URTEKO 29. IGANDEA C 2016-10-16
SARRERA
Anai-arrebok! Gaurko irakurgaiek otoitza nola egin adierazten digute. Zori txarrez, askotan ez dugu asmatzen otoitz egiten, otoitza zer den ere ez dakigulako. Sinesmena duenak bakarrik egin lezake otoitz. Hain zuzen, hitz gutxitan esateko, hau da otoitz egitea:
−Jainkoari entzutea;
−Jainkoari hitz egitea;
−Jainkoa geure baitan sentitzea;
−Jainkoa gorestea;
−Jainkoari eskerrak ematea;
−Jainkoa geure aurrean eta geure barnean dugula pentsatuz eta sentituz, geure kontutxoak ari esatea: lotsarik gabe, beldurrik gabe, xalo-xalo… Eskariak egitean ere, hura nola konbentzituko ibili ordez, hari gure premiak esatea, goxo-goxo, lagun batekin egin ohi dugun bezala.
Izan dezagula konfiantza, Jainkoarekin horrela jarduteko, horrela hitz egiteko. Salmogilearekin esan dezagun: «Batzuek beren gerla-gurdietan dute konfiantza, beste batzuek beren zaldietan; guk, geure Jainko Jaunari egiten diogu dei».
LEHENENGO IRAKURGAIA Irteera liburutik (17,8-13)
Moises Israel herriaren gidari doa, Palestinan bere bizilekua bilatu nahiz. Baina etsai gogor batekin topo egiten du; amalektar izeneko tribuarekin. Horretan, Jainkoari otoitz egiten diote israeldarrek. Eta etsaiak hiltzeko eskatzen diote.
Horrelako eskari okerrez betea da Itun Zaharra. Israeldarren adiskide ez direnak hiltzeko eskari kriminalez betea.
Bestetik, Israel herriak, bere burua hondaturik ikusten duenean, Jainkoaren zigorra dela pentsatzen du; honetan ere oker handi bat eginez.
Izan ere, Itun Berriko Jesusen mezua kontuan harturik, ez bata eta ez bestea dira ikuspegi zuzenak. Ez bata eta ez bestea dira kristau-ikuspegi: Jainkoari ezin eskatu diogu inor hiltzea; gaitz bat datorkigunean, ezin uste izan dugu Jainkoaren zigorra dela. Batetik, Jainkoa ez da Israel herriarena bakarrik. Baizik eta herri guztien kreatzaile eta Aita da. Bestetik, Jainkoa ez dator inor zigortzera.
Jainkoak egiten duen miraririk handiena beste hau da: guk harengan konfiantza izatea, baita ezbeharren artean ere.
Nolanahi ere, Moises otoitz eta otoitz ari dela agertzean, geure otoitzean konfiantza izatera gonbidatzen gaitu
BIGARREN IRAKURGAIA Timoteori egindako bigarren gutunetik (3,14−4,2)
Kristau-bizitzan, Jainkoaren berri izatea zein garrantzizkoa den azpimarratzen du testu honek: «eutsi ikasi izan duzunari», esaten dio idazleak Timoteori. Eta gehitzen du: «txikitatik ezagutzen dituzu Liburu Santuak. Hauetan ikasi duzu, Kristo Jesusengan sinesteak ematen digula salbazioa».
Eta, azkenik, artzain den aldetik, zer egin behar duen esaten dio Timoteori: «hots egin Berri Ona; erregutu bide zuzenean ibiltzen; bihotz eman jendeari, kontsolatu ahul direnak». Honetarako, «pazientzia handia izan behar duzu», esaten dio.
Senideok, Biblia dugu Jesus nor eta zer den ezagutzeko tresnarik aberatsena. Jesus ezaguturik, guztiok dugu zeregin hau: Jesusek ekarri digun Berri Ona mundu osoan zabaltzea.
EBANJELIOA San Lukasen liburutik (18,1-8)
Nola otoitz egin adierazteko, emakume alargunaren eta epaile zuzengabearen parabola agertu die Jesusek ikasleei.
Alargun bat erregu eta erregu ari zaio epaile bati: egin diezaiola justizia. Azkenean, epaileak egin dio eskatzen duena.
Epaile zuzengabeak, azkenean, eskatzen duena ematen badio, zenbatez seguruago ez digu emango Jainko onak eskatzen duguna.
Jainkoagan konfiantza izatera eragiten digu parabola honek. Aldi berean, ordea, otoitzean jarriak ditugun uste faltsuak baztertzera eragiten digu. Jainkoari otoitz egitea beharrezkoa dugu, arnasa hartzea bezain beharrezkoa. Baina kontua ez da Jaunari eskatzea, hark arazoak konponduko dizkigulakoan. Gogoan izan beharko genuke, Grotius idazle holandarraren esapide hura: Etsi Deus non daretur (Jainkoa izango ez balitz bezala). Jainkoari eskari bat agertzea, lagun bati agertzea bezala da: ez hark konponduko digulakoan, baizik barnean dugun kezka eta beharra beste norbaiti agertzeak ematen duen «lasaitasuna»-edo bizitzeko, eta arazoa konpontzeari ekiteko indarra izateko.
Horretarako, gogoratu beharra dugu Jesusen otoitz hura: «Aita, aparta ezazu nigandik kaliza hau. Baina ez bedi egin nire nahia, zurea baizik».
Ezbeharrean ere Jainkoagan konfiantza izatera eragiten digu otoitzak.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau guztien alde: Jesusen lekuko bizi izan gaitezen, geure bizieraz eta baita hitz eginez ere. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Jesusengan sinesten ez dutenengatik: kristauen testigantzari esker, irits daitezen Ebanjelioaren poza ezagutzera. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Munduko agintarien alde: bere indarrez pobreak zapaltzeko kezkarik ez duen jende dirudunari eta boteretsuari bideak mozten jakin dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Lanik eza jasaten ari den jendearen alde. Eska diezaiogun Jaunari.