Jesusen jardueraren hasiera
Urteko 3. igandea A (2017-01-22)
Aurreko bi igandeetan Jordan ibaian izan gara, Jesusen bataioa eta Joan Bataiatzaileak eskaini zuen testigantza gogoratuz. Liturgiak, gaur, jauzi handi bat egin du. Jesusen tentazioak (Garizumako lehen igandean irakurriko ditugunak) alde batera utzirik, geroagoko une batean jarri gaitu, Herodesek, Joan Bataiatzailearen predikuaz asperturik, hura kartzelan sartzea erabaki duen unean. Segidan gertatu dena 4,12-23an kontatu du Mateok. Hiru zatitan bana dezakegu pasarte hau.
1.- Jesusen hasierako jarduera
Jesusen hasierako aurkezpena, bataiatua izateko bekatarien lerroan jarri izana, nahasgarri gertatu zaionak, are arrazoi handiagoa du nahasirik gertatzeko haren jardueraren hasiera irakurtzean. Presaka esanik, egin duen lehenengo gauza, ihes egitea izan da; bigarren gauza, herrialderik ahaztuenean jardutea; hirugarren gauza, hitzez hitz errepikatzea Joan Bataiatzailearen predikua. Honek guztiak, ordea, misterio bat du, eta Mateok berak lagunduko digu argitzen.
Jardueraren unea
Pena bat da ebanjelariak hain hitz gutxikoak izatea; izan ere, lehen datua, lehen begiratuan ematen duena baino sakonagoa da. Jesus ez da hasi predikatzen Joan Bataiatzailea preso hartu duten arte. Gertaera horrek kontzientzia esnatu balio bezala: Joanen egintza jarraitu behar duela.
Gu ohituak gaude Jesus era jainkozkoegian ikusten: une bakoitzean zer egin, guztiz argi baleki bezala ikusten dugu. Baina, segur aski, Jainko Aitak Jesusi hitz egin, guri hitz egiten digun bezala hitz egiten zion, gertaerak zirela medio. Eta gertaera handia Joan Bataiatzailea ezkutatu izana da eta haren hutsunea bete beharra.
Baina alde sotil edo fin bat dago Markosen eta Mateoren artean. Markosen arabera, Joan preso hartu orduko hasi da Jesus predikatzen. Mateoren arabera, Jesusek dagien lehenengo gauza Nazaretera erretiratzea izan da. Ikuspegi historiko eta psikologiko batetik, interpretazio egokiagoa ematen du azken honek: Jesus ikusteko ikusmira gizatiarragoa eskaintzen digu, gogoeta egiteko eta erabaki bat hartzeko astialdi bat hartu izan balu bezala ageri da Jesus.
Jardueraren lekua
Harrigarria da jardueraren lekua aukeratzea, Joan Bataiatzailearen kasuan baino gehiago. Joanek ez du hots egin bere penitentzia-mezua Jerusalemen, baina beraren jarduera-lekua, basamortua, oroitzapen sinbolikoz betea da. Jainkoaren agerpena espero den lekua da basamortua. Jesus, berriz, juduen historian inolako garrantzirik ez duen herrialde batera erretiratu da; are gehiago, mespretxuz, «paganoen Galilea» izenpean ezagutzen dute. Ikuspegi historikotik, Jesusek Galilea aukeratu izanak bere alde onak eta bere arriskuak ditu. Alde onak: ezaguna duen zonaldean ibiltzea, eta iparraldera aise ihes egiteko ahalbidea izatea pertsekuzio batean. Arriskuak: bere mezua Palestinako zonalderik politizatuenean hots egitea, ingurumari aski iraultzailean, gatazkarako bidea ematen duen parajean.
Galilean, berriz, Kafarnaum aukeratu du, arrantzaleen, baserri-jendearen eta salerosleen hirian, igarotze-puntu batean, askotariko jendearekin harremanak izateko aukera ematen dion puntuan, eta hurbileko herrixketara joateko modua eskaintzen dion lekuan.
Alabaina, gaur egungo historialariak ez bezala ikusten ditu gauzak Mateok. Galilea aukeratzeak Isaiasen profezia bat dakarkio burura: herrialde horrek, K.a. VIII. mendean, asiriarren inbasiokoan jasandako zoritxar izugarriez mintzo da profezia hori, baina etorkizunean salbazioa izango duela dioena.
Mateorentzat, hau da funtsezko gauza: Jesus ez zaiola zuzendu jende inportanteari, mundua eraldatzen ahal duenari, baizik eta «ilunpean bizi direnei», «heriotzaren lurrean eta itzalean bizi zirenei». Jenderik mespretxatuena eta ahaztuena (baserri-jendea eta arrantzaleak) izango da Jesusen lehen entzule. Jende honentzat «argi handi» bilakatuko da Jesus.
Hasierako mezua
Markosek dio: «Bete da epea, hurbil da Jainkoaren erregetza. Bihotz-berri zaitezte eta sinetsi berri ona». Jainkoaren erregetza berehalakoa dela azpimarratzen du, bihotz-berritzea eskatzen duen berri ona da. Hitz hauek eragin zezaketen uste hau –eta, izatez, sortu zuten−: berehala zetorrela munduaren azkena. Lehen kristau-elkarteek kasik larri eta estu bizi izan zuten uste hau.
Mateok K.o. 70/80 urteetan idatzi du, eta saihestu egin nahi du oker-uste hau, eta aldi berean bihotz-berritzearen ideia azpimarratu du. Hartarako, Markosen bi baieztapenak batean laburbildu ditu: «bihotz-berri zaitezte, hurbil da-eta Jainkoaren erregetza». «Epea bete da» hitzak bazterturik, saihestu egin du munduaren azkena gainean delako ustea.
Bestalde, mezuaren laburpen hau Joan Bataiatzailearen mezuarekin (3,2) bat datorren arren, ez diogu ukatu behar Jesusenari orijinaltasunik, baizik eta oinarrian bat datorrela esan behar da. Funtsezkoan bat datoz biak, eta honek ebanjelioaren irakurleagan gaiari buruzko interesa sortu behar du. Izatez, Mateo esaten ari da hemen, zer izango den Jesusen mezuaren lehentasunezko edukia: zertan datzan Jainkoaren Erreinua eta nola izan daitekeen gizakia partaide hartan.
2.- Lehen ikasleak
Bigarren eszena funtsezkoa da Jesus ulertzeko. Hasieratik beretik hasi da lagun eta bere egitekoan laguntzaile izango dituen ikasle batzuen bila. Ez da predikari bakartia, ezta den-dena berak bakarrik egin dezakeela uste duen indibidualista ere.
Testuinguru honetan hartu behar da lehen lau ikasleen deia: Pedro eta Andres, Santiago eta Joan. Mateok, Markosi jarraituz, munduko erarik arruntenean aurkeztu ditu gertaerak. «Galileako aintzira inguruan zebilela bi anaia ikusi zituen…» Jesusek. Harridura eragiten dio honek irakurleari. Daitekeena al da lau mutilek Jesusi jarraitzea bera ezagutu gabe? Joanen ebanjelioa irakurri duenak badaki bataiokoan ezagutu zituela.
Alabaina, xehetasun psikologiko eta historiko hauek ez zaizkie axola Mateori eta Markosi; nahiago dute era errotikoan aurkeztu Jesusen jarraipena. Mateoren kontakizuna Markosenaren berdina da, esateko. Xehetasun-alde bat dute soilik; oso txikia irudi dakizuke, baina neuri esanguratsua iruditzen zait. Markosek dio, Santiagok eta Joanek, Jesusen deia jasotzean, «beren aita Zebedeo ontzian utzi zutela soldatapekoekin, eta Jesusekin joan zirela». Mateok ez ditu aipatzen soldatapekoak; hartara, eszena garratzagoa gertatzen da bai aitarentzat, bai semeentzat. Jesusi jarraitzearen arazoa ageri da hemen, funtsezkoa izango dena ebanjelioan.
3.- Laburpena
Azken esaldia, oso laburra, oharkabe geldi liteke. Baina funtsezko osagarria dela ematen du 1. puntuan esandakoari dagokionez. Han, irakaspena da Jesusen jardueraren erdigunea. Hemen, irakaspena ekintzarekin batera dator: ibili dabil, irakasten du, hots egiten du, sendatzen du. Gaixotasunak eta oinazeak sendatzeak Jesusen astiaren zati handia hartzen du. Duela bi igande, hitz hauekin laburbildu zigun guztia Pedrok: «on eginez bizi izan da». Baina bada laburpen honetan eskuarki aintzat hartzen ez dugun zerbait: Galilean barna ibili ohi zen. Ahalegina esan nahi du horrek, sakrifizioa, aintzirako 38ºtik neguan elurpean bizi diren herrixketara igarotzea. Horregatik gehitu dut osagarri bat erregio honetaz Jesusen bizitzan.
José Luis Sicre