«Gaiztoak», baina esker oneko
Urteko 28. igandea C (2019-10-13)
Bi «gaizto» esker oneko
Igande honetako irakurgaiak erraz ulertzekoak dira, eta Jainkoarekin esker oneko izatera dei egiten digute. Itun Zaharrekoak eta ebanjelioak antzeko pertsonaiak dituzte protagonista: kasu bietan atzerritar bat. Siriarra da lehena, eta siriarren eta israeldarrek harremanak gaur bezain txarrak ziren orduan. Bigarrena samariarra da; gaur egun palestinarra esatea bezala da hori. Hori gutxi bailitzan, nola siriarra hala samariarra leprak joak dira.
Naaman siriarra (2. irakurgaia: 2 Erregeak 5.14-17)
Erregeen bigarren liburuko kontakizuna (5,14-17), liturgian irakurtzen dugun zatia baino askoz ere luzeagoa eta interesgarriagoa da. Siriako erregearen gortean pertsonaia inportantea da Naaman, baina leprak joa dago. Bere etxean israeldar neska bat du esklabo; honek aholkatu dio, Samariako Eliseo profeta bisitatu beharko lukeela. Halaxe egin du, eta profetak, bidera atera ere gabe, Jordan ibaian zazpi aldiz bainatzeko agindu dio. Tratuaz eta jasotako irtenbideaz biziro haserreturik, Damaskora itzultzea erabaki du Naamanek. Baina bere zerbitzariek profetari kasu egiteko konbentzitu dute.
Igande honetako gaiari begira, garrantzizkoena esker onaren jarrera da:
lehenik profetari: nahiz alferrik jardun, ahalegin guztiz erregalu bat egin nahi izan dio; ondoren Yahveri, Israelgo jainkoari, zeini bere bizitza guztian kultua ematea erabaki baitu. Baina ez gaitezen ahaztu, Naaman atzerritar bat dela, zeinengandik israeldar jainkozale askok ezin izango bailukete ezer onik espero. Halaz guztiz, «gaiztoa» esker onekoa da biziki.
Samariar anonimo bat (Ebanjelioa: Lukas 17,11-19)
Siriarra gaizto bazen; gaiztoagoa zen, Jesusen garaian, samariar bat. Baina Lukasi halakoak leku onean uztea gustatzen zaio. Horixe egin zuen berak bakarrik dakarren samariar onaren parabolan, eta horixe errepikatu du gaurko pasartean. Kontakizun honek Naamanenak baino hobeto islatzen du lepradunen egoera. Gizartetik aparte bizi dira, urruti bizi behar dute, oihuka mintzo dira. Eta Jesusek apaizengana joateko agindu die; izan ere, sendatuak direlako «sendagile-ziurtagiria» hartzen ez badute, ezin itzuli dira herrira bizitzera.
Garrantzizkoa, berriz ere, hau da: hamar direla sendatuak eta bat bakarrik, samariarra, «gaiztoa», itzuli dela Jesusi eskerrak ematera. Eta hitz hauekin bukatu du pasadizoa Lukasek: «zeure fedeak salbatu zaitu». Denak sendatu dira, baina bat bakarrik salbatu. Bederatziek hobetu dute beren osasuna; batek bakarrik hobetu ditu bere gorputza eta espiritua: Jainkoari aintza ematera itzuli da.
Kontzientzi azterketa
Non kokatzen duzu zeure burua? Esker kaskarreko «onen» artean ala esker oneko «gaiztoen» artean?
José Luis Sicre