SUFRITZEN ARI DIRENEN DEIADARRA (Lukas 18,1-8)

Urteko 29. igandea C (2019-10-20)

Emakume alargunaren eta eskrupulorik gabeko epailearen parabola hau, beste hainbat bezala, kontakizun irekia da; oihartzun desberdinak eragin ditzake entzuleengan. Lukasen arabera, etsi gabe otoitz egiteko deia da; aldi berean, gonbita da gau eta egun dei egiten diotenei Jainkoak justizia egingo diela konfiantza izatera. Zer oihartzun izan lezake gaur egun gu baitan kontakizun dramatiko honek, beren zoriaren menpe zuzengabeki utziak ditugun hainbeste biktima gogoratzen digularik?

Tradizio biblikoan, bakarrik eta babesik gabe bizi den pertsonaren sinbolo gorena da emakume alarguna. Parabolako emakume honek ez du defendituko duen senarrik, ez seme-alabarik. Ez du sostengurik, ez gomendiorik. Soilik, beraz abusatzen duten etsaiak ditu, eta erlijiorik eta kontzientziarik gabeko epaile bat, zeini bost axola baitzaio inoren sufrimendua.

Emakumeak eskatzen duena ez da nahikera bat. Zuzenbidea du eskatzen soilki. Hauxe da epailearen aurrean behin eta berriz irmoki egiten duen protesta: «Egidazu justizia». Zuzengabeki zapalduak diren guztien eskaria da. Jesusek bereei esaten zienaren ildoko oihua da: «Bila ezazue Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna».

Egia esan, Jainkoak du azken hitza eta egingo die justizia gau eta egun eskatzen diotenei. Hori da Kristok, heriotza zuzengabetik Aitak piztu duen hark, gu baitan esnatu duen esperantza. Baina, ordu hori iritsi bitartean, inork entzuten ez diela, oihuka bizi direnen deiadarra etengabea da.

Gizarteko gehiengo batentzat itxarote-gau amairik gabea da bizitza. Erlijioek salbamena hots egiten dute. Jesus gurutziltzatuagan gizon egindako Jainkoaren Maitasunaren garaipena aldarrikatzen du kristautasunak. Bitartean, milioika gizakik beren haurrideen gogorkeria eta Jainkoaren isiltasuna esperimentatzen du soilik. Eta, askotan, sinestedunak berak gara Aita den haren aurpegia, geure geurekoikeria erlijiosoz estaltzen dugularik.

Nolatan ez digu entzunarazten, noizbait ere, Jainkoarekiko geure komunikazioak zuzengabeki sufritzen ari direnen deiadarra eta mila eratako haien oihu hau: «Egiguzue justizia»? Otoitz egitean, Jainkoarekin benetan topo egiten badugu, nolatan ez gara gai indartsuago entzuteko Aitaren bihotzera iristen diren zuzentasun-eskariak?

Fededun guztiak interpelatzen gaitu parabolak. Geure debozio partikularrak indartzen jarraitu behar ote dugu, sufritzen ari direnez ahazturik? Jainkoari otoitz egiten jarraitu behar ote dugu hura geure interesen zerbitzari egin nahiz, munduan diren zuzengabekeriak bost axola zaizkigula? Baina otoitz egitea, hain juxtu, geure buruaz ahaztea eta, Jainkoarekin bat, guztientzat mundua zuzenago egiten saiatzea balitz?

Jose Antonio Pagola.