SENDATZEA (Lukas 17,11-19)
Urteko 28. igandea C 2016-10-09
Ezaguna da pasadizoa. Jesusek hamar lepradun sendatu ditu eta apaizengana bidali, beren familiara itzultzeko baimena eman diezaieten. Horretan amaitzen ahal zen kontakizuna. Baina, ez; haietako baten erreakzioa nabarmendu nahi izan du ebanjelariak.
Behin sendatuz gero, lepradunak ezkutatu egin dira eszenatik. Ez dakigu ezer haietaz. Ematen du ez dela ezer gertatu haien bizitzan. Halaz guztiz, haietako batek «sendatua ikusi du bere burua» eta konturatu da ezen erregalu handi bat egin diotela. Eta Jainkoa sumatu du sendatze haren jatorrian. Bihotz-handi, itzuli egin da «Jainkoa oihuka goratuz» eta «Jesusi eskerrak emanez».
Eskuarki, komentariogileek esker emate bezala interpretatu izan dute haren erreakzioa: beste bederatziak esker txarreko dira; itzuli dena bakarrik da esker oneko. Egia esan, badirudi horixe iradokitzen duela kontakizunak. Halaz guztiz, Jesus ez da mintzo esker onaz. Dio ezen samariarra «Jainkoa aintzatzera» itzuli dela. Eta Jainkoa aintzatzea eskerrak ematea baino zerbait gehiago da.
Pertsona bakoitzaren historia txikian, gaixotasunaren, oinazearen eta atsekabearen proba bizi izan duenaren historian, esperientzia pribilegiatua da sendatu izana, Jainkoa aintzatzeko gure izatearen Salbatzaile den aldetik. Hau dio Lyongo Ireneo santuaren esapide sonatu batek: «Hona zerk duen aintzatzen Jainkoa: bizia bete-betean duen gizakiak». Sendatua izan den lepradunaren gorputz hori Jainkoaren aintza abesten duen gorputza da.
Dena dakigula uste izaten dugu geure organismoaren funtzionamenduaz; halere, gaixotasun larri batetik norbait sendaturik ikusteak harrigarri izaten jarraitzen du. Beti da «misterio» esperimentatzea nola oneratzen den gure bizitza, nola indarberritzen garen, nola handitzen diren gure konfiantza eta gure askatasuna.
Sendatzea bezain errotiko eta oinarrizko esperientzia gutxi bizi izango ditugu, gaitzaren gaineko eta herio-mehatxuaren gaineko biziaren garaipena esperimentatu ahal izateko. Horregatik, Jainkoari, gure izatearen oinarri bezala eta bizi berriaren jatorri bezala datorkigun Jainkoari modu berrian ongi etorri egiteko ahalbidea eskaintzen zaigu sendatuak garela sumatzean.
Medikuntza modernoak jende askori ahalbidetzen dio gaur egun sendatze-prozesua bizi ahal izateko zoria, iraganean baino sarriago. Esker oneko izan behar genuke sendagile horiekiko, baina sendatu zarela sumatzea, aldi berean, Jainkoarekin harreman berriak izateko aukera eta estimulu ere izan daiteke. Ez-axolatik federa igaro gintezke, ukatzetik ongi etorri egitera, zalantzatik konfiantzara, ikaratik maitasunera.
Jainkoari eginiko ongi etorri honek senda gaitzake kalte egiten diguten ikaratik, hutsunetik, zaurietatik. Errotzen ahal gaitu bizitzan era osasungarriagoan eta askeagoan. Sendatzen ahal gaitu oso-osorik.
Jose Antonio Pagola