URTEKO 3. IGANDEA C (2019-01-27)
(Haur misiolarien eguna)
SARRERA
Senideok, urteko hirugarren igandea ospatzen dugu gaur. Espirituak eraginik, misiolari hasi da. Nazaretera joan da. Larunbatean, beste edozein herritar bezala, Sinagogara joan da.
Jesusek bizitza osoan buruan izango duen egitaraua edo programa agertu du: 1) Pobreei Berri Ona hots egin; 2) presoei askatasuna hots egin; 3) itsuei ikusmena eman; 4) zapalduak askatu; 5) Jaunaren onginahiaren urtea iragarri.
Jakina, Jesusen egitarau edo programa hori gure egitarau edo programa bihurtu da kristau garen neurrian, Jesusen jarraitzaile garen neurrian.
Gaur, bestalde, HAUR MISIOLARIEN EGUNA ospatzen dugu. Ekintza hau, duela ehun eta hirurogeita hamar urte inguru hasi zen ospatzen Elizan. Hau du helburua: «haurrak izan daitezela haurren laguntzaile». Halere, adinekook ez gaude libre lan horretatik: «txiki hauek bezalako egiten ez bazarete, ez zarete sartuko zeruko erreinuan».
Senideok, Jesus, bere egitaraua agertzen, guri ari zaigu egitarau hori bera agertzen: pobreak, presoak, itsuak, zapalduak geure arazo eta ardura egiteko eskatzen digu Jesusek, eta munduari Jaunaren onginahiaren berri emateko.
LEHEN IRAKURGAIA Nehemiasen liburutik (8,2-4a. 5-6.8-18)
Gaurko lehen irakurgaiak, Kristo aurreko 5garren mendera garamatza. Israeldarrak itzuliak dira Babiloniako erbestetik; ematen du, Tenplua eraiki dutela berriro; falta dena, herriagan Jainkoarekiko konfiantza sendotzea da.
Ordu arte, profetek hitz egiten zioten herriari Jainkoaren izenean. Oraingo honetan, apaiz batek, Esdrasek, irakurri dio Moisesen legeko pasarte bat.
Horren agerpena da gaurko irakurgai hau. Geroago Sinagogan egingo zuten bezala, Hitzaren liturgia antolatu dute: jendea bildu, Hitza hots egin, azalpenak eman, bihotz-berritzera eragiteko. Jesusek gaurko ebanjelioan egingo duenaren antzeko zerbait.
Senideok, kristauok ondare bikaina hartu dugu juduengandik: Biblia elkarrekin irakurtzea, otoitz-giroan, guztiei bihotz-berritzera eragiteko.
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehen gutunetik (12,12-30)
Joan den igandeko gaiari jarraitzen dio Paulok: karismen edo dohainen gaiari. Ikusten den gorputzaren eraketaz baliatu da Paulo karisma horien eraketa argitzeko. Nola dago eratua gure gorputza? Halatsu dago eratua karisma edo dohain guztien «gorputza» ere. Gutako bakoitzaren gorputzak atal asko eta diferenteak ditu. Eskuarki bederen, oinari ezin eskatu diozu eskuaren lana egiteko; ezta begiari ere belarriaren lana egiteko. Halere, batzuen eta besteen artean sekulako armonia bizi dute: begian min duzula?, gorputz guztiak jasaten du.
Antzeko zerbait gertatzen da karisma edo dohainekin. Jende batek dohain batzuk ditu eta beste batek beste batzuk. Egoera normal batean, gotzainari ezin eskatuko diozu arotz-lana egin dezan. Etab. Jesusek berak ere ordu arteko bere lanbidea bertan behera utzi zuen misio-lanari ekitean.
Halere, guztiok guztion onerako behar dugu lan egin.
EBANJELIOA Lukas 1,1-4; 4,14-21.
Gaurko ebanjelio honek Jesusen bizitzako egitaraua edo programa aurkezten digu. Pasarte honetan aipatzen diren bost gai horien inguruan gauzatuko du Jesusek bere zeregin guztia; ez da egun bateko beroaldian agertu duen asmoa, ez; bizitza osoa arnastuko dion asmoa da:
● pobreei Berri Ona eman;
● presoei askatasuna hots egin;
● itsuei ikusmena eman;
● zapalduak askatu;
● Jaunaren onginahi-urtea hots egin.
Jesusen asmo hori ez da bukatu Jesus hiltzearekin. Jarraitzaileon gain utzi du asmo hori bere betera eramatea.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Oraindik beren askatasunaren berri onaren zain bizi diren gizon-emakumeentzat: gaur ere, munduan, askatasun hori hots egingo duen profetarik sor dadin. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Oharturik edo ohartu gabe, historia bere azkenera iritsi delakoan dauden guztien alde; munduan bizi dugun egoera ezin dela aldatu uste duten guztien alde: Ebanjelioak esperantzako begiak ireki diezazkien. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Munduari beren hitzaz laguntzen ari diren guztien alde (predikari, katekista, hezitzaile, idazle, teologo, filosofo, irakasle, guraso): beraien hitza Jesusena bezalakoa izan dadin: konprometitua, hurbila, haragitua, argia: Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gatazka berezirik gabe bizi garen guztion alde: egoera hori zergatik den azter dezagun: pobreei Berri Ona ez hots egiteagatik ote den. Eska diezaiogun Jaunari.