URTEKO 3. IGANDEA C (2016-01-24)
(Haur misiolarien eguna)
SARRERA
Senideok, urteko hirugarren igandea ospatzen dugu gaur. Jesusek alditxo bat basamortuan egin du Joan Bataiatzailearekin; azkenean bataioa eskatu dio Jordan ibaian. Bataioa hartu orduko Espiritu Santua jaitsi zaiola sentitu du. Espiritu horrek eraginik, misiolari hasi da. Nazaretera ere joan da. Han, ama eta familiak agurtu ditu; txikitako lagunak ere bai. Larunbatean, beste edozein herritar bezala, Sinagogara joan da. Horra nola agertu digun Lukasek Jesusen misio-lanaren hasiera.
Sarreratxo horren ondoren, Jesusek bizitza osoan buruan izango duen egitaraua edo programa agertu du: 1) Pobreei Berri Ona hots egin; 2) presoei askatasuna hots egin; 3) itsuei ikusmena eman; 4) zapalduak askatu; 5) Jaunaren onginahiaren urtea iragarri.
Jakina, Jesusen egitarau edo programa hori gure egitarau edo programa bihurtu da kristau garen neurrian, Jesusen jarraitzaile garen neurrian.
Gaur, bestalde, HAUR MISIOLARIEN EGUNA ospatzen dugu. Ekintza hau, duela ehun eta hirurogeita hamar urte inguru hasi zen ospatzen Elizan. Hau du helburua: «haurrak izan daitezela haurren laguntzaile». Halere, adinekook ez gaude libre lan horretatik: «txiki hauek bezalako egiten ez bazarete, ez zarete sartuko zeruko erreinuan».
Senideok, ebanjelioa entzutean, pentsa dezagun, Jesus guri ari zaigula bere eta gure egitaraua agertzen: pobreak, presoak, itsuak, zapalduak geure arazo eta ardura egiteko eskatzen digu Jesusek, eta munduari Jaunaren onginahiaren berri emateko.
LEHEN IRAKURGAIA Nehemiasen liburutik (8,2-4a. 5-6.8-18)
Gaurko lehen irakurgaiak, Kristo aurreko 5garren mendera garamatza. Israeldarrak itzuliak dira Babiloniako erbestetik; ematen du, Tenplua eraiki dutela berriro; falta dena, herriagan Jainkoarekiko konfiantza sendotzea da.
Ordu arte, profetek hitz egiten zioten herriari Jainkoaren izenean. Oraingo honetan, apaiz batek, Esdrasek, irakurri dio Moisesen legeko pasarte bat.
Nehemias, berriz, Israel herriko goi-funtzionario bat zen. Esdras apaizarekin batean-edo, Babiloniako erbestetik itzuli ondoren, judu-herria politikoki antolatzen eta indartzen saiatu zen.
Esan bezala, biek ere, Nehemiasek eta Esdrasek, garrantzi handia eman zioten Moisesen legea irakurtzeari, jende guztiaren aurrean.
Horren agerpena da gaurko irakurgai hau. Geroago Sinagogan egingo zuten bezala, Hitzaren liturgia antolatu dute: jendea bildu, Hitza hots egin, azalpenak eman, bihotz-berritzera eragiteko. Jesusek gaurko ebanjelioan egingo duenaren antzeko zerbait. Guk geuk Mezaren hasieran egiten dugunaren antzeko zerbait.
Senideok, kristauok ondare bikaina hartu dugu juduengandik: Biblia elkarrekin irakurtzea, otoitz-giroan, guztiei bihotz-berritzera eragiteko.
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehen gutunetik (12,12-30)
Joan den igandeko gaiari jarraitzen dio Paulok: karismen edo dohainen gaiari. Ikusten den gorputzaren eraketaz baliatu da Paulo karisma horien eraketa argitzeko. Nola dago eratua gure gorputza? Halatsu dago eratua karisma edo dohain guztien «gorputza» ere. Gutako bakoitzaren gorputzak atal asko eta diferenteak ditu. Eskuarki bederen, oinari ezin eskatu diozu eskuaren lana egiteko; ezta begiari ere belarriaren lana egiteko. Halere, batzuen eta besteen artean sekulako armonia bizi dute: begian min duzula?, gorputz guztiak jasaten du.
Antzeko zerbait gertatzen da karisma edo dohainekin. Jende batek dohain batzuk ditu eta beste batek beste batzuk. Egoera normal batean, gotzainari ezin eskatuko diozu arotz-lana egin dezan. Etab. Jesusek berak ere ordu arteko bere lanbidea bertan behera utzi zuen misio-lanari ekitean.
Halere, guztiok guztion onerako behar dugu lan egin.
EBANJELIOA Lukas 1,1-4; 4,14-21.
Gaurko ebanjelio honek Jesusen bizitzako egitaraua edo programa aurkezten digu. Pasarte honetan aipatzen diren bost gai horien inguruan gauzatuko du Jesusek bere zeregin guztia; ez da egun bateko beroaldian agertu duen asmoa, ez; bizitza osoa arnastuko dion asmoa da:
● pobreei Berri Ona eman;
● presoei askatasuna hots egin;
● itsuei ikusmena eman;
● zapalduak askatu;
● Jaunaren onginahi-urtea hots egin.
Jesusen asmo hori ez da bukatu Jesus hiltzearekin. Jarraitzaileon gain utzi du asmo hori bere betera eramatea. Munduan pobre bat den bitartean, munduan preso bat den bitartean, munduan itsu bat den bitartean, munduan zapaldu bat den bitartean, munduan estresatu bat den bitartean, Jesusen jarraitzailea ezin biziko da lasai.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Mundu osoan zabaldurik den Elizaren alde: zailtasunen artean itxaropenik gabe bizi diren guztiengan konfiantza eragiten saia dadin. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Mundu osoko kristauen alde: beren artean beharrean diren haurrei eskua luza diezaieten eta etorkin iristen diren haurrei ongietorri egiten irakats diezaieten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gure artean eta mundu osoan preso direnen eta halakoen familiartekoen alde: Jesusek ekarritako askatasuna bizitzeko zoria izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Kristau guztien alde: haur eta gazte, adineko eta adin handiko: guztiok gogoan izan dezagula, Jesus eta haren berri ona mundu osoan zabaltzeko gomendioa. Eska diezaiogun Jaunari.