Urteko 3. igandea C 2019-01-27

HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioan, bere bizitzaren egitaraua edo programa izango den testu batekin egin du topo Jesusek. Galileara joan da Jesus, Nazaretera, bere herrixkara. Espirituak eraginda, gehitu du Lukas ebanjelariak.

Larunbatean, sinagogara hurbildu da, ohi zuen bezala. Jainkoaren Hitza entzutera. Oraingoan, ordea, berari eman diote hitza. Garai hartan ez zuten libururik. Baina gaurko liburuen funtzioa betetzen zituzten erroiluak zituzten. Hartu zuen, ba, Bibliaren erroilua eta Isaias profetaren testu bat egokitu zitzaion.

Esan bezala, Jesusen bizitzako programa izango zen testua zen: «Jaunaren Espiritua nigan dago… Berri Ona adieraztera bidali nau: Berri Ona pobreei, askatasuna presoei, ikusmena itsuei, askatasuna zapalduei, Jaunaren onginahiaren urtea hots egitera». Eta liburua utzirik, honela bukatu zuen: «Gaur bete da entzun duzuen Liburu Santuko hau».

Isaias profetak sentitu zuena sentitu zuen Jesusek. Eta Jesusek sentitu zuena ari gara sentitzen Jesusen jarraitzaile garenok.

Lukas ebanjelariak asko maite du «gaur» hori. Jesusek sentitu du berarekin hasi dela liberazio hori, askatasun hori. Eta indarra eta uste hori ez datozkio ideologia batetik. Espirituaren argiz eta indarrez mintzo da. Hasiera liburuan esaten da, gizakia kreatu zuenean, Jainkoak gizakiari bere arnasa, bere espiritua isuri ziola: «gizona moldatu zuen, sudur-zuloetan bizi-arnasa ufatu zion, eta gizona bizidun bilakatu zen» (Hasiera 2,7). Jainkoaren arnasa edo espiritu horrek berak eragin zion Jesusi.

Baina zertara eragin zion? Espirituak Jesusi kreatzailea izatera eragin dio, kreaziokoan gizakiari eragin zion bezala. Eta kreatzaile izate hori honela zehaztu edo konkretatu du Isaiasek, eta gaur Lukas ebanjelariak: askatzaile izatea, biziaren alde lan egitea, kontsolamendua eragitea, bakea, alaitasuna… eragitea.

Jesusek Nazareteko sinagogako hartan, zergatik ez zuen jarraitu Isaiasen testua irakurtzen? Segidan beste hau zetorren: «mendekuaren eguna hots egitera bidali nau». Baina, ez. Jesusek ez zuen horrelakorik sentitu. Alderantzizko esapide honekin bukatu zuen: «Jainkoaren onginahiaren urtea hots egitera bidali nau». Jainkoaren onginahia.

Baina guretzat garrantzizkoa da beste hau ere: «Gaur bete da hau guztia». Jesus etortzearekin hasi da Jainkoaren Erreinua munduan.

Esan nahi du: Gaur jarri da abian, gaur jarri da martxan programa hau. Jesusen bidez, bai. Baina Jesus hil eta berpiztu delarik, gure bidez. Ebanjelioa zabaltzeak, hitzaren bidez jendea askatzea esan nahi du. Hitza zentzu zabalean hartuz: mihiaz jaulkitzen dugun hitzaz, geure bizieraz agertzen dugun Jainkoaren onginahiaz, geure jokabideaz.

Gaurko ebanjelioko pasarte honetan gizadiaren historiaren une berezi bat ikusten dugu. Gizadiaren eboluzio-historiaren une berezi bat. Gizadiaren historia prozesu bat da. Prozesu horretan goi-egilea, egile-nagusia Jesus dugu. Jesusek eztanda bezalako bat sentitu du. Bere bizitzako egitekoa zein den ikusi du. Eta buru-belarri ekin dio egiteko horri: bizia emateari, askatasuna sortzeari… Berak Jainkoaren Erreinu deituko dio misio eta egiteko horri.

Jesusentzat bezala, guretzat ere une berezia da Isaiasen pasarte hori, Jesusek bere-bere egin duen hori. Eta Jesusek bere jarraitzaileen gain ipini du. Kristau bezala, sakon markatu gaitu Jesusen esperientzia horrek. Eta esperientzia hori geure-geure egin dugu, barneratu, onartu egin dugu.

Jesusek gutxi batzuk askatu edo liberatu zituen fisikoki, materialki. Baina askapen fisiko haiek munduan abian ipin zuen askapen espiritualaren seinale edo sinbolo izan ziren. Guk munduan ezarri behar dugun askatasunaren, zuzentasunaren, parekotasunaren sinbolo.

Bokazio horrek esan al digu ezer hil honen 25ean bukatu den kristau guztien batasunaren arazoaz, Panaman egiten ari diren gazteen topaketaz, Venezuelan bizitzen ari diren egoera negargarriaz, Amazonia oihanean multinazionalak egiten ari diren triskantza salbaiaz, gure arteko presoez, Afrikatik eta Asiatik eta Hego Amerikatik ihesi dabiltzan etorkinez…?

Hasiera liburuan aipatzen den gizakiaren, Jainkoak bere arnasa edo espiritua ufatu dion gizakiaren, ondorengo gara gu. Gugan ere ufatu du Jainkoak bere espiritua eta, hasierako gizon hura bezala, kreatzaile egin gaitu gu ere, eta Hasierako gizonari ufatu ziona baina espiritu konkretuagoa, biziagoa, hurbilagokoa ufatu digu: Jesusen Espiritua hartu dugu. Ez dezagun utzi alferrik galtzen. Izan gogoan: Jesus Espirituak Jainkoaren onginahia agertzera bidali du. Eta Jesus bezala, gu geu.

Dionisio Amundarain