Urteko 3. igandea A 2020-01-26
HOMILIA
Anai-arrebok!
Aurten, nagusiki, San Mateoren ebanjelioa entzungo dugu igandeetan. Gaurko honetan, Jesusen jardueraren hasiera entzun dugu. Ebanjelioaren pasarte honetan puntu hauek dira nabarmentzekoak.
Jesusen jardueraren hasiera. Joan Bataiatzailea preso hartu dutela jakitean ekin dio Jesusek bere ekintzari. Zergatik une honetan? Bada hemen, gauza interesgarri bat kontuan hartzekoa. Gertaera jakin batek eragin dio Jesusi predikatzen hastera. Honek badu zerikusia, duela urte batzuez gero, teologian aipatzen den esapide eta errealitate batekin: aldien seinaleak. Zer diren? Zure bizitzako aro bakoitzean nabarmen gertatzen zaizkizun munduko gertaerak dira: deigarri edo berezi iruditzen zaizkigunak. Jesusi deigarri gertatu zaio Joan Bataiatzailea preso hartu izana; erabaki bat hartzera eragin dio. Halatsu gertatzen dira gure bizitzan: jokabide bat hartzera, sakontzera, indartzera eragiten digute; gertaera horien aurrean ezin gelditu izaten gara mutu eta zurrun.
Adibide bat. Aspaldi honetan, Frantzisko aita santua hartzen ari den bidearen aurka, mugimendu handi bat sortu da munduan. Eliztarrok ezin gelditu gara besoak tolesturik. Galdetu beharko genuke, zer dagoen mugimendu horren hondo-hondoan. Adibidez, zer dago jende ezkondua apaiztearen kontra ageri den mugimendu horren bihotzean? Zer dago emakumeak diakono egitearen aurka ageri den mugimendu horren bihotzean?
Aste honetan, hilaren 20an, San Fabian aita santu martiriaren festako testu bat irakurri dugu. Fabian aita santua hil zutenean, Erromako Elizak Kartagoko Elizari bidali zion gutunaren zatitxo bat da. Hau dio: «Elizak sendo eusten dio fedeari, nahiz eta batzuek, ikarak jota […] arnegatu duten edo erlijioari uko egin dioten; alabaina, azken hauek ez ditugu bazterrean utzi, ez ditugu bakarrik utzi; aitzitik, animatu egin ditugu eta damutzera eragin diegu, eman dezakeen haren barkazioa lor dezaten; gerta ez dadin, bazter utziak sentitzean, halakoen hondamendia are handiagoa izatea». Senideok, ikusgarria iruditu zait Kristo ondoko hirugarren mendearen erdialdeko Erromako Elizaren jokabide hau. Ebanjelioaren arabera, bekataria ez da bazterrean uztekoa, ez da bakarrik uztekoa, ez da etxetik urruntzekoa. Baizik ere laguntasuna behar zaio agertu.
Besterik egingo ez badugu ere, otoitz egin beharko genuke aipatu dudan eta batere garbia ez den mugimendu horren alde: Espiritu Santuak ukitu ditzala. Ospatu dugun San Pauloren konbertsioak ere horretara eragiten digu. Paulorentzat gogorra eta zaila izango zen aldaketa hura. Pentsa: ordu arteko bere uste osoa, ordu arteko bere konbentzimendu osoa, ordu arteko jokabide osoa alde batera utzi behar izan zuen. Erraz esaten dugu hori. Baina izatez ez da izaten hain erraza. Gutako askok probatu du hori, neurri txikiago batean bada ere: gaztetan formazio bat hartu genuen, konbentzimendu bat bizi genuen; denborarekin formazio hura, konbentzimendu hura alde batera utzi beharra izan dugu. Eskerrak eman nahi dizkiot, nire kasuan behintzat, Espiritu Santuari, aldaera horretarako prestatu nauelako. Zergatik ez genioke eskatuko Espiritu Santuari aipatu dudan mugimendu horretan itsu-itsu murgildurik bizi direnen alde?
Jesusek erabaki handi bat hartu zuen, Joan Bataiatzailea preso hartu zutenean. Horrek erabaki bat hartu beharra proposatzen digu gertaera latz baten aurrean, jarrera bat agertu beharra. Eta jarrera hori, beti ere, errukiaren jarrera. Errukiaren jarrera. Jainkoa errukitsua da. Jainkoa munduko gertaeretan agertzen zaigu, jokabide bat hartu ala ez proposatzeko. Gurea da erantzun baikorra ala ezkorra ematea.
Bigarren, non hasi da Jesus predikatzen? Honek ere badu bere muina eta mamia. Ez da hasi Jerusalemen, Tenpluaren inguruan. Ez da hasi basamortuan ere, Joan Bataiatzailea bezala. «Paganoen Galilean» hasi da. Galileakoa zen Jesus. Bazituen bere alde onak Galilean haste horrek; baita bere alde txarrak ere. Ondo ezagutzen zuen Jesusek paraje hori. Palestinako lekurik politizatuena zen; gatazka-lekua. Baina jende askorekin harremanak izateko aukera ematen zion. Jende asko mugitzen zen batetik bestera, salerosketa zela-eta. Jesusentzat gauzarik inportanteena, ordea, jende xume eta pobreari hitz egin ahal izatea zen.
Hirugarren, zein da Jesusen mezua? Ebanjelio guztian, muina izango dena: «bihotz-berri zaitezte, hurbil da-eta Jainkoaren erregetza. Damurako gonbita da. Zergatik? Erregetza hurbil delako, Jesusekin berarekin hasi den Erregetza hurbil delako: errukiaren erregetza, maitasunaren erregetza, zuzentasunaren erregetza. Horixe eskaintzera etorri da Jesus; Jainkoak bere errukia, bere maitasuna eskaintzen digu. Eskaintza hori onartzean dago gizakiaren zoriona. Baina bada beste arrazoi bat ere: bihotz-berrituz eta eskaintza hori benetan onartuz, geuk ere parte har dezakegu eta hartu behar dugu Erregetza hori etorrarazten. Gogoan izan dezagun zer egin zuen Jesusek, gaurko ebanjelioak bukaeran dioena gogoratuz: Galilean barna ibili zen, Erreinuaren Ebanjelioa hots eginez eta gaixoak sendatuz. Kontua ez da, ebanjelioa hots egitea bakarrik. Munduan den gaitza kentzera dei egiten digu. Egun hauetan, esaldi gogor bat irakurri dut: Itsasoan noraezean dabiltzan migratzaileak ez dira salbatzen sagrariora begira geldituta.
Laugarren, lau ikasleei dei. Hain juxtu, Jesusek bazekien bera bakarrik ez zela aski. Eta berarekin ibiliko ziren ikasle bila hasi zen. Hala elkartu zitzaizkion Pedro eta Andres, Santiago eta Joan.
Bukatzeko, senideok, Jesusi benetan jarraitu nahi badiogu, garbi agertu digu bidea: errukia, errukia eta errukia. Ez sentimendu hutsekoa, baizik eraginkorra. Lagundu eta argitu gaitzala Jesusen arnasa den Espirituak.
Dionisio Amundarain