jesusi aurrez aurre, eta ez dira oso onik atera. Fariseuek, oraingoan, aditu bat bidali diote, lege-maisu bat. Honek agindu nagusiaz egin dio galdera. Galdera horren arrazoia ulertzeko, gogoan izan behar dugu, antzinako sinagogak 613 agindu agertzen zituela (248 agindu eta 365 debeku), batzuk zailak, besteak errazak: errazak, neke edo diru gutxi eskatzen zutenak; zailak, neke handia edo diru asko eskatzen zutenak (esaterako, aita-amak ohoratzea) edota bizia arriskuan jartzea (erdainkuntza). Eskuarki uste izaten zuten, zailak zirela garrantzizko, eta hauetakoak ziren idolatriari, haragikeriari, asasinatzeari, Jainkoaren izena profanatzeari, larunbata gordetzeari, kalumniari, Torahren ikasketari zegozkienak.
Bildu al daitezke guztiak batean?
Agindu-pilo honen aurrean, arrazoizkoa da jendearen artean dena laburbiltzeko gogoa agertu izana: garrantzizkoena zein den jakin nahi izana. Nahi hau ageri da anekdota batean; Jesus baino urte gutxi batzuk lehenago bizi izan ziren Shammai eta Hillel rabino sonatuei zegokien aipatu anekdota. Behin batean iritsi zen pagano bat Shammaigana eta esan zion: «Judu-proselito bihurtuko naiz, baldin eta Torah osoa agertzen badidazu hanka bakarrean nagokeen denboran». Shammaik alde bidali zuen, eskuan zuen neurtzeko makilaz mehatxu eginez. Paganoak, orduan, Hillelengana jo zuen. Eta honek erantzun: «Zeuretzat gustuko ez duzuna, ez egin zeure lagun hurkoari. Honetan datza Lege osoa; gainerakoa interpretazio da» (Schabat 31a). Akiba rabik ere (+ K.o. 135 inguruan) esaldi batean bildu zuen lege osoa: «Maita ezazu lagun hurkoa zeure burua bezala; burubide handia da hau Torah-n».
Jesusen berritasuna
Mateok antzeko sintesi bat jarri zuen Jesusen ahoan Mendiko Hitzaldiaren bukaeran: «Honela bada, besteek zuei egitea nahi zenuketen guztia, egin zeuek ere besteei: horretan datza Legeak eta Profetek irakatsia» (Mateo 7,12). Baina gaurko ebanjelioan, Liburu Santuko berariazko aipamen batez erantzun du Jesusek:
Jesusek saduzearrak hitzik gabe utzi zituela jakitean, fariseuak elkarrekin bildu ziren, eta beraietako lege-gizon batek galdetu zion Jesusi azpikeriaz: «Maisu, zein da legeko agindurik nagusiena?» Jesusek erantzun: «Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz. Hori da agindurik nagusiena eta lehena. Eta bigarrena, ez garrantzi gutxiagokoa, hauxe da: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala. Bi agindu hauetan oinarritzen dira Lege osoa eta Profetak» (Mt 22,34-40).
«Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz» (Deuteronomio liburua 6,5). Judu jainkozale guztiek, goizean jaikitzean eta arratsean, esaten duten otoitzaren zati dira hitz horiek. Alde honetatik, akatsgabea da Jesusen erantzuna. Ez du asmazio-kutsurik, baizik eta fedeak etengabe aitortzen duena aipatu du.
Jesusen erantzunaren berritasuna beste honetan datza: agindu nagusiena zein den galdetu diotela, eta berak bigarren bat, lehena bezain garrantzizkoa, gehitu izatean: «Maita ezazu zeure lagun hurkoa zeure burua bezala» (Lebitarrei liburua 9,18). Beste behin, Jesusen erantzuna profeta-tradiziorik jatorrenean txertatu da. Profetek etengabe salatu zuten gizakiaren gogoa: Jainkoagana bide indibidual eta barnekoi hutsetik iritsi nahi izatekoa, lagun hurkoa erraz alde batera utzirik. Mende askotan, israeldar askok, kristau askok bezala, uste izan zuen, Jainkoagana iritsi, kultu-egintzaz, erromesaldiz, tenplurako eskaintzaz, opari garestiz… iristen ahal zela. Profetek, berriz, agertu ohi zien, Jainkoagana iristeko, hurkoaren inguruko jirabira egin beharrekoa zela, pobreez eta zapalduez arduratu beharra, gizarte zuzen baten bila ibili beharra. Jainkoa eta hurkoa ez dira aparte jartzeko bi elementu. Ezin esan da ere, hurkoa maitatzea baino inportanteagoa dela Jainkoa maitatzea. Agindu biak, profeten eta Jesusen ikusmoldean, maila bereko dira, parekotzat hartu behar dira beti. «Bi agindu hauetan oinarritzen dira Lege osoa eta Profetak» (Mt 22,40).
Jenderik pobreena da lagun hurko (lehen irakurgaia)
Ildo honetan berean, oso esanguratsua da igande honetako lehen irakurgaia. Aukeratu ahal zuten Deuteronomio 6,4 eta hur. pasartea, non Jesusek gaurkoan esandakoa bera baitator: «Entzun, Israel, Jauna, zure Jainkoa, bakarra da. Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez…». Baina Irteera liburuko testu bat aukeratu dute: etorkinekiko (itzulpen batzuetan «atzerritar» eman dute, baina egiaz «etorkin» esaten du testuak, bere aberria uztera behartu, bizi iraun ahal izateko: marokoar, senegaldar, errumaniar, etab.) , emakume alargunekiko eta umezurtzekiko, gizarteko talderik ahulenak diren horiekiko ardura azpimarratzen du. Ondoren, maileguaz mintzo da, bi arau adieraziz: dirua maileguz ematen baduzu, ezin askatu duzu mozkinik; bermetzat gai-jantzia eskatzen baduzu, iluna baino lehen itzuli behar duzu, pobrea hotzak egon ez dadin. Jesusen esana azpimarratzeko era bat da: hurkoa maitatu gabe, batez ere pobreenak direnak maitatu eta halakoez arduratu gabe, ezin maitatu da Jainkoa.
«Hau dio Jaunak: Ez zurrupatu, ez zapaldu etorkinak, zuek ere etorkin izan baitzarete Egipton. Ez erabili gaizki alarguntsak eta umezurtzak; zeren, gaizki erabiltzen badituzue, haiek niregana laguntza eske deiadar egitean, entzun egingo baitiet: haserre bizitan jarriko naiz eta gerraz hilko zaituztet; orduan, zuen emazteak bihurtuko dira alargun eta zuen seme-alabak umezurtz. Zuekin bizi den nire herriko dohakaberen bati dirua maileguz ematen badiozue, ez izan zeken berarekin, ez ezarri interesik. Soingainekoa hartzen badiozue bahituran, itzuli eguzkia sartzerako, ez baitu hori beste estalkirik. Zerekin babestuko da, bestela, etzaterakoan? Laguntza eske deiadar egitean, entzun egingo diot, errukiorra bainaiz ni» (Irteera 22,20-26).
José Luis Sicre