URTEKO 28. IGANDEA B (2018-10-14)
SARRERA
Senideok, urteko 28garren igandea ospatzen dugu gaur. Bai lehen irakurgaiak, bai ebanjelioak aukera egin beharra proposatzen digute: giza segurtasuna ala Jainkoagan konfiantza. Aberastasunez ala Jainkoaz fidatu.
Jesusek galdezka etorri zaion gazteari bezala esaten digu: Azkeneraino iritsi nahi baduzu, gauza bat duzu falta. Neure buruari egin beharreko galdera da: Benetan nahi ahal dut azkeneraino iritsi?
Txorakeria da pentsatzea, Jainkoak zerbaiti uko egitea eskatzen digula. Kontua ez da zerbait alde batera uztea, baizik aukera ondo egitea.
Baina aukera ondo egiteko bidea, gauzak ondo ezagutzea da. Hobena zer denaz jabetzea da lehen urratsa.
Bi helmuga batera lortu nahi ditugunean, porrota begi-bistakoa izan ohi da. Pertsona bete-betea izatea eta giza segurantza berekoia, biak batera, ezinak dira.
Gaurko ebanjelioko gazte aberatsak segurtatua du mundu honetan bere ongizatea; beste bizitzako ongizatea segurtatu nahi du. Baina bide okerra hautatu du: bere ongizatea bakarrik hautatu, egoismoa. Diruari josirik egoteak galarazi egiten dio Jesusen bidean sartzea.
Senideok, saia gaitezen, Jesusen Espiritua lagun dugula, geure konfiantza Jainko Aita eta Amagan ipintzen. Har dezagun eredu Andre Maria.
LEHEN IRAKURGAIA Jakinduria liburutik (7.7-11)
Jakinduria liburua, Itun Zaharrekoa da; egiletzat Kristo aurreko X. mendeko Salomon erregea ageri da; baina, egiaz, Kristo aurreko lehen mendean idatzia da Jakinduria liburu hau. Garai hartan, ohikoak ziren autoreen izen-aldaketak. Dena den, Salomonen bizitzari erreferentzia egiten dio. Salomon gazteak Jainkoari jakinduria eskatu zion, erreinua gobernatu ahal izateko.
Gaurko pasarte honek gizakiaren bizitzan jakinduriak duen balio handia agertzen digu: urreak eta zilarrak baino balio handiagoa du egiazko jakinduriak. Bi haiek (urrea eta zilarra) jakinduria honen ondoan harea eta buztin dira.
Edozein kasutan, jakinduria honen iturria bikoitza da: batetik, ahaleginak egin behar ditugu jakinduriaren bila; bestetik, Jainkoaren dohaina da. Eta jakinduriaren funtsezkoa egitekoa bizitzan aukera egiten jakitea. Zer aukeratzen dut?
BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkitik (4,12-13)
Jainkoaren Hitzari egindako gorazarre bat entzungo du. Oso ederra da. Hebrearrei egindako idazkiko lehen zatiaren bukaeran dator. Hobeto ulertzeko, ikus dezagun testuingurua.
1─10 kapituluetan, Kristoren goratasuna deskribatzen du: Israeli gertatu zitzaizkion mirarizko gauza guztiak baino goragokoa da Kristo. Esaten digu: «Askotan eta era askotan hitz egin zien Jainkoak antzina gure Arbasoei, Profeten bidez; baina, azken aldi honetan bere Semearen bidez hitz egin digu».
Esaten du ere, Moises bera baino goragokoa dela Jesus; jakin behar da, Profeta handi-handitzat zutela israeldarrek Moises.
Azkenik, idazki hau hartu duten kristauak nekaturik eta erdi etsirik ageri dira. Esaten die, horixe bera gertatu zitzaiela israeldarrei basamortuan. Baina zergatik? Ba, Jainkoaren Hitzari kasurik egin ez ziotelako, federik gabe entzuten zutelako.
Bukaeran Jainkoaren Hitzari gorazarrea dator; gaurko pasartea. Sona handiko pasartea da. Jainkoaren Hitza ezpata zorrotza da; giza bihotzaren zirrikitu guztietara sartzen da, bizia, argia emanez, eta eskakizunak eginez.
Jesus da Hitz hori. Jesus da, Apokalipsia liburuak (5,2.4) esaten digunez, liburua irekitzeko gai dena. Eta Jesus da, liburua irekiz, Jainkoa zer den eta giza bizitzaren zentzua argitu dizkiguna. Gaurko munduan, esan ohi da, bizitzaren zentzuaren falta nabari dela. Ba, zentzu hori Jesusek eman digu. Jainkoaren Semea da, bai, baina gure anaia ere bai.
EBANJELIOA San Markosen liburutik (10,17-30)
Gaurko pasartearen hasiera oso ederra da. Bukaera, ordea, tristea. Aberats bat dator Jesusengana. Betiko bizia lortzeko bidea zein den galdetu dio Jesusi. Honek Jainkoaren aginduen bide arrunta gogorarazi dio. Baina ikusi du, gazteak kezka sakonagoak dituela. Orduan, eskakizun zorrotzagoa egin dio: eman zeure ondasunak pobreei, eta jarraitu niri. Jesusek maitasunez begiratu dio. Begiratu horrekin, dei berezi bat egin nahi izan dio. Aberatsak ez du ulertu begiratu horren xarma; aberastasunei lotuegi dago; begiak lausotuak ditu. Jesusen dei beroa entzutean, atzera egin du aberatsak eta triste joan da. Maitasuna agertu dion Jesusen gonbita onartu ordez, alde egin du. Bere bihotzean ez du sentituko Jesusi jarraitzetik etorri ohi den gozamena.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Eliz agintari edo arduradunen alde: lurreko gauzen aurrean, loturarik gabe, bizitzaren lekuko edo testigu izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristau guztien alde: pentsa ez dezagun, gaurko ebanjelioa santu berezi batzuentzat bakarrik dela; baizik eta kristau guztientzat dela, eta guztiok erabili behar dugula dirua modu santuan. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Derrigorrezko pobretasunean bizi diren hainbat eta hainbat gizon-emakumerentzat: borondate onekoen laguntzarekin, beren zori gaizto horretatik irteten saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Erroman Gazteen inguruan Sinodoa egiten ari direnen alde; bihotz zabalez, ustetsu eta erantzukizunez joka dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.