Salomon, gazte aberatsa eta ikasleak (Markos 10,17-30)
Urteko 28. igandea B 2021-10-10
Igande honetako irakurgaiek hiru jarrera aurkezten dizkigute: Salomonena: jakinduria ipini du urrearen, zilarraren eta harribitxien gainetik; gazte aberatsarena: bere aberastasunak ipini ditu Jesusen gainetik; ikasleena: gauza guztiei egin die uko Jesusi jarraitzeko.
Salomon: urreak baino gehiago balio du jakinduriak (Jakinduria 7,7-10)
Jakinduria liburua K.a. I. mendean idatzi zuten, segur aski Alexandrian, grekoz (horregatik, juduek ez dute hartzen inspiratutzat). Ez dakigu zeinek idatzi zuen, baina idazleak Salomon delako itxura egin du. Oso ohiko baliabidea zen hori garai hartan, liburuari ospe handiagoa emateko. Salomonek, bere erregetzaren hasieran, amets bat izan zuen: Jainkoak zer nahi zuen eskatzeko esan zion. Urrearen, zilarraren, arerioen porrotaren, etab. ordez, herria gobernatzeko jakinduria eskatu zion. Kontaera horretan inspiraturik, Jakinduria liburuaren egileak lehen irakurgaiko hitz hauek ipini ditu erregearen ahoan.
Gazte aberatsa: aberastasunak Jesusen gainetik (Mk 10,17-30)
Ebanjelioak bi eszena dakartza: lehenengoan, gazte aberatsa eta Jesus dira protagonista.
Gazte aberatsak, bere galdera egin aurretik, Jesusen borondate ona irabazi nahi du edota, agian, aldi berean, zuritu zergatik etorri den beragana: «maisu on» esan dio, Israelen inongo maisuri ematen ez zaion titulua (soilik kasu bat ezagutzen dugu K.o. IV. mendekoa).
Galdera. Arazo hau du kezkagarri gazteak: «zer egin behar dut betiko bizia lortzeko»?, gauza funtsezkoa pasarte guztia ulertzeko. Protagonista honek nahi duena, garaiko beste judu-esapide batekin adierazirik: «geroko bizitzan partaide izatea» da edota «geroko mundukoan»; gutako askok «salbatu» hitzarekin ulertzen duguna. Desira honek garaiko juduen artean oso ohikoa ez den ingurumen batean kokatu du gure protagonista: onartzen du geroko mundu bat, oraingoa ez bezalako bat, oraingoa baino hobea, eta beste horretan parte hartu nahi du. Bestetik, beraren galdera ez da imajina genezakeen bezain arraroa. Galdetuko baligukete «salbatzeko» zer egin behar den, gerta liteke erantzunak aski askotarikoak izatea. Antzeko galdera bat aurkitu dugu Eliezer rabiri bere ikasleek egina (90. urte inguruan). Eta erantzun die: «Saia zaitezte lortzen zeuen auzokoen estimua; eragotzi zeuen seme-alabek Biblia arin irakurtzea, eta egizue, eseri daitezela jakintsuen ikasleen belaunetan; eta, otoitz egingo duzuenean, kontuan hartu zein duzuen zeuen aurrean. Horrela lortuko duzue geroko munduko bizia».
Jesusen erantzuna. Jesusek, erantzun aurretik, gazteak egin dion agurraz hitz egin nahi izan dio, eta terminoak arinegi erabiltzeaz ohartarazi. On bakarra Jainkoa da, esan dio. (Zorionez, garai hartan ez zen existitzen Fedearen Doktrinarako Kongregazioa; honek gaitzetsi egingo batzuen errore kristologikoaz).
Ondoren, erantzuna eman dio galderari, Moisesen bost manamendu aipatuz; bostak bigarren taulakoak, nahiz eta ordena aldatuz eta dekalogoan ez dagoen bat gehituz: «ez duzu iruzurrik egingo».
Gauza bitxia da Jesusek ez aipatu izana lehen taulako manamenduak, guk garrantzizkoentzat emango genituzkeenak: ez izan Jainkoaren lehiakide litzatekeen beste jainkorik, ez ahoskatu Jainkoaren izena gezurretan, eta santutzat hartu larunbata. Jesusen arabera, gure sentierarentzat era aski eskandalagarrian, «salbatzeko», aski da ondo jokatzea lagun hurkoarekin.
Beste protagonistak erantzun dio gazte zenetik bete duela hori guztia. Orduan, txeraz jarri zaio Jesus begira, eta gauza berri bat proposatu dio: utzi dezala alde batera beste bizitzan pentsatzea eta pentsa dezala oraingo honetan, zentzu berri bat emanez. Orain arte, manamenduak beteaz bada ere, bere burua izan du gazteak bere bizitzaren erdigune. Jesusek eskatu diona, norabidez alda dezala da: bere ondasunei uko eginez, bere buruari uko eginez, eta beste jende batek bete behar du zeruertza: lehenik eta behin behartsuek, berehala; segidan, behin betiko, Jesusek, honi behar dio jarraitu betiko.
Gazte aberatsaren erreakzioa. Jesusen egitamua hiru aditzetara mugatu da: saldu, eman, jarraitu. Gazteak ez du saldu, ez du eman, ez dio jarraitu. Urrundu egin da, «oso aberatsa baitzen». Jarrera honekin, ez du galdu betiko bizia (bete ohi dituen manamenduen baitan baitago hori), baina bai Jesusi jarraitzea, eta orain berean, lur honetan berean, bere bizitza bere betera eramatea.
Aberatsa urrunduz doan bitartean gertatu da bigarren eszena. Bere irakaspena osatzeko baliatu da Jesus eszena honetaz; kasu honetan, aberastasunen arriskuaz eta aberatsen problemaz hitz egiteko.
Jesusen hitz hauek: «Bai zaila dela aberatsak Jainkoaren erreinuan sartzea!», argibide bat eskatzen dute. Jainkoaren erreinuan sartzeak ez du esan nahi beste bizitzan salbatzea. Garbi gelditu da hori: manamenduak betez lortzen da bigarren hori, aberats izan ala pobre izan. Jainkoaren Erreinuan sartzeak kristau-elkartean sartzea esan nahi du, bizitza honetan Jesusekiko berarekiko konpromiso seriosa eta iraunkorra hartzea.
Ikasleen harriduraren aurrean, bere irakaspena errepikatu die Jesusek, konparazio ezagun hau gehituz: orratzaren begitik gamelua sartzearena. Erdi Aroan hasiak ziren jadanik interpretazio hau ematen: orratzaren begia Jerusalemgo murruan zegokeen ate txiki bat izango litzateke; baina ate hori ez da existitu sekula; interpretazio horrek ez du nahi Jesusen hitzak leundu besterik, aski era barregarrian leundu ere. Jesusek ekialdeko irudimenaz adierazi du zailtasuna, aberats bat kristau-elkarte batean sartzekoa.
Zer dela-eta harritu eta izutu dira ikasleak? Bi eratan har genezake erreakzio hori: 1) zein salba daiteke?; 2) nola iraun bizirik?
Lehen kasuan, ikasleen burubide edo mentalitate hau islako luke: uste dutenena, aberastasunak Jainkoaren bedeinkazio direla; ondorioz, aberatsak salbatzen ez badira, zein salba daiteke?
Bigarren kasuan, ikasleek pentsatuko zuten, elkarteak ezin iraun duela aberatsak bertan sartzen ez badira, beren aberastasunez elkarteari lagunduz.
Nolanahi den, ematen du, Jesusen erantzunak («Jainkoarentzat dena da posible») bukatutzat eman duela gaia.
Ikasleak: Jesus beste guztien gainetik
Pedroren esku hartzeak ez du zerikusirik aurreko horrekin, baizik eta ikasleen jarrera gazte aberatsaren jarreraren kontrakoa dela agertzen du: «guk dena utzi dugu eta jarraitu dizugu». Orain, zer dagokiokeen jakin nahi du.
Jesusen erantzunak uko egitearen zazpi gauza bildu ditu, erabateko ukoaren sinbolotzat: etxea, anaiak/nebak, arrebak/ahizpak, ama, aita, lurrak. Horrek guztiak izango du bere saria bizitza honetan (ehun ahalako aurreko horietan guztietan, aita-amak salbu) eta, bestean, betiko bizia. Baina, bizitza honetako sariaz hitz egitean, Markosek «pertsekuzioak eta guzti» gehitu du.
Salomonek esan zuen: jakinduriarekin «on guztiak etorri zitzaizkidan, denak batean». Ikasleei, ondasun-ugaritasuna Jesusi jarraitzeak dakarkie.
José Luis Sicre