Urteko 29. igandea A 2020-10-18 (DOMUND)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurkoaren aurreko igandeetan ikusi eta bizi izan ditugu, Jesusek bertako apaizekin eta agintariekin izan dituen tirabira batzuk. Gaur beste bat dakarkigu Mateoren ebanjelioak. Gaurkoan fariseuak eta Herodesen alderdikoek eraso diote azpikeriaz: «Zilegi al da Zesarri zergak ordaintzea?»

Gogora dezagun. Zesar hori Erromako enperadorea zen. Juduak erromatarren menpe zeuden. Zergak ordaintzeaz iritzi desberdinak zituzten. Fariseuak eta Herodesen aldekoak ordaintzearen alde ageri ziren. Beste batzuek, ordaindu beste erremediorik ez zutela esaten zuten. Baina baziren, Zesarri zergak ordaintzea Jainkoaren kontra joatea zela predikatzen zutenak ere.

Egin dioten galderaren aurrean, Jesusek zer egin du? Konturatu da, bera nola harrapatuko egin diotela: Zesarri zergak ordaintzea ez dela zilegi esaten badu, erromatar agintariek delitutzat hartuko diote; zilegi dela esaten badu, berriz, erromatarren kontra daudenak kontra jarriko zaizkio. Horretan, esan die: ekardazue zerga ordaintzeko erabiltzen duzuen moneta. Zeinenak dira irudi hau eta inskripzio hau? Eta, batetik, Zesarren aurpegia zekarren; bestetik, latinez, hitz hauek: «TI Claudius CAESAR AUG PM TRUMPH», hau da, «Tiberio Klaudio Zesar Pontifize Gorena Garailea». Tiberio Zesarren garaiko moneta zen; enperadore erromatar hori gure aroko 14 eta 37 urte bitartean izan zen enperadore; hain juxtu, Jesusen bizitzaldian.

Eta Jesusen erantzuna: «emaiozue Zesarri Zesarrena eta Jainkoari Jainkoarena». Esaldi honek zeresan asko eta asko sortu izan du historian. Baita gaur egun ere. Adibidea, besteak beste, Katalunian daukagu: aita santuak, gotzainek, apaizek, kristauek zer esan eta egin behar dute arazo horretan? Ezin luzatu naiz horretan guztian. Puntu bat bakarrik aipatuko nuke: Jesusen erantzun horretan, hondo-hondoan, gauza bat dator erdi-ezkutuan: zer dago munduan, unibertsoan, Jainkoarena ez denik?, zer dauka Zesarrek Jainkoarena ez denik? Esan nahi du, kristauak ezin duela bizi estatulatriarik, ezin duela hartu estatua jainkotzat. Gaur egun, kristau-idazleen eta predikarien artean, asko hitz egiten da erresistentziaz: erresistentzia, justizia errespetatzen ez duenaren aurrean; erresistentzia, diruaren botereaz baliatzen denaren aurrean; erresistentzia, botere politikoaz baliatzen denaren aurrean…

Hori esanik, gaur Domund eguna dugu. Misioen eguna. Askotan gauza abstraktu bezala hartu ohi dugu geure misiogintza. Gogoratu ditzagun gauza zehatz batzuk. Han eta hemen ageri diren misiolariek zer dute elkarrekin ikustekorik? Hauxe: «hona hemen ni, Jauna» esan diotela bihotzera hitz egin dien Jesusen Espirituari.

Egun hauetan esaldi eder bat irakurri dut. Buruz ari naiz. Misioetara joaten den jendeak bere familia uzten du, bere herria uzten, bere bandera (ikurrina, nahi baduzue) uzten…du. Gauza ederra. Halere, kasuren batean, ederregi ere izan dela esango nuke. Ezagutu eta ikusi izan dut kasu bitxi bat: bere bizitza guztia misiolari zeraman apaiz batek, asko eta askotan jarri behar izaten zuen bere gelako atean, kanpotik, bere jatorriko bandera. Harridura ezkorra sortzen zidan. Baina pertsona horren osasun mentalaren historia ezagutu dudanean, asko leundu da nire harridura negatibo hura. Bi txandatan, tratamendu psikologiko-psikiatrikoa bizi behar izan du, lanetik erretiratu, eta kasu bakoitzean denboraldi luzeko, urtebete baino gehiago, tratamendua.

Beste kasu bat, gotzain misiolari batena. Ederra, jatorra eta bikaina. Esan du, buruz ari naiz: «askotan, misiolariak inkulturazioa egin behar duela esan ohi da; nik uste dut –jarraitzen du gotzain horrek berak−, inkulturazioa baino lehen eta batez ere akulturazioa egin behar duela misiolariak». Inkulturazioa zer den galdetuko didazue. Ba, hitz gutxitan esateko, kultura jakin batean ebanjelioaren balioak txertatzea esan nahi du inkulturazioak. Adibidez, kultura batean jarrera espiritista bizi badute, kultura hartan piztueraren jarrera txertatzea; kultura batean, poligamia (gizon batek emazte asko izatea) bizi badute, monogamia (gizon batek emazte bat izatea) txertatzea. Eta zer da akulturazioa? Ba, misiolari zoazen herrian, beste ezer baino lehen, bertako hizkuntzaz jabetzea (ez da aski ikastea, baizik eta hizkuntza hori zeure egitea, hizkuntza hori zeure pentsatzeko modu egitea), bertako ohiturak ezagutzea eta zeure egitea, bertako kultura ezagutu eta zeure egitea. Horra gotzain horren ikuspegia.

Senideok, misiogintza, ez datza norabait joan, eta ebanjelioak hau eta bestea esaten du aldarrikatuz hastea. Bertako jendea ezagutu behar duzu. Bertako jendeak zer gauza zehatz behar duen jakin behar duzu.

Horrek, urrunera joango ez bagara ere, gure misio-jarrera aberastu egiten du. Ez da mugatzen limosnatxo bat ematera. Eman dezagun, gure arteko norbaitek misio-lurretara joatea pentsatu duela. Zein jarrerarekin joango da? Zer jarrera ikusi eta bizi izan du, gure artean bizi izan denean? Inkulturazio-jarrerarekin joango al da? Ala akulturazio-jarrerarekin? Hemen ikusi eta hartu duen jarrera eramango du. Gure misio-jarrera ez da mugatzen urtean behingo ekitaldi batera. Jesusek ondo asko ezagutzen eta bizi zituen garaiko Palestinako kultura, tradizio eta beharrak, jendaurrean hitz egiten hasi aurretik. Saia gaitezen geure herriko kultura, tradizioak, beharrak ezagutzen, segidan ebanjelioa nola hartu jakiteko, kultura horretan ebanjelioa nola bizi jakiteko.

Jesusen Espirituak argitu gaitzala, Jesus bera gaurko ebanjelioko erantzuna ematean argi zuen bezala, goraxeago aipatu dudan akulturazioaren gotzain hori argitu duen bezala. Luza ditzagun geure begiak Andre Mariagana ere.

Dionisio Amundarain