Urteko 28. igandea C 2019-10-13
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioa ere, Kafarnaumetik Jerusalemerako bidean gertatutako mirari batez mintzo zaigu. Esan nahi da, Jesusek ez dituela mirariak egiten besterik gabe, ez dituela egiten asmo sakon bat betetzeko baizik: ikasleak eta gainerako jendea egiazko bidean jarri nahi du. Mirariak egin, azken betean, fedearen beharra agertzeko egiten ditu. Ez da gelditzen gaitz fisiko bat sendatzearekin. Errepara diezaiogun gaurko ebanjelioko azkenari: «zeure fedeak salbatu zaitu» esan dio lepratik libre gelditu den samariarrari.

Baina ikus dezagun xehekiago pasadizoa. Jerusalemera doala, herri batean sartzean, hamar legenardun irten zaizkio Jesusi bidera, eta «Maisu, erruki zaitez gutaz» hots egin diote.

Ebanjelioak dio, urrun samar gelditu zirela lepradunak, Jesusi errukia eskatzeko. Izan ere, gaixotasun horrek gizartetik urrun bizitzera behartzen zituen gaixoak: familiatik urrun, gizartetik urrun, tenplutik urrun. Bestetik, juduen ustez, bazuen gaixotasun horrek zerikusirik erlijioaren edo moralarekin. Uste zuten, lepra edo legena bekaturen baten ondorioa zela. Ekar dezagun gogora Moisesen Maria arrebaren kasua: Jainkoaren konfiantza osoko Moisesen kontra hitz egin zuelako, leprak jota gelditu zen Maria (Zenbakiak 12,1-15).

Gainera, «Maisu» deitu diote lepradunek Jesusi. Ordurako, lider bat zen, beraz, Jesus. Honek badaki, ondo asko, sentimendu hutsa ez dela ezertako. Lepradunek errukitzeko eskatu diote. Baina lapurrek erdi hilik utzi zuten hartaz ardura handia agertu zuen samariar onaren parabolan bezala, erruki hutsa baino harago joan da Jesus.

Leprak erlijioarekin zerikusia omen duelako, apaizengana joateko eskatu die hamar gaixoei. Legean horrela zegoen arautua. Apaizak egiaztatu behar zuen lepraduna sendatua zela. Orduan joan zitekeen lepradun izandakoa, bai familiara, bai gizartera, bai tenplura.

Hamarrak txintxo abiatu ziren apaizarengana. Bidean, ordea, hamarretarik bat sendaturik sentitu zen. Eta apaiza alde batera utzirik, konturatu zen zeinek sendatu zuen. Eta Jesusi eskerrak ematera itzuli zen. Baina ebanjelioak dio «Jainko ozenki goretsiz» itzuli zela. Eta Jesusen harridura: «Ez al dira hamarrak sendatu? Non dira beste bederatziak? Atzerritar hau bakarrik izan al da gai Jainkoa goresteko?»

Gauza bat da fisikoki lepratik garbi gelditzea. Beste bat sendatze horretan partaide izan den Jainkoaren egintza kontuan hartzea. Horixe egin du samariar honek. Har dezagun kontuan: beste bederatziak judu dira; nahikoa izan dute legea betetzearekin. Jainkoa goratuz Jesusengana itzuli dena samariarra da; atzerritarra juduentzat; gai izan da sendatze fisiko hutsa baino zerbait gehiago ikusteko; ez zaio axola Jesusek agindua, «zoazte apaizagana», betetzea; Jesus bera du bere bihotzean erdigune.

Eta Jesusek esan dio: «zeure fedeak salbatu zaitu, jaiki eta zoaz». Esan nahiz, ez duela aski Jainkoa gorestearekin eta Jesusi berari eskerrak ematearekin. Bizi zaitez duintasunez, esan dio. Zutik.

Lehen irakurgaian ere, lepradun baten kasua entzun dugu. Siriako handiki bat da Naaman. Baina leprak jo du. Badute gortean neskatxa israeldar bat, zerbitzari. Honek gomendatu dio: joan dadila Israela, Eliseo profetagana. Kasu egin dio Naamanen neskatxari. Uste izan du, Eliseok handikiro hartuko duela. Baina ez. Abisua bidali dio: baina dadila zazpi aldiz Jordan ibaian. Duda askoren ondoren, egin du Eliseok adierazia. Eta sendatu da. Naaman ere atzerritarra da; ez du sinesten Eliseoren Jainkoagan. Baina bere burua sendaturik ikustean, bihotza sendatze fisikoa baino harago joan zaio; uste du Eliseoren Jainkoa dela egiazkoa. Israelgo lur-karga bat hartzeko baimena eskatu du. Aurrerantzean ez du adoratuko Israelgo Jauna beste Jainkorik.

Senideok, Jesusek sendatu lepraduna eta Eliseok sendatua, biak dira atzerritar. Biak izan dira gai bihotzeko begiak irekitzeko; biak izan dira gai ikusten dutena baino gehiago ikusteko.

Eta gu? Ohituak gaude errituak errituen gainean ospatzeko. Gai izaten al gara azaleko eta ikusgarri diren erritu horiek adierazten duten ezkutuko eta misteriozko gertakizuna sumatu, ikusi eta bizitzeko, eta Jesusek lepradunari esan dion «zoaz» hori nork beretzat hartzeko?

Jesus, hamar lepradunek errukia eskatu diotenean, konturatu da, ez dela aski sentimendu hutsa. Konturatu da, lapurren eskuetan erori zen hartaz arduratu zen samariar onaren parabolan bezala, pertsonak sentimendua baino harago joan behar duela. Eta guri? Zertara eragiten digu fedeak? Zertara esperantzak? Zertara maitasunak.

Argitu eta lagundu gaitzala Jesusen Espirituak.

Dionisio Amundarain