Urteko 3. igandea C 2016-01-24
HOMILIA

Anai-arrebok!

Joan den aste honetan, Oxfam GKE edo ONGk emanik, albiste ikaragarri bat irakurri ahal izan dugu:
−munduko 62 lagunek munduko beste 3.600 milioi lagunek adinako aberastasuna dute eskura;
−2015en hazi edo handitu egin da, batzuen eta besteen arteko aberastasunen aldea;
−GKE edo ONG berak dioenez, paradisu fiskaletan, 7,6 bilioiko kapital ezkutua dago (bilioi batek milioi bat milioi esan nahi du);
−mende honen hasieratik munduan sortu den aberastasun berriaren %50a %1 pribilegiaturen patrikara joan da; bitartean, munduko pobreenen erdiak apenas hobetu duen bere egoera.

Dokumentu hau jende askori bidali diot. Horietako batek erantzun hau bidali dit: «aberats horiek ez didate batere inbidiarik ematen; ez nuke egon nahi horien larruan».

Jarrera bat da. Beste bat agertu digu Jesusek gaurko ebanjelioan: «Jaunaren Espiritua niregan dago, / berak gantzutu bainau, / behartsuei berri ona emateko. / Gatibuei askatasuna / eta itsuei ikusmena hots egitera bidali nau, / zapalduei askatasuna ematera, / Jaunaren grazia-urtea hots egitera». Pobreak, presoak, itsuak, zapalduak… ditu gogoan Jesusek. Ez lantu edo negar hutsean gelditzeko. Ez «zer pena!» esanez gelditzeko, ez.

Pobreei berri ona hots egin nahi die: Jainkoak zer nahi duen. Presoei askatasuna hots egin nahi die: Jainkoak zer nahi duen. Itsuei, zapalduei… Jainkoak zer nahi duen hots egin nahi die. Ez du esan nahi berak gauetik goizera dena konponduko duenik. Esan nahi du, zer joera eta zer bide egin nahi duen. Esan nahi, beraren jarraitzaileek zer joera eta zer bide egin behar duten.

Jesusek ez du onartu sekula, aberatsen eta pobreen arteko alde hori. Ezagunak zituen eraiki berria zen Seforis hiria eta berreraiki berria zen Tiberiades hiria; biak Nazaretetik oso hurbil. Hiri haietan bizi ziren aberatsak, lurjabe handiak. Bitartean, Galileako herrixketan jendea pobre bizi zen; asko miserian; emakume asko beren gorputza saldu beharrean, familiari eusteko. Alde handia orduan ere batzuen eta besteen artean.

Segur aski, egoera horrek iradoki edo sujeritu zion Jesusi parabola handi hura: Epulon aberatsarena eta Lazaro txiro-txiroarena. Epulon egunero bere jauregian jai eta jai. Lazaro jauregi-atarian, Epulonen mahaitik erortzen ziren apurrak pozik jango zituela.

Eta gure artean? Oso erakusgarria izan da Donostian gertatua. Donostia guztia, hobeto esateko, Donostiako jende asko eta asko jaietan; bitartean, andre bat, etxe gabea, banku batzuek irekirik uzten duten dirua ateratzeko areto horietako batera doa azken arnasa emateko. Alde handia batzuen eta andre horren artean.

Eta Donostiako kultur jaiak direla-eta, zenbat milioi, ez pezeta-milioi baizik euro-milioi? Zenbat jenderen gozamenerako? Zifra bat aipatzeko, ez dakit zein egunetan, 50.000 jende bildu nahi dute Maria Kristina zubi inguruan. 50.000! Eta zenbat eta zenbat, bazterrean utzia! Alde handia batzuen eta besteen artean.

Senideok, Lazkaon, besteak beste, erronka handia dugu adin handikoen TXINDOKI egoitza. Zorionez eta miresteko moduan, hainbat herritar eta bestelako ikusten da egoitzako gaixoak arnasa hartzera kalera ateratzen. Alabaina, zenbat gelditzen da egoitzan? Alde handia batzuen eta besteen artean. Batez ere, egoitzakoen eta kanpoan bizi garenon artean.

Jesus, bere bizitza guztian, batzuen eta besteen arteko alde horien kontra ageri da. Jarrera bera gomendatu digu: munduan pobre bat den bitartean, munduan preso bat, itsu bat, zapaldu bat… den bitartean, Jesusen jarraitzailea ezin bizi daiteke lasai. Jainkoaren grazia urtea, Jainkoaren erruki urtea hots egin nahi badugu, ezin gelditu gara batzuen eta besteen artean munduan den alde handi horri ezikusiarena eginez.

Jesus bezala, gu ere gantzutu gaituen Espirituak lagundu diezagula geure bizitzan kontsekuenteago izaten.

Dionisio Amundarain