Urteko 29. igandea A (2017-10-22)
Jainkoari Jainkoarena (Mateo 22,15-21)
Bi jarrera Zesarri emateko zergaz
Jerusalemgo tenpluaren atarian jarraitzen dugu, talde desberdinek Jesusen aurka dituzten aurkaritzen artean. Oraingo honetan, fariseuek eta herodestarrek kinka serios baten aurrean jarriko dute Jesus, erromatar enperadoreari ordaintzeko zergaren zilegitasunaz galdetzean. Garai hartan, bidesari, aduana, ondare- eta salmenta-tasengatik ordaintzen zituzten zergez gain, Zesarri ere zerga bat ordaindu beharra zuten juduek, harekiko mendetasunaren seinalerik behinena.
Fariseuek eta herodestarrek ez zuten dudarik puntu honetaz: bi alderdi hauek zerga ordaintzearen aldeko ziren. Fariseuak, erromatarrekin gatazkarik nahi ez zutelako, beren jarduera erlijiosoak betetzen uzten zieten bitartean. Herodestarrak, Erromarekin harreman onak zituztelako. Baina, inori ez baitzaio ordaintzea gustatzen, rabinoek eztabaida zuten ordaintze horri nola izkina egingo. Eta batzuek Pesajim 112b delako tratatuaren jarrera pragmatikora jo ohi zuten: «… ez zaitez saiatu zerga horri izkina egiten, horretan harrapatu eta duzun guztia ken ez diezazuten».
Alabaina, beste judu batzuek errotiko jarrera batera jo ohi zuten, arrazoi erlijiosoetan oinarriturik. Zerga hori ordaintzea, Zesarren mendeko izatearen seinalea zenez, idolatria-bekatutzat eman ohi zuten batzuek, Jainkoa ez beste jaun bat aitortzea zelako. Hau zen sikarioen ikuspuntua; Judas Galilearrarekin hasia zen talde hau, Kirinoren erroldakoan, gure aroko lehen mendearen hasieran. Mugimendu horren hasieraz ari dela, Flavio Josefok dio: «Bere [Koponioren] agintaldian, galilear gizon batek, Judas izenekoak, matxinatzera eragin zion landa-jendeari, erromatarrei zerga ordaintzen onartu eta, Jainkoaren ondoan, beste jaun hilkorrak jasaten bazituzten iraingarriak izango zirela esanez» (Juduen Gerla II, 118). Geroago, antzeko baiezpenak errepikatzen ditu: «Judasek, galilear izenekoak…, Kirinoren garaian eraso egina zien juduei, erromatarren mende jartzeagatik Jainkoaren mendeko zirela esatearekin batera» (Juduen Gerla II, 433).
Galderaren tranpa
Testuinguru honekin, argi nabari da, egin dioten galderak, zerga ordaintzea zilegi den ala ez delakoak, kinka larrian jar dezakeela Jesus erromatar agintarien aurrean (baldin eta «ez» erantzuten badu), edota lurraldeko sektore aurrerakoienen eta politizatuenen aurrean («bai» erantzuten badu). Gainera, galdera maltzurra da, ez baita ari gauza gertatuez, baizik eta printzipioen mailan, zilegitasunaz edo ez-zilegitasunaz.
Jesusen erantzuna
Jesusek berehala igarri dio asmo txarrari, eta erasora jo du hasieratik: «Zergatik zirikatzen nauzue, hipokritok?» Zergaren txanpona eskatu die, galderarekin erantzun die eta konklusioa atera du. Jesusek, beraren garaikideek bezala, onartu du, errege baten nagusitasunaren eremua haren monetarena bera dela. Baldin eta Judan denarioa erabiltzen bada, Zesarren irudia duena, esan nahi du, han agintzen duena Zesar dela, eta berea eman behar zaiola.
Jesusen hitz hauek, hain laburrak, joan-etorri handi-handikoak izan dira Elizaren eta Estatuaren arteko harremanen teoria eratzeko orduan. Eta interpretazio desberdinei bide eman diete.
Jainkoaren gauzak
Testua aztertzen badugu, «Eman Zesarri Zesarrena eta Jainkoari Jainkoarena» hitz horiek ez dira saihets-erantzun bat, batzuek uste dutenaren kontra. Problemaren giharrari heldu diote. Fariseuek eta herodestarrek galdetu diote, ea zilegi den zerga ordaintzea ikuspuntu erlijioso batetik, ea Jainkoa iraintzen den ordaintze horrekin. Jesusen erantzun zorrotzak dio, Jainkoak beste gauza garrantzizkoago batzuen ardura duela, eta, hain juxtu, horiek direla galdera egin diotenek eman nahi ez dizkiotenak. Ebanjelio osoa kontuan izanik, «Jainkoaren gauzak», axola diona, Jesusi, bere bidaliari, entzun diezaioten da, Erreinuaren mezua entzun dezaten, bihotz-berriko jarrera har dezaten, alde batera utz dezaten txikikeria espiritual eta erlijiosoa, onartzen jakin dezaten jende ahula, jende behartsua, jende zokoratua. Fariseuei eta herodestarrei, ordea, ez zaie axola hori, baina horixe da arazo nagusia. Ebanjelioak, hain laburra ez balitz, parafraseatzen ahal zuen Jesusen erantzuna honelatsu: Zilegi al da larunbata gizakiaren gainetik jartzea? Zilegi al da jendeari zama astunak leporatu eta norberak hatz batez ere ez laguntzea? Zilegi a da jendeari eskatzea, begirunea ager diezazuen eta maisu deitu zaitzaten? Zilegi al da jendeari Jainkoaren Erreinurako bidea eragoztea? Zilegi al da mila zorrozkeria zoroz eztabaidatzea botoak eta zinak egiteaz? Zilegi al da aita edo ama goseak hiltzen uztea, boto bat betetzeagatik? Zilegi al da mentaren eta kuminoaren hamarrenak ordaindu, eta ondradutasuna, gupida eta egiatasuna alde batera uztea? Gauza hauetan guztietan daude jokoan «Jainkoaren gauzak», eta ez Zesarri zerga ordaintzean.
Jakina, kristau-elkarteak ondorio praktikoak atera ahal izan zituen honetatik guztitik. Adibidez, sikarioen jarrera amore gaitzaren kontra, defendatzea, ez zela bekatu Zesarri zerga ordaintzea; eta, ikuspegi zabalago batez, teoria bat oinarritzea kristauaren bizikidetasunaz herri-gizarte batean, alde guztietan alferrikako aurkaritzak eragiten jardun gabe. Zer-nola politikorik txarrenetan ere, ezin izango dio kendu inork ere Elizari eta kristauari Jainkoari Jainkoarena emateko ahalbidea.
Enperadorea ez da beti etsai (lehen irakurgaia)
Israelen, lehen mendeetatik, izan zen jende fanatikorik, botere politikoa gizaki hilkor bati emateko etsai zenik. Errege bakarra Jainkoak izan behar zuen, nahiz eta ez zen garbi ageri nola gauzatzen zuen Jainkoak praktikan erregetza hori. Beste talde batzuek, aginpide gorena Jainkoari ukatu gabe, onartzen zuten giza errege baten aginpidea. Baina israeldar izan behar zuen beti halakoak; ez, beraz, atzerritar. Hain juxtu, hau da Isaiasen testuaren berritasuna, garai hartarako benetako iraultza teologikoa: Jainkoak, berak izanik ere aginpide gorena («Neu naiz Jauna eta ez besterik; nitaz aparte, ez da jainkorik»), berak aukeratu du Ziro pertsiar erregea, eta eskutik darama hura Jainkoak berak, ikurra ezarri dio eta garaipena eman dio. Izan ere, Ziro izango da, urte gutxi batzuk barru, Babilonia konkistatuko duena, juduak askatuko dituena, beren lurraldera itzultzeko baimena emanez.
Esklabotza-askapen-lurraldera itzultzearen prozesu honek beste bat dakarkigu gogora, mende batzuk lehenago gertatua, herria Egiptotik irten zenekoa. Hau da berritasun handia, judu askorentzat eskandalagarria: oraingo honetan giza salbatzailea ez dela Moises berri bat, baizik eta enperadore pagano bat.
Testu hau aukeratu badute, adibide historiko batekin printzipio hau baiesteko izan da: errespeta daitekeela enperadorea, ordaindu daitekeela zerga, horrenbestez Jainkoari irainik egin gabe.
José Luis Sicre