Garaile ala zerbitzari? (Markos 10,35-45)

Urteko 29. igandea B 2018-10-21

Gaurko honen aurreko igandeetako irakurgaietan ikasleei irakasten ikusi dugu Jesus, gai desberdinen inguruan (haurrak, dibortzioa, aberastasunak etab.). Gaurko honetan bere azken irakaspena eman die Jerusalemera nekaldirako igo aurretik.

Jesusek zer pentsatzen duen

Nekaldia eta piztuera hirugarrenez iragarriz hasi da dena, pasarte hori irakurtzen ez bada ere; halaz guztiz, oinarrizkoa da hori segidakoa ulertu ahal izateko. Jesusek beste behin errepikatu die ikasleei, apaiz nagusiek eta lege-maisuek heriotzara galdu, paganoen eskuetan jarri, iseka eta listuka egin, zartakoak eman eta hilko dutela.

Santiagok eta Joanek zer pentsatzen duten: Gobernu Presidente eta Lehen Ministro

Aurreko kasuetan bezala, oraingo nekaldi-iragarpen honen ondoren ere, apostoluek ulertu ezaren adibide bat dator: Santiagok eta Joanek, garrantzizkoenetako biek, Jesusen hurbilenetakoek, ez diote kasurik ere egin Jesus esaten ari zaienari. Jesus sufrimenaz mintzo zaien bitartean, biek garaipena bermatu nahi dute: «zure aintzan eseri, bata zure eskuinean, bestea zure ezkerrean». «Zure aintzan» esatean, ez dira ari zeruaz, baizik eta «lurrean» gertatuko denaz, Jesus Jerusalemen garaile irten eta Israelgo errege egingo denean: leku bana nahi dituzte, eskuinean eta ezkerrean. Gobernu Presidente eta Lehen Ministro. Gora egitea dute biek garrantzizkoa.

Jesusen erantzuna, ez espero zitekeen bezain zakarra, bi urratsetan gauzatu da. Lehenik gogorarazi die, garaitu ahal izateko sufrimena jasan behar dela aurrez, berak edango duen nekaldiko kalizatik edan behar dela. Ez da garbi ageri, Joanek eta Santiagok zuzen ulertu ote duten Jesusek bere kalizaz eta bere bataioaz esan diena, baina prest daudela erantzun diote zernahitako. Orduan Jesusek, bigarren urratsean, ipurdiko ederra eman die; esan die, kaliza edango badute ere, horrek ez dizkiela bermatuko lehen bi postuak. Horiek esleiturik daude jada; ez da esaten zeinentzat.

Beste hamarren erantzuna eta Jesusen irakaspen handia

«Beste hamarrak, hori entzutean, gogor haserretu ziren Santiagoren eta Joanen kontra». Zergatik haserretu dira? Segur aski, berek ere lehen postuak amesten dituztelako.

Jesus abagune horretaz baliatu da irakasteko, nolakoak izan behar duten elkarte barruko harremanek. Ikasleen jokabidean jarrera oso gizatar bat nabari du: boterearen bila dabiltza, soil-soilik. Horretan eror ez daitezen, kontrako bi adibide aurkeztu dizkie:

1) Lehengoa, imitagarri ez dutena, errege eta monarka helenistikoena, beren botere-abusuaz ezagun-ezagun zirenena: «Badakizue, nazioen buruzagiek tiranizatu egiten dituztela eta handikiek zapaldu».
2) Bigarrena, imitatzekoa, Jesusena berarena, zerbitzari izatera etorri baita eta bere bizia ematera guztiak askatzeko.

Bi adibide hauen artean dator irakaspenaren muina: «handi izan nahi duena izan dadila zuen zerbitzari, eta lehena izan nahi duena, izan dadila guztien esklabo». Kristau-elkartean baloreen erabateko kanbioa egin behar da.

Baina hau da «zuen artean», elkartearen baitan, gertatu behar duena. Jesusek ez dio ezer gizartean gertatu beharrekoaz, nahiz zeharka kritikatu duen botere-abusua.

Lehen irakurgaia: Isaias 53,10-11

Isaiasen testu hau, Jesusen ebanjelio hitz hauen iruzkin gisa hautatu dute: «Gizonaren Semea ez da etorri zerbitza dezaten, baizik zerbitzatzera eta bere bizia ematera guztiak askatzeko», eta lehenago nekaldiari (kaliza eta bataioa) eginak dizkion aipamenen iruzkin gisa. Hain zuzen, honela hasi da lehen irakurgai hau, esanez, Jaunak xehatu egin nahi izan zuela sufrimenaz; hitz eskandalagarriak dira, Jainkoaz hitz egiteko moduagatik, baina azken garaipenari dagokionez hartu behar dira. Izatez, Isaiasen testuak gehiago azpimarratzen du, bai Jesusen beraren arrakasta (ondorengoak izango ditu, bizitza luzea izango du, argia ikusiko du eta aseko da), bai beraren egintzarena (Jainkoaren egitasmoak aurrera egingo du haren eskuari esker, jende asko egingo du zuzen).

Gogoetak

1.-Ebanjelioko pasarte hau Jesusen azken irakaspena da, nekaldiaren aurretik; bizitza nola ulertzen duen adierazi digu hor: «Gizonaren Semea ez da etorri zerbitza dezaten, baizik zerbitzatzera eta bere bizia ematera guztiak askatzeko». Etsenplu hau baliozkoa da kristau guztientzat, ez da aita santu eta gotzainentzat bakarrik.

2.-Irakaspen bikain hau ez zitzaigun iritsiko, Santiago, Joan eta beste hamarrak hain handinahi izan ez balira. Giza akatsek onura handiak ekartzen ahal dizkigute.

3.-Jesusen irakaspena oso gutxi itsatsi da Elizan hogei mendeetan barna, eta mailarik altuenean ari dira gertatzen bertan handinahi-talkak. Aterabide bakarra beti, Jesusen etsenplua gogoan hartzea izango da.

4.-Isaiasen testuak geure bizitzako une zailak esperantzaz ikustera eragiten digu.Nahiz eta une askotan Jainkoa sufrimenaz xehatzen ari gaituela iruditu, ez du hori bere asmoa, baizik gugandik gauza on asko ateratzea.

José Luis Sicre