URTEKO 29. IGANDEA A 2020-10-18 (Domund)
SARRERA
Anai-arrebok, judu-agintariek ez dute amore eman nahi. Jesus nola garbituko dabiltza, haren hitza eta egintzat gogaikarri zaizkie. Gaurkoan, beste galdera bat egin diote, azpikeriaz. Zilegi al da Zesarri zergak ordaintzea?
Erantzutean, haiek ez bezalako maila batean jarri da Jesus. Esan nahi die: monetaren kasua badaezpadakoa da; pertsonak, berriz, erabateko balioa du; gizakia Jainkoaren irudira egina da. Hori da inporta duena: Jainkoaren irudi hori gordetzea, munduko botere guztien gainetik. Azken batean, Jainkoaren aintza gizakia libre izatea da, San Ireneoren hitzetan.
Isaiasen luman, lehenengo irakurgaian, eta Jesusen ahoan, Mateoren gaurko ebanjelioan, Jainkoa bakarra dela ageri da. Zer handitasuna eta duintasuna, gizakia Jainko horren irudi izatea! Hori sinesteko, diruaren eta boterearen morrontza-mirabetzatik ihes egin beharra dugu; bestela esanda, aske bizi beharra.
Gaur, bestalde, Domund eguna dugu, misioen eguna. Familia bat Tanzanian, erlijiosa sendagile bat Kamerunen, erlijioso irakasle bat Vanuatu uhartean Pazifiko ozeanoan, apaiz bat Japonian; beste apaiz bat Peruko Amazonia basamortuan: zer dute horiek guztiek batean? Jainkoaren deiari «hemen nauzu» esana.Horra guretzat testigantza ikusgarri bat.
LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (45,1.4-6)
Arreta handiz entzun beharrekoa dugu Bigarren Isaiasen testu hau. Oso interesgarria da.
Batetik, Isaiasen kontsolamendu liburuko zatia da. Benetan dario pasarte honi kontsolazio-usain hori. Profetak Jainkoaren ahoan jarri du promes hau Israel herriari hitz eginez: Ziro errege paganoak emango dizue hain suharki desiratzen duzuen askatasuna.
Bestetik, lehenengo aldiz mintzo da Biblia Jainko bakarraz. Kristo aurreko seigarren mendean gaude. Eta momentu hori arte, Israelek bere Jainkoa zuen; baina ez zuen trabarik beste herriek zeinek bere jainkoa zutela onartzeko: herri bakoitzak bere jainkoa; horixe zen ordu arteko ustea. Jainkoa bakarra dela sinestea jauzi handia da, sinesgaitza, errebelazioaren ibilbidean.
Geure buruari aplikatu beharrekoa dugu hori. Izan ere, guztiok dugu joera, jakinaren gainean edo ohartzeke, nork bere jainkoak sortzeko: erosotasuna, egoismoa, kontsumismoa, etab.
BIGARREN IRAKURGAIA Tesalonikarrei egindako Lehen Gutunetik (1,1-5b)
Pauloren gutun edo karta hau Itun Berriko lehenengo idazkia da. Arrazoitzearen freskotasuna eta xumetasuna nabari zaizkio. Kristautasuna leial eta sendo bizitzen hasi den kristau-elkarte bati egindakoa da; anai-arreben arteko harremanen jatortasuna nabari du Paulok Tesalonikako (gaur egungo Grezian) elkarte horretan. Esanahi handikoa Pauloren hau: Zuen arteko biziera ez da hitz-kontu hutsa, baizik eta Espiritua eta konbentzimendu sakona usaintzen dira.
Horixe da arazoa: utzi Jesusen Espirituari erabat har gaitzan, eta konbentzimendu sakonez bizi.
EBANJELIOA San Mateoren liburutik (22,15-21)
Merezi du gaurko ebanjelio honen testuingurua ondo ezagutzea: noiz gertatua, nola eta zergatik gertatua.
Zilegi al da Zesarri zergak ordaintzea?, galdetu diote Jesusi. Fariseuen eta Herodesen aldeko batzuk dira. Fariseuak Erromaren gobernuaren kontrakoak dira; Herodesen aldekoek, berriz, ondo ikusten dute Erroma.
Kristoren ondoko seigarren urtetik bederatzira (Jesusi galdera hau egin baino askoz lehenago), Judas Galileo izeneko batek zergak ez ordaintzeko eskatu zion Israel herriari; hau zuen arrazoia: herriaren Jaun bakarra Yahve da; ezin onar dezake herriak beste «jaun» baten mende egotea; izan ere, Erromako enperadoreak bere burua jainkotzat ematen zuen.
Jesusi agertu dioten monetak idazki hau zuen: «Tiberio Zesar Augusto, Augusto jainkoaren semea». Horixe da Jesusi galdetu diotena: judu batek zer onartu behar du: arrotz herri bateko jauna, ala Jainkoa. Bere erantzun sakonaz, Jesusek dio ezin dela mundu honetako ezer hartu absolututzat. JAINKOARENA DA MUNDUAN DEN GUZTIA, EXISTITZEN DEN GUZTIA,esan nahi du. Gizon-emakumeak zapaltzen dituen boterea ez dator Jainkoagandik.
Dena den, Zesarren eta Jainkoaren artean aukera egiteaz jaulki ditzakegun hitz borobilen hondo-hondoan, bizipen berezi bat bizi zuten kristauek. Beste modu batean bizi zituzten Jainkoarekiko harremanak: Jainkoa zen, Aita (Abba) zen. Eta, jakina, Erromako erlijio ofizialaren aurrez aurre jarri ziren.
Ondo egingo genuke, axalean gelditu gabe, Mateoren kristau-elkarteak bizi zuen esperientziaz gogoeta eginez.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Elizaren alde: aita santuaren, gotzainen, apaizen eta kristau guztien alde: Jesusek agertu digun Jainkoaren aurpegia argi eta garbi azaldu dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Hezitzaileen alde: guraso, irakasle eta legegileen alde: saia daitezela haurrak hezten, nor bere eta egiazko duintasunaren arabera. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Pobre, gaixo, preso eta erbesteratuen alde: kontura daitezela guztiak, Jainkoaren irudiko eta antzeko kreatuak izan direla. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Misiolarien eta ebanjelioaren Berri Ona jaso beharrean diren guztien alde: guztiek, fededun edo fedegabe, ireki diezaiotela beren barrua guztien bihotzean ari den Espirituari. Eska diezaiogun Jaunari.