Jesusen jendaurreko lehen predikua Lukasen arabera
Urteko 3. igandea C 2016-01-24
Lukasen berezitasuna
Lukasek bere ebanjelioa idatzi zuenean, Markosena hartu zuen abiapuntutzat. Are gehiago, hainbat kasutan hitzez hitz kopiatu zuen. Beste hainbatetan, aldatu eta osatu egin zuen. Aldaketaren eta osatzearen kasu bitxienetako bat gaurko ebanjelioan daukagu.
Markosek dio, Joan Bataiatzailea kartzelan sartu zutenean, Jesusek Galileara jo zuela eta hots egiten hasi zela, esanez: «Bete da epea eta hurbil da Jainkoaren erregetza. Bihotz-berri zaitezte eta sinetsi berri ona».
Lukasek ere badio Jesusek Galileara jo zuela eta sinagogetan predikatzen zuela, baina ez du esaten zer predikatzen zuen. Jendaurreko lehen hitzak Nazareteko sinagogan jaulkiko ditu Jesusek, eta ez da mintzo epea bete izanaz, ezta Jainkoaren erregetzaren hurbiltasunaz ere; ez du eskatzen bihotz-berri eta sinesteko ere.
Jainkoaren erregetza ez dago hurbil, presente egin da Jesusekin
Lehenik irakurrarazi duena, Isaiasen testu bat da, behartsuak, gatibuak, itsuak, zapalduak kontsolatu nahi dituena. Hiru horiek ezin hartu ditugu hitzez hitz. Ez da mintzo itsu eta preso fisikoez. Testu hau Kristo aurreko VI. edo V. mendean idatzi zuten segur aski, eta une hartan Israel herriak bizi zuen egoera deskribatu nahi du, persiar inperioaren mendean. Erromatar inperioaren mendean bizi ziren Jesusen garaiko juduen antzeko egoera. Nazareteko sinagogan bildu zirenek oso ondo ikusten ahal zuten islaturik beren burua Isaiasen liburuko hitz horietan. Baina Jesusek gehitu duena da garrantzizkoena: «Gaur bete da entzun berri duzuen Idazki hau».
Jesusen lehen hitzak Markosengan eta Lukasengan konparatzen direnean, alde interesgarri bat nabari da. Markosengan, funtsezkoa Jainkoaren erregetza da eta haren hurbiltasunean hartu behar dugun jarrera (bihotz-berritzea eta fedea). Lukasek, berriz, Jainkoak bere Espiritua bidali dion pertsonaia nabarmendu du, hau da, Jesus. Ez da ari Jainkoaren erregetza hurbil delakoaz, baizik eta dio, presente egin dela jada Jesusengan.
Zer da betetzen gaur?
Isaiasen testua, arin harturik, honela interpreta liteke: aipatzen duen pertsonaiak (guretzat, Jesus) behartsuen egoera soziala hobetzeari ekingo balio bezala, gatibuak askatzeari, itsuak sendatzeari, zapalduak libratzeari ekingo balio bezala. Baina, testuak ez du azpimarratzen ekintza, baizik iragarpena, hots egitea. Itzulpen liturgikoak [gaztelaniaz] hiru aldiz dakar «iragarri» aditza [Gipuzkoako euskarazkoak: behin «berri ona eman», bitan «hots egin»] (grekoz, behin «ebanjelizatu» eta bitan «iragarri). Ñabardura hau inportantea da, Jesusek egin zuenarekin bat dator eta. Egiaz, Jesusek sendatu zuen itsuren bat, baina ez zituen atera juduak erromatarren mendetik eta ez zuen hobetu behartsuen egoera ekonomikoa. Egin zuena, «Jaunaren onginahi-urtea iragarri» izan zen, Jainkoa Aita dela agertu zuen, gure bizitzako gorabeherak oso latzak direnean ere maite gaituen Aita.
Nazaret sinbolo denez
Aurreko hori guztia ez du kokatzen Lukasek leku anonimo batean, baizik Nazareteko sinagogan. Erromesek gaur egun debozio handiz bisitatzen dute hiri hau. Baina ebanjelioek kontatzen dutena guztiz gauza desberdina da. Nazareten Jesusek jendearen eta bere familiakoen artean konfiantzarik ezan aurkitu zuen. Markosek dio, «Jesus harritu egin zela haien sinesmen-gabeziaz». Eta Joanek dio «beraren anaiek ez zutela sinesten beragan».
Jesusen esperientzia mingarri hau jaso du Lukasek eta judu-herriko gehiengoaren aldetik Jesusek esperimentatu zuen ukoaren sinbolo bihurtu. Gatazkaren arrazoia, datorren igandean ikusiko dugunez, nazionalismoa da. Nazaretarrek Israelen zerbitzurako Mesias bat nahi dute; Jesusek, berriz, bere misioa gizadi osoaren zerbitzurako dakusa.
Optimismo desafiatzaile bat
Liturgiak bi igandetan banatu du Lukasen kontakizuna. Azken tragikoa ez dugu irakurriko gaur, ezta Nazareteko entzuleen lehen erreakzioa, harridurazkoa, ere. Datorren igandean entzungo dugu. Gaur gorde behar duguna, Isaiasen mezuaren optimismo sakona da; aldi berean, gure fedeari desafioa botatzen diona. Benetan bete al dira pobreentzat, itsuentzat, gatibuentzat eta zapalduentzat iragarri dituen hobekuntza eta salbazioa? Dudan jartzeko, aski genuke egunkariari begiratu azaleko ematea. Lukasek ere, bere ebanjelioa idatzi zuenean, Jesusen heriotzatik berrogei edo berrogeita hamar urtera, aski arrazoi izango zuen promes hori dudan ipintzeko. Baina, ez zuen egin. Jesusek bete zuen bere misioa: Jaunaren onginahi-urtea iragarri zuen, ekarri zuen esperantza eta kontsolamendua ere. Nahikoa arrazoi zegoen hitz hori bete zela sinesteko eta gaur egun betez doala sinesteko.
Lehen irakurgaia (Nehemias 8,2-4a. 5-6.8-10)
Juduen liburu santuak jendaurrean irakurtzen hasi izanaren abiapuntu historikotzat hartu ohi da testu hau. Gainera, ondo laguntzen digu Nazareteko sinagogan gertatu zena ulertzen. Lehen irakurgaiaren eszena hau Kristo aurreko V. mendearen bigarren erdian gertatu da, Esdrasen denboran, eta berritasun handia izan da juduen artean. Ordu arte, jendaurrean hitz egiten zutenak profetak ziren. Kasu honetan, berriz, Moisesen Legea irakurri dute (agian, Deuteronomio liburuko zati bat, erritual zehatz bati jarraituz, hein batean geroko sinagogetan ere bete izan dena: Esdras tauladura baten gainean jarri da, jendea zutik dela; Esdrasek Jainkoa bedeinkatu du eta guztiek adoratu dute. Beste bertsio baten arabera, levitarrek irakurri dute, aldi berean irakurri dutenaren esanahia argituz.
José Luis Sicre