Jonas, Donald Trump eta Jesus
Urteko 3. ig B 2018-01-21
Joan den igandean, ebanjelioak kontatu zigun nola hasi zen Jesus harremanetan geroago bere ikasle izango zituen batzuekin. Igande honetan Markosen ebanjeliora itzuli gara; hau izango da 2017-2018ko B urte honetan eskuarki entzungo dugun ebanjelioa. Hiru eszenatan, azken biak hertsiki erlazionatuak, Jesusek bere jarduera hasteari eman dion era harrigarria kontatu digu.
1.- eszena: Jesusen hasierako jarduera
Hiru datu dakartza Markosek: 1) jarduteko hasiera-unea; 2) jarduera-lekua; 3) Jesusen predikuaren edukia.
Hasiera-unea. Joan Bataiatzailea atxilotu duten unea da. Gertaera horrek Jesusi kontzientzia esnatu izan balio bezala, Joanen egintza jarraitu behar duela. Ohituak gaude gu, Jesus era jainkozkoegian hartzen, une bakoitzean zer egin argiro ikusi izan balu bezala. Oso daitekeena da, ordea, Jainko Aitak guri egiten digun bezala hitz egingo ziola, gertaeren bidez. Kasu honetan, Joan Bataiatzailea ezkutatu izana da gertaera, eta haren hutsunea bete beharrekotzat ikustea.
Jarduera-lekua. Joan ez bezala, Jesus ez da kokatu leku jakin batean, jendea beragana etor dadin zain. Baizik eta, ardi galduaren bila ibili ohi den artzaina bezala, Galileako herrixka eta auzoetan barna ibili da, 204etan Flavio Joseforen arabera. Galilea erregio bat zen, 70 km luze eta 40 zabal, 300dik 1200 m-ko desnibelekoa. Jesusen garaian zona aberatsa zen, garrantzizkoa eta sona handikoa, Flavio Josefok dioenez Juduen Gerla obraren hirugarren liburukian (BJ III, 41-43); halere, bertako aberastasuna oso gaizki banatua zegoen, Erromatar Inperio osoan bezala.
Judako eta Jerusalemgo juduek ez zieten estimu handirik galilearrei: «Norbaitek aberastu nahi badu, doala iparraldera; jakinduria lortu nahi badu, doala hegoaldera», komentatzen zuen rabino batek, harro. Eta Joanen ebanjelioak antzeko ideia bat dakar, apaiz nagusiek eta fariseuek Nikodemori esaten dioten hartan: «Ikertu ezazu eta ikusiko duzu Galileatik ez dela irten profetarik» (Jn 7,52).
Hasierako mezua. Zer esaten dio Jesusek jende gizajo horri, mendeko landa-jende eta aintzirako arrantzale horri? Iragarki batean («Bete da epea, hurbil da Jainkoaren erregetza») eta gonbit batean («bihotz-berri zaitezte eta sinetsi berri ona») laburbildu du Markosek Jesusen mezua.
Iragarkia ondo ahokatzen da burubide apokaliptikoan; hau aski zabaldua zegoen garai hartan zenbait judu-talde erlijiosotan. Munduan gertatzen diren ezbeharren aurrean, ez baitiote beste irtenbiderik aurkitzen, mundu berri bat espero dute, miresgarria: Jainkoaren erreinua. Autore hauentzat oinarrizkoa zen, bai unea kalkulatzea, zeinetan oldartuko baitzen Jainkoaren erreinua, bai hondamendia iragarriko zuten seinaleak jakitea. Jesus ez da erori tranpa horretan: ez da mintzo, ez une jakin batez, ez seinaleez. «Hurbil da» esatera mugatu da.
Baina beste hau da alderik inportanteena: bihotz-berritzeko eta berri ona sinesteko gonbitarekin uztartu duela iragarpen hori.
Bihotz-berritze horrek bi gauza ditu berekin: Jainkoagana itzuli eta jokabidez aldatu. Hori hobekienik adierazten duen irudia seme hondatzailearena da: aitaren etxea utzi du eta bere ondasunak xahutu ditu; aitagana itzuli beharrean da eta bizieraz aldatu beharrean. Bihotz-berritzeko dei hau profetengan tipikoa da, eta ez zaio gertatu arrotz Jesusen entzuleetako inori (lehen irakurgaiak, Jonasen liburukoak, gai horixe du erdigune).
Baina Jesusek, gainera, Jainkoaren erregetzaren «berri ona sinestera» gonbidatzen du, erromatarrek mota guztietako zergak kobratuko badizkiete, egoera ekonomikoa eta politikoa oso latza badute ere, marjinaturik eta mespretxaturik sentitzen badira ere. Berri on hori laster zehaztuko du Jesusek; batetik, gaixoak sendatuz, osasun fisikoa itzuliz, eta, bestetik, bekatuen barkazioa emanez, barneko bakea eta poza itzuliz.
2. eta 3. eszenak: deia Simoni eta Andresi, Santiagori eta Joani
Jesus aste batzuk, agian hilabeteak, ibili da Galilean barna, bera bakarrik. Harik eta lagun izango dituen eta beraren eginbideari jarraipena emango dioten ikasle batzuk bilatzea erabaki duen arte. Baina ez da ibili bila Jerusalemen, rabino handien ikasleen artean. Arrantzaleen artean ibili da bila. Ekonomiari dagokionez, ez dira txiroak; beren itsasontzia dute eta, are, soldatapekoak laguntzeko. Baina nekazal gizarte batean, Erromatar Inperiokoa bezalakoan, eskulangilea landa-gizakiaren azpitik zegoen, eta bera baino beherago jende ez-garbia zuen soilik eta jende mespretxagarria (Gerhard Lenski-ren sailkapenean).
Markosen kontakizuna nahasgarri gertatzen da. Daitekeena ote da lau mutilek Jesusi jarraitzea berau ezagutu gabe, beren familia eta lanbidea utzirik? Irakurle modernoak, erantzun baten bila, laugarren ebanjeliora jotzen du; honek dio, Jesusek ezagutu zituela jada bataiokoan. Baina antzinako irakurlea, eskura Markosen ebanjelioa bakarrik zuen hura, miretsirik gertatuko zen, bai Jesusek zuen erakarmen-botereaz, bai ikasleen guztizko prestasunaz.
Lau ikasle hauek Jesusen predikuaren lehen fruitua ordezkatzen dute: Jainkoaren erregetzaren berri ona sinesten duten mutil hauek Jesusi jarraitu diote eta errotik aldatu dute biziera.
Donald Trump eta Jonas (1. irakurgaia)
Lehen irakurgaia honengatik aukeratu dute: ninivetarrak, Jonasen predikuari esker konbertiturik, eredu ditugulako; izan ere, konbertitzeko arrazoi handiagoa dugu guk Jesusen predikua entzutean.
Halaz guztiz, Jesusek eta Jonasek aldarrikatzen dituzten arrazoiak oso desberdinak dira: Jainkoaren erregetzaren hurbiltasuna hots eginez animatzen gaitu Jesusek; Jonasek, berriz, izua sartzen du «berrogei egun barru Ninive suntsitu egingo dutela» iragarriz.
Donald Trump-ek ezin kalifikatuko zituen ninivetarrak eta Asiriar inperioa «herri-kakazartzat». Garaiko potentzia militar handia ziren, Mesopotamiatik Egiptora dominatzen zuten. Donald Trump-ek jotzen ahal zien bere erronka tipikoak eta botatzen bere irainak, baina ez zuen ezer egingo.
Jonasek, hein batean, Trump dakarkigu gogora. Jonasek, bai, «pagano-kakazartzat» dauzka ninivetarrak, espresuki esaten ez badu ere. Gorrotoa die, mende bat baino gehiagoan egin dituzten zitalkeriengatik. Horregatik, Jainkoak Ninivera bidali duenean, kontrako bidea hartu du itsasoz, Cadizerantz. Ekaitz bat eta arrain handi bat beharko dira bere misioa bete dezan behartzeko. (Kontakizunaren lehen zati hau eten egin da liturgian.)
Jainkoak berriro bidali duenean, Jonasek ez du obeditu beste erremediorik izan, baina ez du nahi Ninive konberti dadin, baizik eta Jainkoak suntsi dezan nahi du. Eta horixe da iragarri duena, hirian barna ibiliz. «Berrogei egun barru, Ninive suntsitu egingo dute». Alabaina, ninivetarrak konbertitu dira. Jainkoak barkatu die eta Jonas egundoko amorrazioak jo du; jasanezinekotzat du Jainkoa «pagano-kakazar» horiekin hain onbera eta barkatzaile agertzea.
Bistakoa da irakaspena. Inork ezin esan du: «Ez naiz konbertituko, Jainkoak ez baitit barkatu». Ninivetarrak bezala, guztiok konberti gaitezke geure biziera gaiztotik.
Oharra Jonasen liburuxkaz
Pena bat da, kontakizun hain eder hau, judu-idazle batek halako umorez eta autokritikaz eratua, liturgiako esaldi labur hauetara mugatua gelditzea. Eta are penagarriagoa da, jendeak gogoan hartu duen gauza bakarra, baldin eta hartu badu, «Jonas irentsi zuen balea» izatea. Jakina, ipuin bat da, ezta benetako historia bat. Baina beraren mezua, Jesusek kontatu zituen beste istorio batzuena bezain egiazkoa da: seme hondatzailearena eta samariar onarena bezain egiazkoa.
José Luis Sicre