Urteko 29. igandea B (2015-10-18)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko mezako lehen irakurgaia, Isaiasek Jaunaren zerbitzariari eskaintzen dion pasartekoa da: «Jaunak oinazez josi nahi izan zuen… Hainbat neke jasan ondoren, argia ikusiko du eta asea izango du».
Ebanjelioan, edan beharko duen kalizaz mintzo zaie Jesus ikasleei; ikasleak nor handiagoka ari dira; Jesus, berriz, sufritu behar duenaz.
Sufritu beharra, ordea, ez da helburua; baizik eta jarrera baten ondorioa.
Jarrera hori gaurko mezako salmoak (33[32],22) adierazten digu: «Betor gugana, Jauna, zure errukia, zugan jarria baitugu esperantza!»
Errukia da jarrera. Errukiak eragin dio Jainkoari gizon egitera. Gu guztiok bezalako egitera. Errukiak eragin dio, gizon eginik, guri gizon-emakume bete egiten laguntzeko, bere bizia eskaintzera; ez gurutzean bakarrik, baizik bere bizitza guztian.
Jesusek bizi eta agertu digun erruki horrek eragiten digu guztioi errukitsu izatera. Errukitsu izan behar eta nahiak eragiten digu misiolari izatera ere, Jesusi eragin zion bezala.
Domund egunaren sustraian errukia dago. Errukiak eraginda, jotzen du Elizak misiolari izatera.
Misiolaritza ez da pertsona berezi batzuen lana. Vatikano II.ak (Ad gentes, 41) esana digu: «Laikoak lankide dira Elizaren ebanjelizazio-lanean, eta Elizaren misio salbatzailean partaide dira, bai lekuko bezala, bai tresna bizi bezala».
Zertan datza, ordea, misiolaritza?
Batetik, etengabe hots egitea da 1 Joanek dioena (1,1): «Hasieratik zen biziaren hitza, entzun eta geure begiz ikusi duguna, begiratu eta geure begiz ikusi duguna iragartzen dugu».
Jakina, entzun eta ikusi duguna hots egin nahi badugu, ezin konforma gintezke joan den igandeko aberatsarena egitearekin; ezin konforma gintezke legea betetzearekin; Kristorekin harreman pertsonalak bizi beharra dugu: harreman pertsonalak, Jesusi entzun beharra, Jesusi bihotzez zuka edo hika hitz egin beharra.
Misiolari, 1 Joanek dioena hots eginez izango gara: ezagutzen gaituen eta ezagutzen dugun, maite gaituen eta maite dugun Jesus hots egiten eta iragartzen dugu.
Alabaina, oso kontuan hartu beharrekoa dugu, besteak beste, Domund egunerako mezuan Aita Santuak dioen hau: «Gaur egun, misiolaritza erronka handi baten aurrean aurkitzen da: errespetatzea, alegia, herri guztiek izan behar duten abiapuntua: zein bere erro propioetatik abiatzea, zeinek bere kulturaren balioak zaintzea. Kontua, beste tradizioak eta sistema filosofikoak ezagutzea da, eta herri bakoitzari eta kultura bakoitzari aitortzea, laguntza jaso behar badu, bere tradizio propiotik lagundu behar zaiola Jainkoaren misteriora iristen eta Jesusen ebanjelioa onartzen…». Badu horrek mamirik guztiontzat: Jesusez hitz egitean, ez da hitz egiten norberak duen mailatik, baizik hitz egiten diozunaren mailatik. Gauza zaila. Baina ahalegina egin beharra.
Nolanahi, senideok, guk geure txokotik egin dezakegunaz aparte, bada munduan lan berezia egiten ari den jendea misiolaritzan. Eta lan miresgarria gainera.
Halere, jakingarria da elkarrizketatu dituzten misiolari horietako baten hitz hauek. Dio: «Guztiek miresten gaituzte egiten dugunagatik, baina inork ez digu galdetzen Norengatik egiten dugun». Benetan, kontuan hartzekoa. Norengatik? Badakigu: Kristorengatik.
Hark erakutsi digu, Vatikano II.ak (Ad gentes, 9) esan digun bezala, kontuan hartzen «gizon-emakumeen buru-bihotzetan ereina dagoen on guztia aurkitzen». Bai. Jainkoak erakutsi digu, hainbat eta hainbat gizon-emakumeren aurpegian desitxuraturik gelditu den Jainkoaren irudia zaintzen, goseak eta injustiziak desitxuratu dituzten aurpegiak.
Senideok, misiolari izateko, ez dugu urrunera joan beharrik, ez dugu teologia asko ikasi beharrik. Pio XI.a aita santuak, 1927an, gaztetxo zela karmeldar egin eta oso gazterik hil zen Lisieuxko Teresa Txikia Xabierko Frantzisko misiolari handiarekin parekatu zuen. Biak ditugu Misioen Zaindari.
Teresa, San Paulok aipatzen dituen dohain eta egitekoen artean, berari zein zegokion bila ibili zen, eta maitasuna aukeratu zuen: maitatzea. Xabierrek, berriz, Asia ekialdean misiolari zebilela, tentazio hau izan zuen: Parisera itzuli eta Unibertsitatean hoska hastea ikasle eta irakasleei: beren berriketak utzi eta joan zitezela jende pobrea askatzera.
Senideok, misiolaritzak, guztiontzat du mezurik. Jesusen Espirituak esna gaitzala lotatik. «Betor gugana, Jauna, zure errukia, zugan jarria baitugu esperantza!» abesteak eraman gaitzala errukitsu izatera.
Dionisio Amundarain