URTEKO HOGEITA BEDERATZIGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Moisen otoitzak Izraelen garaipena ardiesten )

Jalgitza liburutik 17, 8-13

Izrael herria basamortuan gaindi zoan.
8 Amalektarrak etorri ziren
eta Refidimen hasi zuten gudua Izraeldarren kontra.
9 Moisek erran zion Josueri:
“ Hautazkitzu zenbait gizon
eta zoazi Amalektarren kontra gudukatzera.
Ni, bihar mendiaren gainean izanen nauzu,
Jainkoaren makila eskuan.”
10 Josuek Moisek errana egin zuen,
eta Amalektarren kontra gudukatu.
Mois, Aaron eta Hur mendi gainerat iganak ziren.
11 Moisek eskuak gora zauzkanean, Izrael zen garaile.
Beheiti erortzen zitzaizkionean, Amalek zen garaile.
12 Bainan Moisen eskuak nekatzen ari ziren;
harri bat hartu eta azpian ezarri zioten, eta bera jarri zen gainean.
Aaronek eta Hurek besoak atxikitzen ziozkaten,
batek alde batetik, besteak bestetik.
Horrela Moisen eskuak altxaturik egon ziren , iguzkia sartu arte.
13 Eta Josuek Amalektarrak garaitu zituen eta ezpataz garbitu.

Amalektarrak, haste hastetik, Izraeldarren etsaiak izan dira. Hemen kondatua zaukuna, Jainkoa
eta Izraelen arteko harremanetaz ari da. “Jainkoaren makila ” hori ez da sorgin makila bat. Bakarrik,
horren medioz du Jainkoak bere obra betetzen, horri esker da ikusten Jainkoa lanean. Deneri
erakusten du Jainkoak duela egin beharra egiten.
Bai Jainkoa bere populuarekin hor da. Moisek eskuak goiti atxikitze horrek erran nahi du,
gizonak ere, bere heinean, parte hartu behar duela Goikoaren lanean. Bertzalde Moisen otoitz
horrek adiarazten du fededunaren konfiantxa Jainkoak ez duela baztertzen.
“Aaronek eta Hurek besoak atxikitzen ziozkaten …” Gerta ditaike guri ere akitzea ! Orduan bertzeen
laguntzaren beharretan gira. Elgar sustengatzea ez dea gu denen eginbidea ?

Salmoa 120

Leloa : Jaunaren baitan nik indarrak
Egin baititu zeru-lurrak.

Begiak dauzkat mendi alde: Indarrak neri nondik ote?
Jaunaren baitan nik indarrak, Egin baititu zeru-lurrak.
Balitz bidean zerbait zilo, Zain dagozuna ez dago lo.
Ez dago ez lo, ez kuluxkan, Zer Izraelen arta daukan!
Beti zure zain dago Jauna: Eskuin aldean hau laguna!
Ez zaitu joko iguzkiak, Ez eta gauaz ilargiak.
Gaitzetik Jaunak zaintzen zaitu, Zure arima bere baitu.
Badago Jauna zure aldean, Joan itzultzetan mendez mende.

Bertze 15 salmoak bezala (120 -134), salmo hau Jerusalemera igaiten den beilariaren otoitza
da. Erran behar da Jerusaleme gain batean dela et bertzalde, beilariaren urratsek Jainkoari buruz,
goiti deramatela beilaria.
15 salmo horiek, zenbait pundutan, gauza berak dituzte sartzen beren otoitzean : akidura, laster
bururat heltzeko nahia, Jerusaleme eta tenploaren amodioa, boskario haundi bat eta Jainkoaren
baitako konfiantza. Beilariek badakite Jainkoak hautatu populuaren bide luzean doazila .” Zer
Izraelen arta daukan !”
“Begiak dauzkat mendi alde. ” Bainan otoizlariak badaki Jerusalemerat igaite hori ez dela
irriskurik gabea : zangoa ziloan sar ditaike eta bihur, badira ere basihiziak eta ere ohoinak.
Zamaritano Onaren parabolan Jesusek ohoinak sartzen baditu, horrek erran nahi du ohoin horiek
egiaz bazirela ! Bainan “Zain dagozuna ez dago lo …Eta ez zaitu joko iguzkiak, ez eta gauaz
ilargiak ” Oroitu behar da gaitzeko beroak behar zituztela jasan zenbaitetan.
“Jaunaren baitan nik indarrak, egin baititu zeru-lurrak …” Jaunren baitan eta ez Jainko
faltsuetan. Hauk beti lo daude, eta deus ez dirote gizonen alde. Jesusek, bere aldian, salmo hau
kantatu ahal izan du, azken aldikotz Jerusalemera zoalarik : “Gaitzetik Jaunak zaintzen zaitu
…Badago Jauna zure aldean, joan itzultzetan mendez mende .”

Bigarren irakurgaia

( Liburu sainduak hausnartu, Hitzaren aldarrikatzeko )

Jondoni Paulok Timoteori 3, 14- 4, 2

Seme maitea,
14 iraun zazu sendo ikasi eta egiatzat onartu duzun guzian;
badakizu norenganik ikasia duzun.
15 Liburu Sainduak haur-haurretik ezagutzen ditutzu:
emaiten ahal dautzute salbamendurat deraman zuhurtzia
Jesu Kristorenganako fedearen bidez.
16 Liburu Sainduan idatzirik dagon guzia Jainkoak inspiratua da,
eta baliagarria irakasteko, arrazoinen emaiteko,
zuzentzeko eta zuzentasunean hezteko;
17 hari esker, Jainkoaren gizona ongi moldatua izanen da,
eta edozein egintza onetarako prest.
4,1 Jainkoaren aitzinean,
eta bizien eta hilen jujatzera etorriko den Jesu Kristoren aitzinean,
hunen etortze eta erregetzarengatik manatzen dautzut:
2 aldarrika zazu Jaunaren Hitza,
ordua denean eta ez denean,
sala gaizkia, larderia, susta,
bainan pazientziarekin eta irakasteko griñarekin.

Paulorentzat Liburu Sainduak, Testamentu Zaharra da. Dioena hauxe da : Lehenik Liburu
Sainduek izan behar dute gure fedearen hazkurri. Bigarrenik Jainkoaren Hitza aldarrikatu behar da,
eta azkenik, aldarrikatze hori Elizaren leialtasunean egin dadiela.
Liburu Sainduak guretzat iturri bat dira. Timoteok, haur haurretik ur hortarik edan du. Aita
grekoa eta paganoa balin bazuen, ama eta amatxi juduak zituen, gero giristino bilakatuak. Bertze
behin oraino Paulok ahoan du Jainkoaren Hitzaren predikatzeko eginbidea.”…Aldarrika zazu
Jaunaren Hitza ! ”
“Liburu Sainduak, haur-haurretik ezagutzen ditutzu, emaiten ahal dautzute salbamendurat
deraman zuhurtzia Jesu Kristoren ganako fedearen bidez. ” Horrelako Hitzekin Paulok erran nahi
du Testamentu Zaharrak, xuxen xuxena, Kristoren ganat deramala. Paulo eta Jesusek hautatu
apostoluentzat hori garbi dago .
“Liburu Sainduan idatzirik dagon guzia Jainkoak inspiratua da. ” Juduen fedeak hori zion eta
hortakotz zituzten Juduek errespetu haundiz inguratzen Liburu Saindu horiek. Beharrezkoak dira
“…baliagarria erakasteko, arrazoin emaiteko, zuzentzeko…” eta “Jaunaren Hitza aldarrikatzeko …”
Hau delarik Eliza-arduradun batentzat lehen eta, behar bada, eginbide bakarra .”…Aldarrika zazu
Jaunaren Hitza , ordu denean eta ez denean …eta bizien eta hilen jujatzera etorriko den Jesu
Kristoren aintzinean…Manatzen dautzut…” Jokoan dena ez da nola nahiko gauza.
Bihozberritu eta Paulok bere bizi osoa lan hortan ereman du.” Berrionaren mezutzeaz ez dut
espantu egiterik;nere eginbeharra da: zorigaitz neri berriona mezu ez baneza ! ” (1 Ko 9,16)
Azkenik Paulok dio Janaren Hitzaren aldarrikatze hori “pazientziarekin eta irakasteko
grinarekin ” egin behar dela. Fededunen fedea azkartzea, horra Pauloren eta hunen ondotik
datozenen eginbide haundia.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Zuzen da Jauna bere bidetan, beti zuzen,
Hurbil da Jauna hari otoizka daudeneri,
Heien oihua entzunik ditu salbatzen.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 18 , 1-8

1 Beti eta etsitu gabe otoitz egin behar zutela erakusteko,
Jesusek parabola hau erran zioten bere dizipulueri:
2 “ Bazen herri batean juje bat
Jainkoaren beldurrik eta gizakiaren axolarik gabea.
3 Bazen herri berean alarguntsa bat etortzen zitzaiona erraitera:
‘ Egidazu justizia etsaiarekilako auzian.’
4 Luzaz eza eman zion jujeak;
bainan gero bere baitan egin zuen:
‘ Ez dut Jainkoaren beldurrik,
ez eta gizonen axolarik,
bainan emazte hori aspergarri zait:
5 eginen diot justizia,
beti buruhaustera etor ez dakidan’ ”.
6 Eta Jaunak erran zuen ere:
“ Beha zer dion juje zuzengabe horrek!
7 Eta Jainkoak ez ote diote justizia eginen
gau eta egun oihuka ari zaizkion bere hautetsieri?
Beha egonaraziko ote ditu?
8 Nik diozuet: berehala justizia eginen diote.

Bainan Gizonaren Semea etorriko denean,
federik aurkituko ote du munduan?”
“Gizonaren Semea etorrriko denean, federik aurkituko ote du munduan ? ” Jesusek hori dio,
erraiteko fedea gal ditaikela eta ez dela lokartu behar, bainan “gau eta egun oihuka arizan ”
Jainkoari.
Jerusalemeko bidean da Jesus eta badaki han zer gertatuko zaion : kurutzean itzatuko dutela.
“Gizonaren Semea “, hori da jin beharra dena munduaren akabantzan. Daniel profetak aments
batean gizon seme bat ikusi zuen ( erakutsia, zenbait aldiz pertsona bat bezala, bertze batzuetan
populu bat bezala ). Gizonaren Seme hori zeruko hedoien gainean heldu da, Jainkoaren tronu
ondoan onartua da eta kreazione guziaren gaineko erregetza ukaiten du. Jakina da “aments” hori,
munduaren akabantzan gauzatuko dela. Ebanjelioetan, Jesusek bere burua Gizonaren Seme bezala
agertzen du. Beraz Hura da azkenean Jainkoaren ospean etorriko dena. Bainan noiz ? Denborak
luzeak dira …
Orduan Jesusek juje eta alarguntsaren parabola kondatzen du erakusteko ez dela etsitu behar,
bainan emazte horrek bezala, gelditu gabe, galdatu ! Emazte hori etsenplu bat da : lehenik bere
umiltasunaz, juztizia behar haunditan dela sendi du. Guk ere jakin behar dugu Jainkoaren behar
haunditan girela, gure miseria aitortu behar dugu. Eta alarguntsak bezala, gure galdeetan iraun behar
dugu.
Ez da etsitzekorik. Juje tzarraren aintzinean dagon andereak badaki zuzenez galdatzen duena
ukan behar duela. Guk ere, hori badakigu galdatzen duguna Jainkoak berak guretzat nahi duena dela
! Moisek iraun du besoak gora atxikitzen, baitzakien Jainkoak nahi zuena zuela galdatzen : Bere
populua salbatzea . Eta guk ere badakigu Jainkoak ez duela gure salbatzeaz bertzerik nahi !