«Gaiztoak», baina esker oneko
Urteko 28. igandea C (2016-10-09)

«On» batzuk esker kaxkarreko

Igande honetako irakurgaiek leku oso desberdinetan bizi izandako bi esperientzia ekarri dizkidate gogora.
Lehena Jerusalemen 1990ean. Hango kale katramilatuetan apaiz batekin egin nuen topo; clergyman jantzia zuen eta mutiko bat lagun. Espainolez mintzo ziren eta galdu samar ikusi nituen. Hilobi Santura joan nahi zuten, baina kontra bidea hartu zuten. Lagundu nien, eta aipatu apaiza, bideari antzeman zionean, han urrundu zen, ez agur eta ez eskerron, presaka.
Bigarrena Erroman, Escribá monsinorea dohatsu deklaratzeko egun-bezperan. Bi mutiko espainolek, hauek ere galdu samar, autobusa hartu behar zuten Via del Corso-n. Piazza Colonnaraino lagundu nien, eta autobusa ikusi zuten orduko korrika hasi ziren hitzik esan gabe.
Bi esperientziak gertatu zitzaizkidan oso desatsegin, baina laster konturatu nintzen gauza bera egiten dudala neuk ere Jainkoarekin egunero.

Bi «gaizto» esker oneko

Igande honetako irakurgaiak erraz ulertzekoak dira, eta Jainkoarekin esker oneko izatera dei egiten digute. Itun Zaharrekoak eta ebanjelioak antzeko pertsonaiak dituzte protagonista: kasu bietan atzerritar bat. Siriarra da lehena, eta siriarren eta israeldarrek harremanak gaur bezain txarrak ziren orduan. Bigarrena samariarra da; gaur egun palestinarra esatea bezala da hori. Hori gutxi bailitzan, nola siriarra hala samariarra leprak joak dira.

Lepra

Lepra, zentzu modernoan, ez zen zehaztu 1872a arte, A. Hansen norvegiar sendagileak definitu zuen arte. Antzina, azaleko gaixotasun desberdin askori esaten zitzaion «lepra». Levitarren liburuko 13. kapituluan kategoria hauek sailkatzen ditu: handituak, negel edo erupzioak, orbain edo mantxak, azaleko gaitzak, ultzerak, erredurak, buruko edo bizarreko sarna, leukodermia (azalean mantxa zuriak), alopezia. Apaizak kasu desberdinak aztertu behar ditu, pertsona hori garbia ala ez-garbia (sendagarria ala sendaezina) den. «Leprak jotako pertsonak arropak urraturik eramango ditu, ilea harro eta aurpegia erdi estalia, eta “Kutsatua! Kutsatua!” oihu eginez ibiliko da. Gaitzak alde egin arte kutsatua izango da eta bakarrik biziko, kanpalekutik aparte» (Lev 13,45-46).
Gaixoak, sendatzen bada, erritu hau bete behar du: Apaizarengana joango da; honek aztertu eta egiaz sendatu den egiaztatuko du. Ondoren, bi hegazti garbi ekarraraziko ditu, bizirik, zedro-adarrak, purpura gorrimina eta isipua. «Apaizak hegaztietako bat lepo egiteko aginduko du ur isurian dagoen buztinezko ontzi batean. Ondoren, hartu bizirik den hegaztia, zedro-adarrak, purpura gorrimina eta isipua eta busti egingo ditu, bizirik den hegaztia ere bai, ur isurian lepo egina izan den hegaztiaren odolaz. Zazpi aldiz zipriztinduko du gaitzaz garbitzen ari den pertsona, eta garbi dela deklaratuko du. Bizirik den hegaztia libre utziko du landan. Garbitua bere jantziak garbitu, bizarrak erabat kendu, bainatu eta garbi geldituko da. Honen ondoren kanpalekura itzuli ahalko da. Baina zazpi egunez bere dendatik kanpo biziko da. Zazpigarren egunean buruko hilea zeharo kendu, bizarra, betileak, ile guztia ere kendu, bere jantziak garbitu, bainatu eta garbi geldituko da. Zortzigarren egunean, akatsik gabeko arkume bat, akatsik gabeko urteko bildots bat, eskaintzarako hamabi litro irin lore, olioz oratua, eta litro bat olio hartuko ditu [zortzigarren eta azken eguneko errituak jarraitzen du] (Lv 14,1-32, aberatsak eta pobreak bereiziz).

Naaman siriarra

Erregeen bigarren liburuko kontakizuna (5,14-17), liturgian irakurtzen dugun zatia baino askoz ere luzeagoa eta interesgarriagoa da. Siriako erregearen gortean pertsonaia inportantea da Naaman, baina leprak joa dago. Bere etxean israeldar neska bat du esklabo; honek aholkatu dio, Samariako Eliseo profeta bisitatu beharko lukeela. Halaxe egin du, eta profetak, bidera atera ere gabe, Jordan ibaian zazpi aldiz bainatzeko agindu dio. Tratuaz eta jasotako irtenbideaz biziro haserreturik, Damaskora itzultzea erabaki du Naamanek. Baina bere zerbitzariek profetari kasu egiteko konbentzitu dute.
Igande honetako gaiari begira, garrantzizkoena esker onaren jarrera da:
lehenik profetari: nahiz alferrik jardun, ahalegin guztiz erregalu bat egin nahi izan dio; ondoren Yahveri, Israelgo jainkoari, zeini bere bizitza guztian kultua ematea erabaki baitu. Baina ez gaitezen ahaztu, Naaman atzerritar bat dela, zeinengandik israeldar jainkozale askok ezin izango bailukete ezer onik espero. Halaz guztiz, «gaiztoa» esker onekoa da biziki.

Samariar anonimo bat

Gaiztoa siriarra zen; gaiztoagoa, Jesusen garaian, samariar bat zen. Baina Lukasi halakoak leku onean uztea gustatzen zaio. Horixe egin zuen berak bakarrik dakarren samariar onaren parabolan, eta horixe errepikatu du gaurko pasartean. Kontakizun honek Naamanenak baino hobeto islatzen du lepradunen egoera. Gizartetik aparte bizi dira, urruti bizi behar dute, oihuka mintzo dira. Eta Jesusek apaizengana joateko agindu die; izan ere, sendatuak direlako «sendagile-ziurtagiria» hartzen ez badute, ezin itzuli dira herrira bizitzera.
Garrantzizkoa, berriz ere, hau da: hamar direla sendatuak eta bat bakarrik, samariarra, «gaiztoa», itzuli dela Jesusi eskerrak ematera. Eta hitz hauekin bukatu du pasadizoa Lukasek: «zeure fedeak salbatu zaitu». Denak sendatu dira, baina bat bakarrik salbatu. Bederatziek hobetu dute beren osasuna; batek bakarrik hobetu ditu bere gorputza eta espiritua: Jainkoari aintza ematera itzuli da.

Kontzientzi azterketa

Non kokatzen duzu zeure burua? Esker kaskarreko «onen» artean ala esker oneko «gaiztoen» artean?

José Luis Sicre