URTEKO HOGEITA BEDERATZIGARREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

( Jainkoaren zerbitzaria denen saindutzaile )

Izai profetaren liburutik 53, 10-11

10 Oinazeetan lehertua, Zerbitzaria Jaunaren gogoko izan da.
Bekatuen ordainetan bizia ematen baitu,
izanen ditu ondokoak, eta bizitze luzea:
Jaunaren nahia beteko da haren bitartez.
11 Bere oinazeen sari , argia ikusiko du, eta asea izanen.
Oinazeak ezagutu baiditu,
nere zerbitzari zuzenak zuzen eginen ditu ainitz,
heien bekatuak bere gain hartuko.

Entsea gaiten testo hunen irakurtzera Jesu Kristori pentsatu gabe. Sei mende Jesu Kristo
aitzin, Izai profetak izkiriatua zuen bere garaikideendako. Bixtan da sentsu berri bat aurkitzen
dugula, ongi irakurtuz eta gogoan erabiliz hitzak.
Bestalde, Izai, bertze profetak bezala, ikusten dituen gertakariez mintzo da, iragan denbora
aipatzen du oraikoaren argitzeko; mintzo da ere gerokoaz, ez jakinarazteko zer gertatuko den bihar,
hala beharra balitz bezala, bainan geroa orai egiten baita.
Pertsekuzione baten denboran izkiriatua izan da testo hau : Zerbitzaria « oinazeetan
lehertua » da . Berehala pentsatzen dugu Babiloneko desterruari. Oinazeak hor dira, populuak
denak galduak ditu, harik eta uste baitu Jainkoak bazterrerat utzia duela. Orduan Izaik kuraia
emaiten dio, guziagatik behar duela konfiantza atxiki. Erraiten dio sofrikarioak ez direla alferretan,
sentsu bat emaiten ahal diotela.
Zerbitzari baten etsenplua aipatzen du. Nor den ez dakigu. Menturaz martir bat ? Menturaz
herri osoa ? Ez da klarki mintzo. Izaik entzuleeri emaiten dioten mezuan, hiru pundu badira:
lehena, sofritzen dutenen ondoan da Jainkoa; bigarrena, sentsua emaiten ahal diote sofrikarioari;
hirugarrena, Jainkoak heien beharra badu munduaren salbatzeko.
Lehenik, Jainkoa gure ondoan dago : «Oinazeetan lehertua, Zerbitzaria Jaunaren gogoko
izan da .» Zer izigarrikeria litaken gaizki ulertzen baginu erranaldi hori. Ez dugu sinetsi behar
Jainkoak nahi duela sofri dezagun, zeren Jainkoa Amodio baita. Nihun ez dugu irakurtzen Jainkoak
nahi duela oinazeetan lehertuak izan gaiten, bainan Zerbitzaria oinazeetan delarik, Jainkoa haren
ganat amodio handi batekin ukurtzen da.
Egia hori ez dugu aise onartzen. Alta, Liburu Sainduan aspalditik irakurtzen dugu Jainkoak
urrikari duela oinazeetan dena. Jadanik Moisek ulertua zuen Jainkoak, Egiptoan, esklabotasunean
zen populuaren oihuak entzuten zituela. Izaik, zazpi mende geroago, Babiloneko desterrua aipatzen
du. Hemen Izaik erran nahi duena da, oinazeetan lehertua den Zerbitzaria, Jainkoaren maitasunean
dela, Jainkoa urrikalmendutsua baita. Izairen mezua da, Jainkoa ez dela desterratuen kontra, ez dela
gaixtakinen alde, lehertuak direnen alde dela. Erran nahi baita, otoitzean aurkituko dela
ihardokitzeko indarra.
Bigarrenekorik, oinazeeri emaiten ahal diotegu sentsua, bainan ez argibiderik, sofrikarioa
beti Mixterio bat baita. Testo hunek erraiten daukuna da sofrikarioan argizko bide bat badela: «Bere
oinazeen sari, argia ikusiko du. » Sofrikarioan eta bereziki gizonetarik heldu den sofrikarioan, bi
moduz ihardokitzen ahal dugu: bihotza hetsiz herraz, edo bestela, amodio eta barkamendua
eskainiz, gaizkitik Jainkoak ongia ateratzen ahal baitu.
Hirugarrenekorik: munduaren salbatzeko Jainkoak gure beharra badu: «Jaunaren nahia
beteko da haren (zerbitzariaren) bitartez. » Erranaldi hori testo guziko premiatsuena da. Ez da
zerbitzaria premiatsuena, bainan Jainkaoren nahia. Munduaren salbatzea da presundegi guzietarik
libratzea: herra, jeloskeria, odol-berotasuna, horiek dute jaten gure bihotza. Jainkoak Kaini erran
zion bezala: «Atean duzu bekatua barrandan. » Izaik erraiten du Jainkoaren zerbitzariek dutela
mundua salbatuko : « Bekatuen ordainetan bizia emaiten baitu…Jaunaren nahia beteko da haren
bitartez. » Gizon batek edo populu batek Jainkoaren obra altxatzen ahal du. Zerbitzariak Jainkoaren
nahia egiten badu amodioan eta konfiantziaz, gizadiak bakea aurkituko du: « Oinazeak ezagutu
baititu, nere zerbitzari zuzenak zuzen eginen ditu ainitz, heien bekatuak bere gain hartuko. » Izaik
hemen erran nahi du, sofriarazleen salbamendua sofrituen eskuetan dela, sakrifikatuaren
barkamenduak bakarrik du konbertitzen ahal burregoa.

Salmoa 32

Leloa : Gure gainerat ager Jauna, zure betiko bihotz ona !

Jaunaren hitza beti zuzen,
Haren egintzek oneratzen.
Zuzen legeak ditu maite,
Haren bihotzak lurra bete.
Huna bai Jauna dena begi,
Hari daudenen zain egoki.
Heriotzetik ditzan jalgi,
Eta nasaiki eman ogi.
Jainko Jaunaren beha gaude:
Hura guk lagun, adixkide.
Gure bihotza baita dena
Zuri osoki, Jainko Jauna.

Haren bihotzak lurra bete”. Behar da fede horren erraiteko !
Gizartea ez da berehala ohartu Jainkoa amodio dela. Ikusiak ikusi, gertatuak gertatu,ez da
beti errex sinestea Jainko Aita bat badugula zeruan.
Kierkegaard idazleak zion : “Bekatuaren kontra doana ez da bertutea, bainan bai fedea”
(konfiantza). Fede horren lekuko izan zen Abraham.
“Huna bai Jauna, dena begi,
Hari daudenen zain egoki.”
Jainkoak denak ikusten dituela eta, ez du horrek gizona lotsatu behar. Artzain on bat bere
ardien zain bezala baitago Jainkoa gizonen “zain”.“Heriotzetik ditzan jalgi, eta nasaiki eman
ogi…Hura guk lagun, adiskide.”
Konfiantza osoan, zure gaude Jauna!

Bigarren irakurgaia

( Apez nagusi urrikalkorra )

Hebrearreri epixtolatik 4, 14-16

Haurrideak,
14 gure apez nagusi handia, Jesus, Jainkoaren Semea,
zeruetan sartua dugunaz geroz,
atxik dezagun sendo aitortzen dugun fedea.
15 Alabainan, gure apez nagusia ez da
gure ahuleziaz urrikal ez daitekeen norbait;
bera ere, gu bezala, gauza guzietan frogatua izan baita,
bainan bekaturik egin gabe.
16 Konfiantza osoz hurbil gaitezen, bada,
Jainkoaren graziaren tronurat,
urrikalmendua ardiets dezagun,
eta behar orduan, laguntzaren grazia aurki.

Iduri du eztabada batean girela, erlisioneaz. Bi ikuspunduk buruz-buru egiten dute : Juduak
atxikiak dira Tenploari eta hango apezgintzari; hortik kanpo ez da salbamendurik. Eta aitzinean
girixtino berriak: heientzat, salbamendua Jesu Kristok emaiten du. Hitz berak erabiltzen dituzte,
bainan bakotxak emanez bere sentsua.
Apezen eta apez-nausiaren eginkizuna zen Jainkoaren eta populuaren ararteko izaitea.
Erraiten dugularik « Jainko Saindua » pentsatzen dugu Jainko berexia, ezin hurbilduzkoa.
Gizonak mundukoak dira, Jainkoaren ganat ezin helduzkoak. Bi mundu horien artean norbaitek
zubia egin behar du, ez gizon entrabaleko batek. Hortik apezaren “kontsekratzea”. Hain xuxen
“kontsekratzea” hitzak “berextea” erran nahi du, zubi egiteko berexia, zubi Jainkoaren eta gizonen
artean.
Horiek hola, Jesus ez zen apeza, ez baitzen apez-leinutik ateratzen, erran nahi baita Leviren
leinutik, bainan Judaren leinutik. Haatik David erregearen ondokoa zen. Gehiago dena, apez-nausi
izaiteko behar zen Leviren leinuaren barnean Aaronen familiakoa izan. Jesus ez da ere apez-nausi
sakratua izan. Aitzitik, bandil bat bezala hil izan da, Mesias faltsu bat. Froga : Jainkoak ez du
salbatu heriotze ahalgegarri hortarik.
Girixtinoendako aldiz, dena inkarnazioneko mixterioan da: Jesu Kristo Jainko eta gizon da.
Biek bat egiten dute, horra zubi egiten duena. Haren baitan, Jainkoa jin da gizadiaren ganat,
Jainkoak zeharkatu du Jainkoaren eta gizonaren arteko leizea. Testo hunek erraiten dauku: «
Zeruetan sartua dugunaz geroz. » Irudi hortan egoiteko, erraiten ahal dugu bidea, bi aldetarat
zeharkatua izan dela. Jesu Kristoren baitan, gizadiak, behin betikotz atxikitzen du Jainkoaren eskua
eta gu haren gorputzak gira. Beraz, ez dugu gehiago apez-nausi beharrik. Hura da behin-betikotz
gure apez-nausia : « Atxik dezagun sendo aitortzen dugun fedea » dauku erraiten idazleak.
Hemendik goiti denak aldatuak dira, ez dezagun so egin gibelerat: «Gure apez nagusi handia,
Jesus, Jainkoaren Semea, zeruetan sartua dugunaz geroz. »
Jesus, Jainkoaren Semea, gu bezalako gizon bat izaiten ahal dea? Hor da, ikarnazionearen
mixterioa; onar dezagun mixterioa dela. Jainkoaren xedeak ez ditugu ulertzen ahal. Erraiten dugu
leialki Jesus « egiazko Jainko eta egiazko gizon » dela, bainan gure baitan barna sartua dugu
Jainkoa urrun dela.
Beharbada hortako azpimarratzen du idazleak: « Alabainan, gure apez nagusia ez da gure
ahuleziaz urrikal ez daiteken norbait; bera ere, gu bezala, gauza guzietan frogatua izan baita,
bainan bekaturik egin gabe. » Ebanjelioek erraiten daukute Jesu Kristok frogatu duela ahulezia
basamortuko tentaldietan: poderea, arrakasta, fama, ospea. Petrik ere tentatu zuen ezin onartuz
Jesusek pasionea sofri zezan. Tentazionea ere kurutzean, bere aitak Jesus ez ote zuen bere ber utzia
etsaien eskuetan. Guk baditugu tentazio horiek guziak, Jesusek bezala, bainan hura ez da erori,
Aitaren nahia beti egin du: « Zure nahia izan dadin egina ez eta nerea. » Guk bezalako eneguekin
bizi izan da, bainan beti eginez Aitaren nahia.
Jondoni Paulok erraiten duen bezala Korintiarreri: « Goazen aitzina segurtamen osoarekin..
» Hemendik aitzina ez da apez nausi beharrik, zendako ditugu beraz apezak ? Hebrearreri igorria
izan zelarik gutun hau, nehor ez zen apez deitua, orai hitz horrek bertze sentsu bat badu. Apez
girixtinoak ez du erraiten hura dela zubia Jainkoaren eta girixtinoen artean, bainan berriz eta berriz
oroitarazten dauku, gure artean, Jesus dela bakarrik apez-nausia.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Jainkoaren Semea zerbitzari izaitera etorri da,
Eta bere biziaren emaitera askoren ordain-sari.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 10, 35-45

35 Jakobe eta Joani, Zebedeoren semeak
Jesusenganat hurbiltzen dira, eta erraiten diote:
“ Irakasle jauna, eskatuko dautzuguna
egin diezaguzun nahi ginuke.”
36 Jesusek erran zioten:
“ Zer nahi duzue nik zueri egitea?’
37 Heiek ihardetsi:
“ Iguzu, bat zure eskuinean eta bestea ezkerrean jar gaitezen,
zure aintzan.”
38 Jesusek erran zioten:
“ Ez dakizue zer eskatzen duzuen.
Bazirezte, nik edanen dutan kalitza saminetik edateko?
Edo nik hartu behar dutan bataioa hartzeko?
39 Ihardetsi zioten : “ Bai, bagira.”
Jesusek orduan:
“ Nik edanen dutan kalitza, edanen duzue,
eta nik hartu behar dutan bataioa hartuko.
40 Bainan nere eskuinean eta ezkerrean jartzea,
ez da nere esku horren emaitea:
norentzat prestatua den, eta hari emanen zaio.”
41 Beste hamarrak, hori entzutean,
Jakobe eta Joaniren kontra sumindu ziren.
42 Dei egin eta Jesusek erran zioten:
“ Badakizue, herrien buruzagi direnek
menpean hartzen dituztela herriak,
eta handikiek beren nausigoa sendiarazten.
43 Zuen artean, ez da horrela izan behar.
Zuen artean handi izan nahi duena
izan bedi zuen zerbitzari.
44 Zuen artean lehen izan nahi duena
izan bedi guzien mutil.
45 Zeren Gizonaren Semea ez baita etorri zerbitzatua izaitera,
zerbitzari izaitera baizik,
eta bere bizia guzien alde ordain-sari emaitera.”

« Guzien alde ordain-sari emaitera.» “Ordain-sari” hitzak Jesu Kristoz geroztik ez du batere
sentsu bera. Orai ordain-saria entzuten dugularik, erran nahi du, beharbada norbait bortxaka
eremana, haren ebasleak pagatu behar direla presunerraren libratzeko. Ordain-saria da pagatu
behar dena. Jesusen denboran, hitz horrek erran nahi zuen “laxatzea”, “libratzea”.
Nola sinets Jesusek gurezat zerbait behar duela pagatu?
Badakigu profeta guziak gudukan ari izan zirela jendeak sakrifiziotan eskaintzen zituztenen
kontra. Beraz dizipuluek entzun zutelarik Jesusek erraiten : « Eman behar dut ene bizia guzien-alde
ordain-sari » ez zaiote gogoratu Jainkoak galdegiten zuela Semearen hiltzea, hasarrearen eztitzeko;
bazakiten aspaldian Jainkoak ez zuela hasarrerik gizadiaren kontra eta ez zuela nahi jendea
sakrifikatua izan zadin.
Haatik, beha zauden noiz libratuak izanen ziren erromanoen menpetik. Fede gizonak
baitziren, gizadi guziaren librantzaren esperantzan ere zauden, gizadia gorputzeko eta arimako
gaitzek xahutua zela baitzaukaten. Entzuten zuten Jesusek erraiten : «Ene bizia kontsekratu behar
dut gizadiaren askatzeko. » Jesusek erraiten zioten ere gizadia askatzekotz gizonak bihozberritu
behar zuela. Hirugarren aldikotz errana zioten hil behar zuela, eta gero piztu.. Markek erraiten
dauku Jerusalemeko bidean bazoatzila, Jesus aitzinean, eta gibeletik dizipuluak lehiarik gabe,
beldur Jerusalemen zer gertatuko zen.
Multzoan baziren bi dizipulu, Zebederen semeak, Jakobe eta Joani, deituak « ortziaren
semeak » . Jesusi galdegin zioten Jerusalemen ikusi behar zutenaren ondotik, haren ospean parte
hartzeko fagorea. Jesusek errepostu : « Ez dakizue zer eskatzen duzuen. Bazirezte nik edanen dutan
kalitza saminetik edateko ? Eta nik hartu behar dutan bataoia hartzeko ? » Horra hor Getsemanin
eginen zituen otoitzaren hitzak berak : « Aita, ahal bada, nereganik urrunt zazu edari samin hau. »
Erran nahi zuen gizonek bortxatzen zuten oinazetako bidetik ez zela baztertzen ahal .
Pentsa dezakegu Markek Ebanjelio hau izkiriatu zuelarik, haren girixtino taldean galdeek eta
errepostuek oihartzun bera zutela, zeren jadanik pertsekuzionean sartuak baitziren. Mendez mende
hitz horiek berak errepikatzen dira : gizadiaren askatzea ez da oraino bururatua, martirak izanen dira
oraino.
Jesusen azken hitzak jakingarriak dira: « Zeren Gizonaren Semea ez baita etorri zerbitzatua
izaitera.» Alta Daniel profetak errana zuen Gizonaren Semea gizadi guziaren errege izan beharra
zela. Hemen berriz ikusten dugu errege bat gizadiaren aitzinean belauniko eta ez errege-alkian
jarririk. Holakoa da Jesusen erregetza : « Badakizue, herrien buruzagi direnek menpean hartzen
dituztela herriak…zuen artean ez da horrela izan behar .» Zuek, ene dizipuluak, izan zaitezte gizadi
berriaren altxagarri, izan zaitezte Gizonaren Semearen iduri, egin zaitezte zerbitzari.